Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Azaleko gaia

^

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Uraren prezioa Estatuko hamalau hiritan aztergai: Bartzelonan eta Murtzian, uraren prezioa beste zazpi hiriburutakoaren bikoa da

Bestelako ondorioak ateratzen

Aurtengo tarifak eta 1998koak elkarrekin alderatuta, gehikuntzarik handienak Malagan (%6), Bilbon (%4) eta Murtzian (%3) jazo zirela ondoriozta dezakegu. Deigarri da, era berean, aurten ura garestitu ordez, tarifak %3an jaitsi dituen hiria Gasteiz izatea, hiri horrexek baitzituen tarifarik merkeenak joandako ekitaldian. Egiaztapen bat egin beharra dago, beste alde batetik: hiri garestiak kontsumo-mota guztietan (apalean, normalean, altuan eta oso altuan) garesti direla agertzen da behin eta berriro; beste horrenbeste gertatzen da zerbitzu merkeagoak eskaintzen dituztenekin. Beste alde batetik, Malaga eta Alacanteko joera arras bestelakoa bada ere, beren tarifen bitartez hiriek ez dute sustatzen zentzuzko edo neurriko kontsumoa egitea. Eta, horretarako bideak badituztenez, hala egin lezakete (aipaturiko bi hiriok egiten duten bezala) ur gutxien darabilten familiei zerbitzua eta hornikuntza gutxiago kobratuz edota gehiegizko gastua zigortuz. Alderantziz ordea, zenbat eta metro kubiko gehiago gastatu, hainbat eta (fakturan agertzen diren kontzeptu guzti-guztiak barne) tarifa merkeagoa kobratzen dute hiri gehienek. Kasu horixe ikusten dugu Bilbon (urtean 120 metro kubiko kontsumitzen dituenak 180 pezeta ordaindu beharko ditu metroko; 280 metrotaraino joanez, 138 pezeta bakarrik kostatuko zaio ur-metro kubikoa) eta Valentzian (balizko kasu horiexetan, uraren prezioak 195 eta 144 pezeta dira eta), besteak beste. Estatu espainiar osoan arras ondasun urria delarik, ur-kontsumoaren ikuspegitik biziki politika eztabaidagarria -era apalago batean bada ere- daramate beste hiri zenbaitek: Murtzia, Castelló, Iruñea, Donostia, Burgos Logroño eta Santanderrek, esate baterako. Gasteizek prezio bakarra du ezarrita metro kubikoko (merke-merkea, izan ere: 81 pezeta baizik ez metroko) kontsumoa arrunt handia edo biziki urria bada ere. Bartzelona eta Madrilen ere, ur-prezioa ez da biziki aldatzen kontsumo edo gastuaren arabera.

Kontsumitzen den kopuruan uraren prezioak eraginik ez duela ere egiaztatu dugu. Horrela agertzen da, nabarmen, Gasteizen (urik merkeena eta, batera, kontsumo-indize apalena ditu: 41 metro kubiko urtean laguneko, batez beste) eta Murtzian: nahiz ura garesti hornitzen den, kontsumorik handiena gertatzen da bertan, 68,5 metro kubikoraino iristen direlako murtziarrak urtean biztanle bakoitzeko. Erabiltzaile gehientsuek ez omen dituzte lotzen elkarrekin erralitate horren bi alderdiak, hots, ur asko xahutzea, alferrik galtzea, eta familiaren ekonomiak pairatu beharreko gehiegizko gastua. Ezinbesteko likidoak egun duen prezioa ikusita, ordea, kontuan hartu beharko luke erabiltzaileak batere baliatu gabe ostera joaten den ur-kopurua ere ordaindu behar izan duela. Ur-kontsumoa %30ean murriztea (alferrik irekita uzten den txorrota, arropa-karga gutxirekin martxan jartzen diren garbigailuak, sekula konpontzen ez diren ihesak, lau platerekin abiarazten dugun baxera-garbigailua, ertzeraino betetzen ditugun bainerakadak, lorategia eta belazeak eskuzabal garastatzea bero gehien egiten duenean...) erraz lortzeko moduko ahalegina litzateke eta, gainera, eta etxe bakoitzari milaka pezeta askotxoren aurrezkia ekarriko lioke murrizketa horrek. Hori ez ezik, 1999 urtea bereziki lehorra gertatzen ari denez, Estatu espainiarreko eskualde askotan urri-urria den ondasun natural horren zentzuzko erabilera eskertzekoa izango litzateke, nolanahi ere.

Balizko lau kasutako urteko tarifa

CONSUMER-ek kalkuluak egiteko abiapuntua hartu duen gunea hauxe da: azterturiko 14 hirietako bakoitzean, familia batek lau balizko kasutan ordaindu beharko lukeen prezioa kalkulatu behar da, ur-kontsumo apala (120 metro kubiko urtean), arrunta (160 metro kubiko), altua (200 metro kubiko) eta oso altua (280 metro kubiko) eginez. Tasa horien barnean, ur-kontsumoa ez ezik, berari dagozkion hainbat zerbitzu ere sartuta daude, hala nola hondakin-uren tratamendua, estolderia, saneamendua edota kontagailuen alogera, besteak beste.

Lagun eta urteko ur-kontsumo bidezkoa 40 eta 50 metro kubiko bitartekoa dela balioetsi ohi da. Txosten honetako lau hipotesiak, hiru kidek osaturiko familia normal batek egiten duen ur-kontsumo ertainari (urtean 120tik 160 metro bitartera) dagozkio; bigarren familiak, handixeagoa (lauzpabost kidek osatutakoa) izaki, urtean 200 metro kubiko ur gastatuko luke; azkenik, sei-zazpi-zortzi laguneko etxebizitzako kontagailua letorke, urtean 280 metro kubiko erregistratzen dituena.

Ur-hornikuntza kudeatzen duten erakundeek ur-kontsumoaren tasak xedatzeko sistema guztiz desberdinak aplikatzearen ondorio edo eraginez, kontsumo-zerrenda bakoitzeko prezioak erkatzean, uraren garestitzeari buruzko ranking honetan hiriek bestelako tokiak bete litzakete. Bestelakoa frogatu da, ordea: uraren prezioaren batezbesteko orokorrean garestienak ziren hiriak (Bartzelona, Murtzia eta Valentzia) eta merkeenak (Gasteiz, Logroño, Burgos, Santander eta Donostia) kalkulaturiko balizko lau kasuetan ere bat datoz, praktikan. Baldin badaude ere, bakan-bakanak izan dira salbuespenak.

Urik garestiena, Bartzelonan eta Murtzian

Bartzelona eta Murtzia dira, ur-prezioei goazkiela, aparteko kasua, gainontzeko hirietakoak aise gainditzen baitituzte bi horiek. Balizko kasurik arruntenaz ari garela, hau da, urteko 160 metro kubikoko kontsumoa (hiruzpalau kideko familia), Bartzelonan eta Murtzian urtean 34.000 inguru pezeta oraindu beharko liratekeen bitartean, hurrengo hiri garestiena Valentzia litzateke, baina 28.000 pezetatik ere jaitsi beharko genuke horretan. Ondotik Bilbo letorkioke, 27.000 pezeta baino gutxiagoko fakturarekin. Eta kanilako urarengatik eta berarekin lotura duten zerbitzu guztiengatik herritarrei diru gutxien eskatzen dieten hirien peskizan ari garela, Gasteizaino joan beharko dugu, balizko familia horri 13.000 pezeta besterik ez bailitzaioke kobratuko, hau da, Bartzelona edo Murtzian indarrean dagoenaren erdia, hortxe.

Ur gehien kontsumitzen duten etxebizitzek (urteko 280 metro kubiko: sei kide edo gehiagok osaturiko familietan ohiko erabilera-indizea baita hori) ordaindu behar dituzten tarifak elkarren aldean jarriz gero, Bartzelonan urteko 61.500 pezetaraino iritsiko lirateke. Garestienetan, ondotik Murtzia datorkio, urrutitik bada ere: urtean 53.500 pezeta eskatuko litzaizkioke hiri horretako biztanleari. Hariaren beste muturrean Gasteiz, Logroño eta Burgos daude, zergapekoari urtean 25.000 pezeta baino gutxiago eskatzen diote eta.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto