Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Pikillo piperren: Gehientsuek, adierazitakoa baino kalitate urriagoa

Osorik ontziratutako pikillo piperren zortzi lagin aztertu dira (Dantza, Martínez, La Catedral, Carasusan, Cidacos, Bajamar, Bonduelle eta Lodosa), 235 eta 185 gramo bitarte produktu garbi daukaten latetan merkaturatzen direnak. Pisu garbi xukatuari dagokionez (piper hutsen pisua, alegia), 200 eta 150 gramo bitartean daude laginak.

  Carasusan (lehen kategoriakotzat jotzen du bere burua) eta Bonduelle (nahitaezkoa den arren, kategoriarik aipatzen ez duena) laginek izan ezik, gainerako denek etiketan "apartekoa" idatzi dute, goreneko kategoria, alegia. Pikillo piperra, hau ez da kontu berria, barazki garestia da: hemen aztertutako batzuen (La Catedral) kilo xukatuaren prezioa 2.250 pezetan dabil. Dantza markakoak ere kiloko 2.200 pezetatik gora dauden bitartean, Carasusan eta Lodosa 1.900 pezeta inguru daude, kilo xukatuko. Bonduelle dira merkeenak, 1.327 pezeta kiloko. Gainerakoak, kilo xukatuko, 1.500 pezeta inguru saltzen dira latan. Nutrizioaren ikuspegitik, piperrak berez apenas dauka gatzik eta 100 gramoko 19 kaloria besterik ez du eskaintzen. Karbohidrato urrikoa izaki, gantzik ere ez du kasik, bai ur asko, ordea. Mineral, bitamina -C, bereziki-, eta A bitaminaren aurrendari diren beta-karotenoen ekarpena du piperrak nabarmena. Elikagai osasuntsua da barazki-fruitu hau, hitz gutxitan, obeso eta hipertentsoek onartuko dutena. Halaz ere, gastritis, ultzera edota liseriketa-aparatuan bestelako arazoak nozitzen dituztenek itzuri egin behar diote piperrari, honek hesteetako mukosa narritatu egiten baitu. Beste alde batetik, nahiko irregulartasun larria hauteman dugu lagin hauetan: adierazitako kategoria komertziala eta egiazkoa bi kasutan bakarrik zetozen bat: La Catedral (Apartekoa) eta Carasusan (Lehena) laginetan, hain zuzen. Ontzietan atzeman diren akatsak (azal kiskalia eta kolore gorri hitseko fruituak dira Araudiak xedatzen dituen bakarrak, baina CONSUMERek bestelakoak ere hauteman ditu, hala nola hautsitako piperren eta hazien kopurua, besteak beste) direla medio, Dantza, Bajamar eta Lodosa, aparteko kategoriakotzat agertzen badira ere, egiaz lehen kategoriakoak dira. Are eta okerrago: Martínez eta Cidacos-ek ere apartekoak direla adierazita, bigarren mailara ere ez dira iristen, kategoria komertzialetik kanpo geratu baitira, kalitate-alorreko akatsak direla bide. Bonduelle lagina, amaitzeko, horrelako aipamenik egiten ez duelarik, lehen kategoriakoa da. Baliteke emaitza hauek bestelakoak izatea, marka horiexetako beste lata batzuk aztertu balira baina, legeak agindurik, fabrikatzaileak adierazitako kategoria horixe lata guzti-guztiek bete behar dute.

Osasuntsuak, urdail gaixoberarentzat izan ezik

Energia apurrekoa da piperra (100 gramoko 19 kaloria baizik ez), hein handi batez, ura duelako osagai behinena (%94). Energia-iturriak karbohidrato konplexuak (%4 inguru), proteinak (%0,9) eta gantz urri-urriak dira (%0,2). Zuntza, berriz, dezente aportatzen du piperrak (%1,2), zaintzuriek eta bestelako barazki askotxok baino neurri apalagoan, dena den. Mineralez ari garela, kobre eta potasioaren agerpena handia da, fosforo eta selenioena urriagoa, eta hein txikiago batean, kaltzioa, burdina, magnesioa eta zinka ere aurkitzen dugu piperrean. Sodioa ere kopuru apal-apalean daukanez, gatz gutxiko dieten osagarri izan daiteke fruitu hau.

C bitaminaren iturri oparoa izaki (125 mg 100 gramoko), laranja, limoi edota marrubiaren bi halako eta gehiago du, eta kiwiaren bikoa, kasik. Baina, jakina denez, piperra erre, egosi edo frijitzean, bitamina horren parte bat galdu egiten da. A bitaminaren aurrendari eta barazkiaren kolore bizien eragile den b-karoteno ugari dute piperrek (750 mg 100 gramoko). Kopuruz, apalago datoz B6, B1, B2 eta B3 bitaminak eta, azkenean, E bitamina.

Eragozpen bakarra du piperrak: liseriketa-aparatuko arazoak (gastritisa edo ultzera, konparazio baterako) pairatzen dituenak hobe du piperretik urruntzea, ortuari honek hesteetako mukosa narritatu egiten duelako.

Aleen kopuru eta pisuak

Adierazitako pisu garbia 235 gramo da La Catedral eta Lodosa laginetan, 230 gramo Dantza markakoan eta 185 gramo gainerakoetan. Kasu guztietan ere, egiazko pisua etiketan aitortutakoa baino handiagoa zen. Beste horrenbeste esan behar pisu xukatuari (estaltze-likidoa kenduz gero, piper hutsak pisatzen duena, alegia) dagokionez, lagin guztietan adierazitako pisu xukatua egiazkoa baino txikiagoa zela egiaztatu baitzen, La Catedral laginean bereziki: lata hark, etiketan agertutakoa baino 24 gramo gehiago zeukan. Hitz laburretan, bai pisu garbia bai pisu xukatua zuzenak ziren, Araudiaren araberakoak.

Beste alde batetik, laten barnean (are marka berekoetan ere) baliteke tamaina eta pisu desberdinetako aleak aurkitzea. Aleko, batez besteko pisuei dagokienez, handienak Lodosa eta La Catedral laginekoak dira, ondotik Bonduelle eta Martínez datozkiela (hauetako ale bakoitzak 33 eta 23 gramo bitarteko pisua du, batez beste). Horrenbestez, marka horiexek dira ale gutxien dauzkatenak (7 eta 8 ale). Gainontzeko latek (Dantza, Carasusan, Cidacos eta Bajamar) 9 - 11 piper dituzte, aleak batez beste 15 - 20 gramo pisatzen duelarik. Dastatzaileen iritziz, egokiagoak ziren piper handiak txikiak baino.

Akatsak, kalitatearen adierazgarri

Laginen egiazko kategoria finkatu ahal izateko, produktu honi dagokion Araudiak xedatzen dituen kalitate-irizpideak aztertu ziren, hau da, piperren kolorea eta erretzean kiskalitako azalera. Horiez gainera, Araudian agertzen ez diren beste parametro batzuk ere neurtu ziren, hala nola hazien kopurua edota lata bakoitzean zenbat piper hautsi (hots, betetzeko desegoki) zeuden.

La Catedral markako piper guztiak bakarrik dira fruitu umatuari, onduari berez dagokion kolore gorri-gorria agertzen dutenak, Aparteko kategoriari dagokion araberakoak, alegia. Gainerako latetan, berriz, piper gorri-gorriak eta gorri hitsak tartekaturik agertzen ziren. Dantza, Carasusan, Cidacos, Bonduelle eta Lodosa laginetan, kolore gorri-gorriko piperrak guztiaren %75etik %81era bitartekoak ziren; Bajamar markakoan %59ra iritsi ziren eta Martínez lagineko bitatik bakarra ere ez zen gorri-gorria: erdipurdiko %46an geratu ziren horrelakoak. Zazpi marka hauetako gainerako piperren kolorea gorri hits uniformea zen. Martínez izan zen, horrenbestez, kolore hitseko piper gehiago zekartzan lata bakarra.

Piperra erretzean, kiskali eta barazkiari itsatsirik geratutako azalaren tamaina zen beste irizpideetako bat: lagin guztietan agertu ziren horrelako aztarnak. Aparteko kategorian, piperren 100 gramoko zentimetro karratu bat da kiskalitako azalaren gehieneko kopuru onartua; lehen kategorian 1,5 zentimetro eta 2 zentimetro bigarrenean. Martínez (2,8 zentimetro karratu kiskali zituela) eta Cidacos (2,5 zm2) muga horiez gainetik zebiltzanez, arauz kanpokotzat eta kategoria komertzialetik kanpokotzat jo behar ditugu. Latako piperren kategoria zehazten duen beste alderdietako bat -nahiz Araudiak horrelakorik jasotzen ez duen- hazien kopurua da. Lagin guztietan aurkitu ziren haziak, baina gehien zituen lata Carasusan lagina izan zen (117 hazi 100 gramoko), ondotik Bajamar (87 hazi 100 gramoko) zetorkiola. Kalitate goreneko laginak Lodosa eta Martínez izan ziren: 40 hazi inguru 100 gramo bakoitzeko.

Pikillo onak ager dezakeen balio nagusienetako bat, agian, osorik azaltzea da. Betetzeko unean eragozpenak sor ditzaketen ebaki edo zulo handiak dituzten piperrak jotzen dira hautsi edo puskatutzat. Lodosa da horrelako alerik ez zuen lagin bakarra. La Catedral eta Bajamar markakoek guztien %5 bakarrik agertu zuten puskaturik. Beste muturrean Martínez, Carasusan eta Bonduelle nabarmendu ziren: piper denetan bostetik bat baino gehiagok ebaki eta urradurak agertu baitzituzten. Gainontzeko laginetako piper hautsiak, %5 eta %10 bitarte zeuden. Bestetik, piper zulatutzat jo ohi da betetzea galarazten ez duten txulo edo urraketak agertzen dituena. Martínez markako piperrak ziren zulogabeak (gogora dezagun aleetako asko puskaturik agertzen zirela, ikusi berri dugunez). Bonduelle, Cidacos eta Bajamar laginetako piperren %26, %24 eta %18 zulodunak dira. Dantza, La Catedral eta Lodosa nabarmentzeko modukoak ditugu, aleen %6a baino gutxiago zeudelako zulatuak. "Bestelako akatsak" bataia dezakegun atalari doazkionez, azkenik, Martínez laginean txorten edo pedukulua aurkitu zen eta zizare bat (piperrekoa) Cidacos firmakoan. Honakoa ez da produktua lantzean izaniko higienerik ezaren ondoriozko poluzioa, zizare edo har hori lehengaian inoiz ager daitekeen kalitate-alorreko arazoetako bat baizik; baina arazo hori ere ondorengo kontroletan hauteman behar da.

Bost laginek, adierazitakoa baino kalitate urriago

Laginek ontzietan adierazten dutenez -Carasusan (lehen kategoriakotzat jotzen baitu bere burua) eta Bonduelle (horrelakoren aipamenik egiten ez baitu) izan ezik- denak dira aparteko kategoriakoak. Halaz ere, laboratorioan eginiko azterketaren emaitzen arabera, adierazitako kategoriakoak diren lagin bakarrak La Catedral (apartekoa) eta Carasusan (lehena) dira. Gainontzekoetan, aitorturiko kategoria eta egiazkoa ez datoz bat.

Esate baterako, Dantza, Bajamar eta Lodosa laginen egiazko kategoria lehena da, eta ez apartekoa (hala adierazten duten arren). Jaitsiera horren arrazoia kolore-alorreko akatsak (ale guztiek gorri-gorriak izan beharko luketen arren, kolore hitseko piper ugari daude ontzian) eta aparteko kategorian onartutako azalera baino azal kiskali gehiago agertzen dute piperrek. Baina okerrena ez da hori; okerrena da Martínez eta Cidacos -bien etiketan aparteko kategoria irakurtzen dela-, bigarrenera ere ezin direla iritsi. Azkenean, inolako kategoria-adierazpenik egiten ez duen arren (aipamen hori betebeharrekoa bada ere) Bonduelle lehen kategoriakoa da. Kasualitatez edo, Araudiak kontuan hartzen ez dituen baina laboratorioan hauteman diren akatsak eta Araudiak aintzat hartzen dituenak bat datoz, hein handi batez. Bestela esateko, azterturiko akats guzti-guztiak balorazioan sartu balira, legeriak xedaturiko bi irizpideak bakarrik ebaluatu ondorengo puntuazioa berbera jasoko luke lagin bakoitzak.

Gogoan izan dezagun, piperra produktu naturala izaki, erabateko homogeneotasunik lortzea ezinezkoa denez, balitekela emaitzetan marka bereko lata batetik bestera aldeak hautematea; hala eta guztiz ere, adierazi duen kategoria eta produktuak egiaz duena lata guzti-guztietan bat izan daitezen ardura du fabrikatzaileak. Horixe da, hain zuzen ere, elikagaien ekoizpenean diharduten enpresetan ezarri diren kalitatea kontrolatzeko sistemen helburuetako bat.

Etiketa: bai, baina...

Laginetako etiketak, oro har, zuzen daude, adierazi beharreko datuak kartoizko ontzian agertzen baitira: "pikillo piperrak" (espainolez), fabrikatzailearen izen eta helbideak, pisu garbi eta xukatuak, kontsumo-data egokiena, osagaien zerrenda eta piperrak agertzen duten itxura ("alea osorik", kontsumitzailea nahas ez dadin). Kategoria adieraztea ere betebeharrekoa denez, marka guztiek -Bonduelle laginak izan ezik- halaxe egin dute, hori bai, goian aipaturiko irregulartasun horiekin. Dantza, La Catedral eta Lodosa laginek, gainera, beren piperrek "Piquillo de Lodosa" jatorri-izendapena dutela erantsi dute. Bonduelle eta Dantzak etiketan nutrizioari buruzko datuak sartu dituzte.

Osagaiei goazkiela, lagin gehientsuak pikillo piperrak, gatza eta azido zitrikoa (E-330) baliaturik fabrikatu dituzte. La Catedral markakoak gatzaren berririk ez ekartzeak horrelako produktua dela pentsatzeko bide ematen digu. Lodosa firmak, gatzaren ordez azukrea gehitu du (piperraren garratza arintzeko, agian; halaz ere, eginkizun hori betetzen duen zitrikoa erabili darabil bere formulan). Azidulatzaile onartua izanik, zitrikoak produktua zapore garratzaz janzten du eta, batera, kolore-galera eta C bitamina suntsitzea eragozten du. Azido zitrikoaz gainera, Cidacos eta Lodosa laginek kaltzio-kloruroa (E-509) ere ipini dute produktuan: legeak onartzen duen sustantzia horrek fruta eta barazkien ehunak tinko, gogor, mantentzen ditu. Osagaien zerrenda egitean, azido zitrikoaren aurretik "azidulatzailea" jarri behar da, eta kaltzio-kloruroaren aitzina, berriz, "gogortzailea", biak ere gaztelaniaz. Bonduelle da betebehar hori hutsik utzi duen marka bakarra.

Dastaketan, erdipurdiko pikillo gehiegi

Dastatzaileek beren iritzi eta balorazioa emateko orduan kontuan hartu zituzten alderdiak hurrengo hauek izan ziren: itxura (kolorea, tamaina, osotasuna, hazien eta azal-pusketen agerpena), usaina, zaporea (bizitasuna, ke-zaporea, minak eta zapore arraroak) eta, azkenik, ahoko ukitua.

Mahaikideek nahiago izan zuten tamaina handiko piperra, kolore gorri ilunekoa, usain eta zapore bizikoa, barazkiari berez dagozkionak. Emaitzak, oro har, erdipurdikoak izan ziren: zortzi laginetatik notable bakarra eta beste hiru, aprobaturaino iritsi ezinik. La Catedral (8 puntu) laginak osotasunezko puntuaziorik garaiena erdietsi zuen, parametro guztietan ere nota hoberenak lorturik, hurrengo arrazoiak bide: bertako fruituen kolore gorri iluna eta tamaina handiarengatik, hazi askorik ez zeukatelako eta ke-ukituz aberastutako zapore bizi eta mintsuagatik, denetan piperrik gogor edo tinkoenak izateaz gainera. Dantza eta Lodosa, puntuazio apalagoa eraman zuten arren, ongi baloratuak izan ziren (seina punturekin). Aprobatuak ozta-ozta izan ziren Bonduelle eta Bajamar (bost puntu bakoitzak). Eta denetan balorazio eskasena merezi izan zuten laginak, Cidacos, Martínez eta Carasusan izan ziren, launa punturekin. Ikusten denez, dastaketan agertutako emaitzak eta laboratorioan zehazturiko kalitate-mailak, hein handi batean, berdintsuak dira. Aukera politenak La Catedral (garestia den arren, kalitate handi-handiko produktua agertzen duelako) eta Bajamar (preziorik merkeenean kalitate-maila onargarria eskaintzen duelako) gertatu ziren.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto