Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Barotraumatismoa, belarriko gaitz arrunta

Nork ez du noizbait belarriko gaitzen bat izan? Organo hori hain da konplexua eta sentibera, ezen nekez aurkituko baitugu galdera horri ezetz erantzuten dion inor.

  Adituek diotenez, hainbat patologiak eragiten diote belarriari eta barotraumatismoa aipatzen dute guztiek ohikoenen artean. Barotraumatismoa presio-aldaketek eragiten dute, airean zein uretan eta erdiko belarriari eragiten dio batez ere (kasuren batean barruko belarriari ere bai) eta modu arinean agertu ohi da gehienetan: arnas-bideetako infekzioa dutenek, urpekaritzan aritzen direnek, hegazkineko bidaiariek edo besterik gabe autoz mendi aldean ibiltzen direnek belarria itxita sentitzen dute. Kasurik gehienetan berez desagertzen den arren (ordu batzuetako edo egun bateko kontua izaten da asko jota), baliteke lau egun baino gehiago irautea eta tronparen butxadurak eta presio-desorekak ezko-isuria eragin dezake erdiko belarrian; horrek medikuaren tratamendua eskatzen du.

Errinitisa, faringitisa, sinusitisa...

Eustakioren tronpa erdiko belarria eta errinofaringea lotzen dituen bidea da. Erdiko belarria aireztatu eta barruko presioa atmosferakoaren antzeko egiten du. Katarroa harrapatzean edo goiko arnas-bideetako infekzioa (errinitisa, faringitisa, sinusitisa...) edukitzean, kaltea izan dezake tronpak eta itxi ere egin daiteke, hanturaren edo gaixotasun horiek eragiten dituzten jariaketen ondorioz; orduan aldatu egiten da erdiko belarriko presioa eta sentsazio arraro bat sentitzen da, zientifikoki barotraumatismo deitua. Baldintza normaletan, Eustakioren tronpak egokitu egiten du tinpano-kutxako presioa kanpoko presiora, aharrausi egitean, murtxikatzean eta jakiak eta listua irenstean aktibatzen diren ireki-ixteko mekanismo fisiologikoen bidez. Gizakiak 40 segunduz behin irensten du esna dagoenean eta bost minututik behin lotan badago. Espezialistek modu alternatibo bat gomendatzen dute presio aldaketei aurre egiteko: "Valsalva ekintza"ren bidez tronparen irekiera behartzea. Horretarako, ahoa eta sudur-zuloak ondo itxita, zintz egiten da eta airea sartzen da belarrian.

Hegazkineko bidaiak eta urpekaritza

Kolpetik altuera aldatzeak eta urpekaritza bezalako kirolek eragiten dute belarriko barotraumatismoa. Itsasoan presioa 760 mmHg-koa da eta zenbat eta altuera handiagoa, gutxitu egiten da. Horrela, igotzerakoan belarriko barne-presioa egokitzeko adina denbora izan ez bada, erdiko belarriko barotraumatismoa gerta liteke. Hegazkineko bidaietan arrisku handiagoa izango dute hegazkina behera datorrenean lo daudenek, hegan egiteko ohiturarik ez dutenek eta errinofaringeko katarroa, alergia eta kongestioa duten pertsonek; kasu horietan urriturik izaten da tronparen iragazkortasuna. Beste hainbeste gertatzen zaie urpekariei ere, baina horiek uretara egokitu beharra dute, eta uretako presioa askoz ere bortitzagoa da airekoa baino. Uraren presioak tinpano-mintza apurtzea ere eragin dezake eta horrela, belarri barruan ura sartu eta uraren tenperaturak labirintoa estimulatzea. Ondorioa izugarria izan liteke: urpean desorientatzea.

Kontuz garbitasunarekin

Barotraumatismo mota berezi bat belarriak garbitzean nahi gabe gertatzen dena izaten da. Belarria bihurgunetsua da barrutik eta ezko edo argizari itxurako sustantzia jariatzen duten glandula batzuk ditu. Ezko hori kasu batzuetan belarrian pilatu egiten da eta, areago, baliteke belarria ixtea ere. Zenbait pertsonak arretaz egin behar izaten du garbitasuna ezkoa gogortu eta benetako tapoia sor ez dadin. Gehienetan, hala ere, normalean baino gutxiago entzuten dela sentitzen da, besterik gabe.

Tapoiok biguntzeko, farmazietan saltzen diren tanta batzuk edo, besterik gabe, oliba olio apur bat botatzen da belarrira. Biguntzen denean, ur epela injentatzen da jeringa berezi baten bidez eta ezko-ondarra atera egiten da. Operazio konplexua izaki, medikuak egitea komeni da, ura presio handiegiarekin sartuz gero tinpanoa kaltetu edo apurtu ere egin daiteke eta.

Belarria, sistema konplexua

Kanpoko entzumen-bideak tinpanora proiektatzen ditu soinu-uhinak eta han sortzen da lehen bibrazioa. Erdiko belarriko hezur txikien katean zehar, uhindura horrek zelula akustikoak suspertzen dituen mekanismo delikatu bat aktibatzen da. Zelula akustikoetan presioaren energia bestelako indar bihurtzen da eta nerbio akustikoaren bidez burmuineraino iristen da.

Sentsazio akustikoaren jatorria belarrian kokatuta dauden soinuen transmisio- eta pertzepzio-sistemen jarduerarekin lotuta dago. Transmisio-aparatuak soinu-energia barruko belarriaren egituretaraino eramaten du eta sentimen-bukaerak suspertzeko moduko bihurtzen du energia hori. Transmisio sistema hori belarriko pabilioiak eta kanpoko entzumen bideak osatzen dute. Bi horiek soinu-energia handitzen duten inbutu moduko bat dira (tinpanoaren mintzera iristean bikoitza da). Bestalde, tinpanoko mintzak solte eta zorrotz bibra dezan eta hezurtxoz osatutako katean zehar uhina heda dezan, beharrezkoa da tinpanoaren alde bateko eta besteko presioa orekatua izatea.

Sintomak:

  • Belarriko mina eta otalgia, presioaren arabera intentsitate ezberdinekoak.
  • Gutxiago entzutea eta hipoakusia, belarria itxita izatearen sentsazioa.
  • Akufenoak, etengabeko eta aldizkako soinuak, txistu, burrunba, kanpai-hots, urjauzi eta antzeko zaratak.
  • Belarri barruan likidoa dagoela sentitzea.
  • Kasurik larrienetan tinpanoa apurtzeak barne-hemorragia (otorragia) eragin ohi du eta barruko belarria kaltetzen bada, zorabio-koadroak gerta litezke.

Tratamendurik onena, prebentzioa:

  • Goiko arnasbideetako gaitz akutua (hotzeria, alergia, sinusitisa) izanez gero, ez hegazkinean ibili. Bidaia atzeratu ezin bada, hegaldiaren aurretik sudurreko baso-uzkurtzaileak erabiltzea gomendatzen da mukosetako kongestioa arindu eta Eustakioren tronpa irekitzeko.
  • Ez lorik egin hegazkina lurreratzen ari den bitartean.
  • Lehen sintomak (belarriak itxita edo beteta dauden sentsazioa) izatean, Valsalva operazioa egin behin eta berriz: ahoa eta sudur-zuloak ondo itxita zintz egin eta belarrian airea sartzea behartu.
  • Hegazkineko bidaietan eta autoz mendi-portuak igo edo jaistean belarriak ixten zaizkizula sentitzen baduzu, mastekatu txiklea, irenste- eta mastekatze-mugimenduek erraztu egiten baitute tronpa irekitzea.
  • Barotraumatismoa aipatutako sintoma guztiekin izanez gero, medikuarenera joatea komeni da.
  • Belarrietan ezko ugari izaten dutenek sarri-sarri garbitu behar lituzkete kotoizko hagatxoekin, baina oso barrura sartu gabe, tinpanoa ez kaltetzeko.
  • Oliba olio tanta pare batekin errazago egingo da garbiketa.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto