Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Sagar eta tomateak, ekologiko eta konbentzionalak: Ekologikoak, izurrilkarien arrastorik ez baina zaporez berdintsu

Ingurugiroarentzako errespetu zorrotza oinarri harturiko ustiakuntza-metodoen arabera diharduen nekazaritza ekologikoaren bidez erdiesten direnak dira fruitu ekologikoak. Nekazaritza-mota hau ez da bestea bezain intentsiboa eta ez darabil ongarri inorganikorik, ez eta izurrilkaririk ere.

  CEE 2092/91 Araudiak "ekologiko" terminoa bakarrik ezagutzen du eta ez du onartzen ohiko (eta kontsumitzailea nahasteko baliatzen diren) "biologiko", "bio", "natural" edota "organiko" bezalako esapiderik. Azterketa honetan Golden sagar-mota ekologikoko hiru lagin eta sagar konbentzionalen beste horrenbeste lagin ikertu dira, batetik; bestetik, entsaladarako tomate ekologikoen bi lagin eta beste bi, tomate konbentzionalenak. Denak ere Madrilgo eta Bizkaiko establezimenduetan eskuratu dira. Lagin guztiak baliokideak dira, tamainaz eta kalitatez. Tomate eta sagar ekologikoen eskaintza urria izatean datza oraingo lagin-kopuru txikiaren arrazoia: horrek berez adierazten digu produktu ekologikoen banakuntza, oraindik ere, oso fase apalean dagoela. Espero zen bezala, bilatu diren izurrilkarien aztarna edo arrastorik ekologikoetan (hauek, batez beste, baliokide konbentzionalak baino ia %50 garestiago ohi dira) ez da aurkitu. Lagin konbentzionaletako bitan (tomate- eta sagar-lagin banatan, alegia), berriz, agertu egin dira. Horietako batean (tomatean), gainera, arauak ezarritako muga dezente gainditurik zegoen: horrek, dudarik gabe, kontsumitzailearen osasuna arriskutan jartzen du. Izurrilkarien aztarnak (zein kopurutan dauden kontuan izanda), minbiziaren sortzaile izan litezke: horrexegatik ezartzen zaizkio legezko muga jakin batzuk aztarna horien agerpenari, animalietan eginiko ikerketetan oin harturik, segurtasun-tarte bat ezarri behar delako.

Elikagaietan kausitzen diren izurrilkarien aztarnak kontsumitzailearen osasunarentzat arriskugarri izan ohi direnez, ekoizleak kopuru horiek hertsiki kontrolatu ez ezik, murriztu ere egin behar ditu, segurtasun-epeak (azken tratamendua eman zitzaienetik jaso diren egunera bitarteko denbora) errespetatuz. Kezkagarria da benetan nekazaritza intentsiboko bost laginetatik batek izurrilkari-arrastoen muga gainditzea ez ezik, hiru produktu-mota desberdinak izatea. Emaitzok nabarmen frogatzen dute (produktuen horren lagin txikia aztertzeak, logikaz, zuhurtziaz mintzatzera behartzen gaituen arren) nekazaritza ekologikoa osasuntsuagoa duela eta kontsumitzaileak eta ingurugiroari kalte gutxiago egiten diola (izurrilkari eta ongarri inorganikoen hondakinek laborantzako lur eta urak poluitzen baitituzte).

Halaz ere, batzuek uste dutenaz beste aldera, dastaketan izaniko emaitzek idarokitzen dute produktu ekologiko horien kalitate organoleptikoa (zaporea, usaina, ukitua eta itxura) ez dela konbentzionalena baino hobea; are gehiago, apalxeago dela ere esan dezakegu. Bestetik, produktu ekologiko horien mantentze-egoera eta aurkezpena hobetu beharra dago: epidermisean produktu arruntek baino akats gehiago agertzea onartzeko modukoa bada ere, ezin onar daiteke tomate ekologikoen bi laginetako (Ecocentro eta Izu-koak) hainbat aletan eta sagar ekologikoen hiruetatik batean (Elafos) usteldurarik agertzea. Gauzak horrela izateak, bost produktu ekologikoetako hiru (%60, kasu!) merkaturatzeko bezain onak ez direla adierazten digu.

Sagar ekologikoak: hirutik bat, kategoriaz kanpo

Sagar ekologikoak 806 eta 980 gramoko erratilutan aurkeztuak zeuden. Fruituaren jatorri, barietate eta heldutasun-graduz hiru laginak homogeneoak zirelarik, tamainaz arras desberdinak ziren: Elafos eta Izu-koen kalibreen artean 5 mm baino alde handiagoa atzeman baitzen, hau da, "estra" kategoriako (baita antolaturiko "lehen" eta "bigarren" kategorietan) sagarrei onar dakiekeen handiena. Biomundi sagarren uniformetasuna ona zen, zuzena.

Akatsei goazkiela, Izu eta Biomundi ongi zeuden, nahiz epidermiseko hutsak zeuden (kolpeak, zimurdurak, igurtziak) ale askotan. Askoz ere egoera okerragoan, Elafos sagarren erdiek usteldurak agertzen zituzten, %33ak 2 zentimetrotik gorako akatsak zituen epidermisean eta beste %33ak izurriteen ondoriozko akatsak erakusten zituzten. Sagar ekologikoen hiru lagin horiek baloratu ondoren (indarrean dauden kategoria komertzialekin erkatuz gero), Izu eta Biomundi bigarren kategoriakoak ziren eta Elafos markakoak ez ziren salgai jartzeko gauza, onddoen eraso baten ondoriozko usteldurak agertzen zituztelako.

Konbentzionalak, denak ere hirugarren kategoriakoak

Golden sagar ohikoak soltean zeuden salgai, pare bat kiloko poltsa plastikozkoetan. Madrilen erositakoa eta Bizkaiko 2 zenbakiduna homogeneoak dira jatorriz, barietatez eta heldutasun-graduz, baina Bizkaiko 1 zk. lagineko aleak hainbat heldutasun-gradutan agertzen ziren (bost ale, zeharo heldu gabe eta berde kolorekoak, eta beste seiak helduagoak, horista kolorekoak). Bizkaiko biek kalibre-alde latzak dituzte (5 milimetrotik gorakoak, bigarren kategoriako sagarrei onartzen zaien gehienekoa, alegia). Madrilgoek agertzen duten aldea 5 milimetrokoa da doi-doi (generalitatetik kanpo zegoen sagar bat kontuan hartzeke). Hiru laginek ere (Madril, %11; Bizkaia 1, %18 eta Bizkaia 2, %25) 2 cm-tik gorako akatsak agertzen zituzten azalean, eta bestelako akatsak, %45, %36 eta %50ean. Bizkaian erositako bi laginek orban arreak dituzte %18 eta %12an eta Bizkaiko 1 zenbakiko aleen %9ek russeting (patogenoa ez den mikroorganismo batek edo gehiegizko hotz zein hezetasunak sortarazitako azaleko lehordura arrea; gaitz horrek, inola ere, ez du eraginik sagarraren mamian, ez eta kontsumitzailearen osasunean ere). Baina bidezko estrapolazioa eginez gero, hiru laginak hirugarren kategoriakoak direla ondorioztatzen da. Nabarmentzekoa dugu, hala eta guztiz, sagar konbentzional zein ekologikoen lagin bakar batek ere ez zuela kolore-akatsik, ezta gai arrarorik ere.

Dastaketan, konbentzionalak hobexeago

Bi zatitan egin zen dastaketa. Lurralde berean eskuratutako produktuak elkarrekin erkatu ziren, konbentzionalak eta ekologikoak batera alderatuta. Itxura, zapore eta ahoko ukituz, oro har, sagar konbentzionalek balorazio hobea jaso zuten ekologikoek baino; usainari dagokionez ez zen beste horrenbeste gertatu, Izu-koa gainontzekoak baino gustagarriagoa gertatu zen eta. Madrilen erositako bi sagar-laginen artean, konbentzionala nahiago izan zuten dastatzaileek, ukituan izan ezik, aldeak nabarmenak ez baziren ere. Usainetan hainbana geratu ziren laginak, baina itxura eta zaporez ohiko sagarrak puntuazio hobea eraman zuen. Ahoko ukituan, azkenik, dastatzaileek sagar konbentzionala izan zuten nahiena, inondik inora.

Bizkaian erositakoen artean, itxura, zapore eta ahoko ukituari dagokiela, bederen, konbentzionalak nahiago izan zituzten dastatzaileek Izu-ko ekologikoaren gainetik, nahiz batzuk eta besteen arteko aldeak ez ziren nabarmenak izan. Halaz ere, usainez behintzat, Izu sagarren aldekotasuna argi eta garbi erakutsi zuten. Biomundi ekologikoen aurrean, dastaketako arduradunek konbentzionalak aukeratu zituzten alderdi guzti-guztietan, aldeak zaporeari zegozkionak besterik izan ez ziren arren. Hitz gutxitan esatearren, bi sagar-mota horien arteko alde organoleptikoak ez dira nabarmenak, ahoko ukituan (Madrilen eskuratutako konbentzionalaren alde) eta usainean (Izu ekologikoaren alde).

Azken puntuazioak honela geratu ziren: 7 puntu Bizkaiko konbentzionaletako 2 zk. laginarentzat eta Izu ekologikoarentzat; 6 puntu beste bi konbentzionalentzat eta 5 puntu Biomundi eta Elafos laginentzat. Laburbilduz, konbentzionalen batez bestekoa (6,33 puntu) ekologikoena baino hobexeagoa (5,66 puntu) izan zen. Azterturiko laginen kopuruaren urriak, dena den, produktu ekologikoak eta ohikoen artean ezaugarri organoleptikoei buruzko ondoriorik ateratzea galarazi egiten digu.

Bi tomate ekologikoak, kategoriaz kanpo

Lagin bat erratiluan (Ecocentro) eta bestea soltean (Izu) aurkeztu zen. Biak ere kilo pasatxoko erratiluetan merkaturatzen dira, aleen kalibrea 57 eta 67 bitarteko milimetrokoa izaki. Izu tomateen %25 tarte horretatik kanpo daude, onarturiko aldea %10ekoa baita: beraz, tamainaren uniformetasuna oker edo akastun da. Hitz gutxitan, Ecocentro-koak jatorriz, barietatez, motaz eta kalitatez homogeneoak dira baina ez horrela tamainaz. Akatsak gai harturik, bi laginetan usteldura dela bide akastun agertzen da ale askotxo (%25 inguru): oker horrek, tomateok salmentarako aukeratik kanpo uzten ditu, kategoria komertzialik gabeak baitira. Usteldurez gainera, azalean orbanak (%33 Ecocentro eta %12 Izu-koetan) eta kolpeak ere (%11 eta %25) agertzen dituzte. Horiez ez ezik, Izu lagineko aleen %12ek arraildurak dituzte eta Ecocentro-koen %33ek kolorean akatsak eta beste %11k, orbainak. Ecocentro-ko erratilua, azkenik, bustirik zegoen, itxi gabeko zauria agertzen baitzuen tomate batek.

Konbentzionalek, kalitate-alorreko akatsak

Sagarrekin jazo bezala, azterketa honetako tomate konbentzionalak soltean daude salgai, 2 kiloko plastikozko zorroetan eta sortetan. Madrilgo laginaren kalibrea 47-57 mm-ko tartekoa da eta ale guztiak horren barnean daude; Bizkaiko lagina 57-67 mm-ko tartekoa da baina tomate guztien %27ak kalibre horretatik kanpoko dira. Lagin horretako tamainaren uniformetasuna, horrenbestez, ez da zuzena. Madrilen erositakoa itxura, kolore, ukitu, barietate, jatorri, mota eta kalitatez homogeneoa da; Bizkaikoa, ostera, jatorri, barietate, mota eta kalitatez zuzena, baina sei alek kolore-alorreko akatsak agertzen dituzte. Bestetik, Madrilgo laginak %4 ale ditu akastunak intsektuaren erasoen ondorioz eta beste %4ak, zauri orbaindua agerian. Bizkaian eskuratutako tomateen akatsak ugariago dira: guztien %33, epidermisean gora-beherak agertzen zituztelako -onddoen erasoaren ondoriozko orban zuriak-, %13ek behealdea berdea dute, %7ek itxura eta garapeneko akatsak, %40ek kolore-alorreko akatsak, %7ak kolpeak eta %7ak, azkenik, orbainak. Madrilgo lagina lehen kategoriakoa litzateke, beraz, eta Bizkaian erositakoa, bigarrenekoa.

Tomate ekologikoek ahogozo hoberik ez

Dastatzeko unean, Madrilgo tomateen artetik ekologikoa (Ecocentro) baino konbentzionala nahiago izan zuten dastatzaileek itxuraz, usain eta ahoko ukituaren partetik, aldeak oso eskasak ziren arren. Zaporeari dagokiola, dastatzaileek tomate ekologikora jo zuten baina, hemen ere, desmaila handirik gertatzeke. Bizkaian erositako tomateetan, konbentzionalek eta ekologikoek iritzi-kopuru bera izan zuten aldeko, itxura eta ahoko ukituari dagokiela; usain eta zaporearen txandan, ordea, mahaikideak ekologikoen alde agertu ziren. Azterturiko tomate ekologikoak eta konbentzionalen ezaugarri organoleptikoak, oro har, oso berdintsuak direla ondoriozta dezakegu. Batez bestekoari begira, osoko balorazioetan ohikoek 5 puntu lortu zituzten eta ekologikoek gutxixeago: 4,5 puntu.

Izurrilkariak, ale konbentzionalen batean soilik

Nekazaritza konbentzional edo intentsiboan landuriko barazki eta fruten azal eta orrietan izurrilkari edo plagiziden hondakinak metatzea ez da kontu bitxia, bakana, belar gaizto, intsektu, lizun eta onddoei aurre egiteko baliatzen baitira produktu horiek. Beraz, etxera ekarritakoan eta kontsumitu aurretik ur-iturrian sakonetik garbitu behar dira, ondoren azala zapi batez igurtziz. Frutak zuritzea eta ortuarien kanpoko hostoak erauztea ere komeni izaten da, azal eta hostoek nozitzen dutelako produktu horien zuzeneko erasoa. Gure gaurkoan, adibidez, sagar eta tomateak uretan ikuzi eta pittin bat igurztea komeni da. Are eta gehiago: segurantzia handiagoa izateko fruta eta barazkiok zuritzea dugu hoberena.

Produktu ekologikoekin ere hartu behar ote dira neurri horiek, ordea? CONSUMER-ek aztertutakoetan ez da atzeman izaurrilkarien hondakinik (organohalogenatuak, organofosforatuak, karbamatoak, piretroideak eta organosulfonatuak bilatu dira sagarretan; horiek ez ezik, metilo-bromuroa ere bilatu da tomateetan). Horrek ez du esan nahi kasuren batean horrelako poluziorik ez dagoenik, ez noski nekazari "ekologikoak" bere baratzean erabili dituelako, hondarrak lurrean, garastatzeko uretan edo, areago, euri-uretan ere egon daitezkeelako. Segurantziaren mesedetan, nekazaritza ekologikoa arautzen duen legeriak, dagokion egiaztagiria eman aurretik, horrelako ustiakuntzan ipini beharreko lurrak azkeneko bi urteetan metodo ekologikoekin landuak izan behar dutela xedatzen du. Nola zeuden, ordea, tomate eta sagar konbentzionalak? Horietakoren batean nahi ez izateko moduko arrastoak hauteman ziren.

Bizkaian eskuratutako sagar-lagin batek izurrilkari organofosforatu baten (Parathion izenekoa) aztarnak agertzen zituen, legeak onarturiko gehieneko kopuruz oso azpitik bada ere: 0,5 zati milioiko, alegia. Tomateetan, berriz, Madrilen erositako lagin batean izurrilkari (b-BCH) bat atzeman zen. Kasu honetan, ordea, larriena da hondakinen kopurua arauak onartzen duen gehieneko muga (10 zati bilioiko) baino 4,5 bider ugariago zeukatela tomate horiek. Lagin horretantxe Endosulfan I eta Endosulfan II izurrilkari organohalogenatuak ere atzeman ziren, xedaturiko mugen barnean baina. Laburbilduz, bost produktu ekologikoek hondakinik ez zuten bitartean, tomate konbentzionalen bi laginetako bat arauz kanpo zegoen, izurrilkari gehiegi izatearren. Golden sagarretako batek ere izurrilkari-arrastoak agertzen zituen, onartzeko moduko kopuruetan, dena dela.

Ekologikoak, ohikoak baino ia %50 garestiago

Ecocentro-ko tomate ekologikoa da azterturiko lau laginetan garestiena: 595 pezeta kostatzen da kiloko; Izu-koa, berriz, dezente merkeagoa da (310 pezeta kiloko). Tomate konbentzionalen prezioak 185 eta 275 pezeta bitartean zebiltzan, kiloko. Sagarrez ari garela, garestienak Elafos eta Izu dira: biak ere ekologikoak, kiloko 400 pezetatik gorakoak. Biomundi-koak, aldiz, ez dira iristen 300 pezetara kiloko. Konbentzionalak 139 eta 260 pezeta artean zeuden, kiloko. Produktu ekologikoak dezente garestiago dira, beraz: gure azterketako batez bestekoak adierazten digunez, tomate ekologikoak baliokide konbentzionalak baino %49 garestiago dira eta Golden sagar ekologikoak, berriz, ohikoak baino %46 gehiago kostatzen dira.

Etiketa

Produktu bati "ekologikoa" delako etiketa ezarri ahal izateko, Europar Batasunaren araua bete behar du eta, gainera, dagokion Autonomi Erkidegoko Kontseilu Arauemaileak ipinitako erregistro bat gainditu: erregistro horren eginkizuna, ekoizpen-metodoak arauak xedatutakoaren araberakoak direla egiaztatzea da. Produktu ekologiko bat eta ekologiko ez den beste bat bereizteko, ontziraturik datozenetan "produktu ekologikoa" dioen etiketa jarri behar da, erakunde kontrolatzailearen zenbakia agerian. Soltean saltzen diren produktuetan, aldiz, aipamen hori agerian azaltzea kontu zailagoa izan da oraino. Soltean salgai dauden produktu konbentzionaletan, etiketa jartzea saltoki edo salmenta-zentroari zegokion eta hurrengo datuak ematen zituen: izena, prezioa pezetatan kiloko (balantzan jartzean, pisua, kiloko prezioa, guztirako prezioa, ontziratu deneko data, eta banakuntza-zentroaren helbide soziala adierazten duen etiketa ezartzen zaio produktuari). Horiek ez ezik, produktuaren jatorri eta kategoria adierazteko toki aproposak zituen etiketak, baina hutsik zeuden leiho horiek.

Ecocentro-ko tomate ekologikoan, izena, erratilua osatu zen data, nekazaritza biologikoko IFZ, Valentzia Erkidegoko zigilua (VA0013 nº070607), nekazaritza ekologikoaren batzordea eta prezioa agertzen ziren. Izu-koaren etiketan, berriz, hurrengoak zeutzan: izena, tomatearen jatorria, kalibrea, ontziratzeko data, nekazaritza ekologikoari dagokion UE ES-NA AE kontrol-sistema, banatzailearen izen-helbidea, nekazaritza ekologikoaren zigilua, Gobernu espainiarraren egiaztagiria eta Nafarroako Nekazaritza-Ekoizpenaren Kontseilua. Lagin horretan, prezioa eta pisu garbia, dendak ezarritako etiketan zeuden.

Sagar ekologikoen etiketan izena, pisu garbia, kiloko prezioa, ontziratzeko data (Biomundi-koan izan ezik), banatzailearen izen-helbideak (Biomundi-koan izan ezik), eta nekazaritza ekologikoaren adierazpen den zigilua agertzen dira. Izu-ko produktuen etiketako kategoria eta kalibrea estalirik geratu dira, dendako etiketaren azpian. Bere produktua "Golden manzana bio" bataiatu duen arren, "bio" terminoa ez dago onarturik. Elafos-ko etiketa, azkenik, irakurtezina da, zeharo. Kategoria ("bigarrena") agertzen duen etiketa bakarra bada ere, dauzkan akatsak (usteldura) direla medio, ez da gauza merkatuan jartzeko.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto