Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
EROSKI CONSUMEReko kanalak
Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Psikologia
Oporrak amaiturik, udako eguneroko bizitza goxoak eragindako alferkeria astindu eta berriro bakoitza bere ohiko betebehar eta ordutegira bueltatzeko garaia da, aste batzuk lehenago eginkizun horiek oroitzapenik txarrenen zakuan gorde bagenituen ere.
Maletak desegin berri, guraso askok beste kezka bat sentitzen du (lanarekin eta errutinara itzuli beharrarekin erlazionaturikoez gain): seme-alabek ikasketak hasi behar dituzte berriro. Eta ez litzateke eskolarako itzulera arazo bihurtu den lehen aldia izango. Zenbait kasutan oso gaizki hartzen dute umeek eguneroko martxara itzuli beharra. Emozioz beteriko uda goxoaren irudiak biraka dituzte oraindik buruan eta latz egiten da horiek baztertu eta agian monotonoa izango den jarduera akademikoan zentratzea. Gainera, liburu eta eskolarako bestelako materialetan egin beharreko gastuak udan bururik gabe xahutu dugula gogoraziko digu. Iritsi dira presa, goiz jaiki beharra, etxeko askorentzat ordutegi zurrunegiak izatea. Estres orokor horrek errukirik gabe egiten digu eraso eta denboraz jabeturik, ez dugu ia astirik izango semea edo alaba eskolara bidaltzearen esanahi sakonaz eta horrek gurasoei eskatzen dien konpromisoaz gogoeta egiteko. Izan ere, ikastetxeak gure seme-alaben garapen intelektual, kultural eta soziala bermatzeko tresna gisa aurkezten bazaizkigu ere, hezkuntza-prozesu horren arrakasta lortuko bada, ezinbestean elkarlanean eta konpromiso berarekin jardun beharko dute hiru aldeek: Gurasoek, seme-alabek eta irakaslegoak.
Ez dago ondorio orokorregirik ateratzerik. Eskolara itzuli beharrak ez du pisu bera eskolan gustora dabilen umearentzat (asko eta asko desiatzen izaten dira itzultzeko) edo eskola ia-ia torturatzat hartzen duenarentzat; eta ez da gauza bera benetako bokazioa izan, bere arlo ondo menperatu eta umeak maite dituen maisu-maistrarentzat eta dagoeneko irakasteaz aspertu den, arazo pertsonalak dituen eta bere lanaren eraginkortasuna zalantzan jartzen duen irakaslearentzat; eskolarako bueltak ez du esanahi bera gurasoek eskola hezkuntza-ahalegin bateraturako oportunitate gisa ikusten badute, edo alderantziz, seme-alabak ordu batzuez trabatik kentzeko modu gisa ulertzen badute. Onartu beharra baitago, denetik dagoela. Seme-alaben heziketaren ardura irakasleek bakarrik dutela uste du oraindik zenbait gurasok eta aski dela etxean gizalegearen araurik nagusienak "gogoratzea": mahaian ongi portatzen ikasi, gauzak mesedez eskatu, ordutegiak bete, "helduen" elkarrizketak ez moztu, txukunak izan... Arau garrantzitsuak dira, baina ez dira aski. Gurasoek partehartze handiagoa izan behar dute seme-alaben heziketan. Hezitzaile askok esaten du eskolan umeak printzipe izateari utzi (etxean hala baitira) eta pertsona arrunt bihurtzen direla, "beste bat gehiago" baitira han.
Bestalde, eta besterik badirudi ere, gurasoen eta eskolaren arteko loturarik ezak ez du konpontzeko itxurarik. Eta badira arrazoiak: irakasle eta gurasoen artean hitzorduak jartzeko agenda-arazoak, ikasgeletako masifikazioa, zenbait gurasok hezkuntza irakasleen eginkizuna dela uste izatea -"horretarako ordaintzen baitugu"-, "bakoitzak berera" leloa defendatzen duten guraso eta irakasleen erosokeria, irakaslegoak gizarte-prestigioa galtzea, telebistaren eragin indartsua... Gurasoek zein irakaskuntzako profesionalek, argumentu ugari izango dute egoera honen zergatia azaltzeko. Baina begira diezaiegun gaur umeei.
Eskolara itzuli beharraren aurrean umeek izaten dituzte sentsazioak ez dira besterik gabe sortzen. Gurasoek zeregin garrantzitsua dute seme-alabak eskolako ordutegiaren disziplinara itzuli eta ekintza mota (ludikoetatik serioagoetara) aldatzeko behar bezala motibatzen. Erabakigarria da gurasoek benetan eskolarekiko aldeko jarrera izatea (urte guztian, ez garai honetan bakarrik). Guraso asko ez da jabetzen eskolari buruz seme-alabei helarazten dizkioten bibrazio txarrez. Umearentzat eskola gauza positibo eta atsegina izan dadin, urrats handia litzateke gurasoek ere ikuspegi hori bera izan eta seme-alabei irudi on hori kutsatzea. Inork ez du joan nahi izaten fama txarra duen, ia ezer baliagarririk irakasten ez duen eta irakasle gisa nagiak eta motibaziorik gabeko profesionalak dituen leku batera. Horixe da, hain zuzen ere, zenbait gurasok eskolaz duen irudia. Eta hau, penagarria izanik ere, ez da txarrena. Pertzepzio oker hori transmititzen diote seme-alabei. Eta ideia horrekin ia ezinezkoa da egunero ikastera pozik eta motibazioz joan daitezen lortzea. Erabat alderantzizkoa da guztioi komeni zaiguna: gurasoek eskola edo ikastetxeko arduradunak eta euren seme-alaben irakasleak ezagutzea, ikastetxearen gestioan parte hartzea, ikasketez eta euren garapen pertsonalari buruz umeekin sarri hitz egitea, eskolako arazoez eta bizitza akademiko, profesional eta sozialaz interesa azaltzea, egunero ikasi dutenari buruz seme-alabei galdetu eta etxerako lanak egiten laguntzea, umeek irakasle, gainerako ume eta eskolako bestelako langileekin dituzten harremanez interesa erakustea, ... Azken batean, irakasleek eta umeek egiten duten lanaren irudi positiboa barneratu eta hedatu behar genuke gurasook. Horrelaxe lortuko dugu umeak lan garrantzitsua eta merezi duena egiten duela sinistea. Eta ez dezagun ahaztu etxean ume eta gazteen emaitza akademikoak baloratzea bezain garrantzitsua dela kulturarekiko interesa, irakurketarekiko maitasuna, jakinmina, gogoetarako joera eta erabakiak hartzen ikasteko ohitura, kritika konstruktiboa ulertzen jakitea eta ahozko espresioa hobetzen laguntzea.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa