Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Opil, kruasan eta pasteltxo txokolatedunak: Horiek baino askoz egokiago, betidaniko otartekoa

Haurrek bereziki kontsumitzekoak izaki, opilgintza industrialeko bederatzi produktu txokolatedun aztertu dira. Horietako bi (Bimbo-ko Bimbocao eta Panrico-ko Bollycao) txokolatez beteriko opilak dira; beste hiru (Mildred-eko Diver-Croissant; Croissants Martínez, eta Cronellos La Bella Easo) txokolatez beteriko kruasanak; eta gainontzeko laurak, azkenik, txokolatez barrubeteriko pasteltxoak (Bimbo-ko Círculo Rojo, Panrico, Milka-ko Tender eta Phoskitos). Pisu garbia 268 gramotatik 120 gramotara doa. Eta ontziko eskaintzen diren aleen kopurua ere desberdina da (3tik 6ra bitartekoa).

  Prezioen arteko aldeak latzak dira: garestiena Tender (Milka) da, kiloko 1.926 pezeta kostatzen delarik, eta merkeena, berriz, Bimbocao (648 pezeta kiloko). Opil txokolatedunak aukera merkeena (648 - 849 pezeta kiloko) diren bitartean, prezio altuena pasteltxoek dute: 1.019 eta 1.926 pezeta bitarte kostatzen dira kiloko.

Haurrentzako opil industrial hauek, karbohidrato ugari (%49tik %62ra bitarte, laginen arabera) eta gantz asko (%16 - %30) baina proteina urri (%4tik %8ra arte) dituzten elikagaiak dira. Kalori ekarpen altu-altua nabarmen (400 eta 500 kaloria 100 gramoko) dutenez, haur obesoek eta dieta hipokalorikoa egiten ari diren pertsonek itzuri egin behar diote horrelakoen kontsumoari.

Opil hauek etxean eginiko txokolatedun biskotxoak bezainbeste kaloria aportatzen dituztenez, hesteki-otartekoek (300 kaloria 100 gramoko) baino dezente gehiago gizentzen dute. Bestelako parametroen arteko konparazioekin jarraitzeko, txokolatedun (75 gramo ogi eta 25 gramo txokolate esnedun) nahiz txokolate-kremadun otarteko batek, proportzio berean, 325 bat kaloria baizik ez luke izango. Hiru kasuetan ere, hemen aztertutako produktuek baino ekarpen kaloriko dezente apalagoa dute, hiru horien batez bestekoa ia 450 kaloriara iristen baita 100 gramoko. Horren arrazoia argi dago: haurrentzako opil industrial horiek gantz asko daukate, txokolate edo txokolate-kremadun otarteko baten bi halako baino gehiago, hain zuzen.

Laburbilduz, otarteko tradizionala ez du ohiz ordezkatu behar opil industrialak: elikagai hobeak ez izanik ere, askozaz ere kaloria gehiago aportatzen dituzte gozoki horiek. Bestetik, ez dute inondik ere frutaren ordezko gertatu behar, honek haurren hazkuntzak ezinbestekoak dituen bitamina, mineral eta zuntza ugari eskaintzen dituelako. Beste aholku bat, oraindik: opil industrial txokolatedun horiek ez dira jatordu tarteetan hartu behar, aztura hori haur eta gazteengan gehiegizko pisuaren sortzaile edo lagungarri izan daitekeelako.

Nolanahi ere, kontu bat da gizentzaile izatea eta beste bat organismoari mesedegarri edo kalteko jazotzea. Bederatzi laginetako gantzen osaketaren azterketak agertzen duen moduan, produktu batetik bestera alde handiak daude: aztertutako lau pasteltxoetatik hiruk -Panrico, Phoskitos eta Tender (Milka)- gehiegizko (%60tik gora) gantz-azido saturatuak dauzkate; honelako azidoak neurriz kontsumitu behar dira, odoletako kolesterol-indizea altxa egiten dutelako. Beste sei laginetako gantzen osaketa hobea bada ere, Martínez eta La Bella Easo marketako kruasanak ere hobetu beharko lirateke, hauetako gantz saturatuak guztirako edukiaren %40 baino gehiago baitira, bidezko kopurua %30aren azpitik dagoelarik. Opil industrial hauetako gantz saturatuek landare-gantz edo olio hidrogenatuak eta, neurri apalago batean, bestelako osagaiak (gurina, txokolatea bera edota hurrak) dituzte sorburu. Osasuntsuenak, gantz-azido saturatuen proportzioak %25 gainditzen ez duelako, Bollycao (Panrico) eta Bimbocao opilak eta Círculo Rojo (Bimbo) markako kruasanak dira. Driver croissant (Mildred) ere onargarritzat jo dezakegu, saturatuen portzentaia %32an dagoelako.

Ogi zuriak (75 gramo) eta txokolate esnedunak (25 gramo) osaturiko otarteko batek, hemen aztertzen ari garen pasteltxo eta kruasan industrialek baino hiruzpalau aldiz gantz gutxiago dauka. Opil industrialak hobe geratzen dira, betidaniko txokolate-otartearen paretsuko baloreak agertzen dituzte eta. Beste alde batetik, lagin guztiak egoera mikrobiologiko egokian zeuden, baita etiketa denak zuzen ere. Aditiboei dagokienez, araudia errespetatzen badute ere, eskuzabal erabiltzen dituzte fabrikatzaileek.

Dastaketa 10 - 12 urte bitarteko gaztetxoek egin zutelarik, aski puntuazio altuak eman zizkieten produktuei. Balorerik garaienak lortutako laginak Panrico (10 puntu) eta Bollycao (9 puntu) pasteltxoak izan ziren. Bimbocao, La Bella Easo, Círculo Rojo (Bimbo) eta Phoskitos produktuek zortzina puntu eraman zituzten.

Tender (Milka) izan zen dastatzaileei gutxien gustatu zitzaiena (5 puntu besterik ez zuen eraman): txokolate ugaridun eta zapore onekoak badira ere, gogortasunak zigorra merezi izan zuen, inola ere.

Bederatzi laginetan kalitate-prezio erlaziorik onenekoa Bollycao (Panrico) da, nutrizio-alorreko osaketa ona (gantz gutxi eta, lagin denetan, gantz saturatuen portzentaiarik apalenekoa) izateaz gain, ez du kontserbakaririk eta dastaketan biziki gustatu zitzaien mahaikideei. Merkea da (849 pezeta kiloko), gainera. Kruasan txokolatedunetan Diver croissant (Mildred) nabarmendu zen (azido sorbiko izeneko kontserbakaria daukan arren) eta pasteltxoetan Círculo Rojo (Bimbo) aukeratu zuten.

Opil industrialak eta nutrizioa

Opilgintza, pastelgintza, postregintza eta konfiteritza arautzen dituen legeria oso generikoa denez, ez ditu gutxieneko, ez gehieneko kopuruak xedaturik nutrizio-alorreko osaketei dagokienez. Horren ondorioz, fabrikatzaileak askatasun handi samarra du produktuak egiteko unean (aditiboei dagokienean izan ezik). Nutrizioaren ikuspegitik, haurrak ase-betegarriak dituen opil industrial horiek ez dira inola ere ezinbesteko elikagaiak: karbohidrato eta gantz ugari dauzkatela (kaloria gehiegi, beraz), proteinatan arras txiro dira. Bestelako zeinahi aukeraketa (hesteki-, txokolate-, kontserbako arrain-, gazta-otartekoa, fruta, jogur nahiz besterik) merienda bidezkoago du etxeko txikiak opil industriala baino. Bimbocao da proteina (%8) gehien duena eta Phoskitos gutxienekoa (%4,6). Generalizatuz, proteina-portzentaiarik apalenak txokolatedun pasteltxoek agertzen dituzte. Proteina horien jatorria, produktuon fabrikazioan baliaturiko txokolatea, kakaoa, hurrak, esneki solidoak, gazura, eta antzekoak dira.

Nutrigarri behinena, produktu hauetan funtsezko lehengai diren irin eta azukreetako karbohidratoak ditugu. Hidratoak %49ra (Bimbocao) eta %62ra (Phoskitos) iristen dira, lagin gehienetakoak %60 inguru dabiltzan arren. Gantza, berriz, opilgintzan erabilitako gurin eta landare-olio zein gantzak edo, areago, betekiko txokolate nahiz kakaoa sorburu duela, eskuzabal baliatzen du fabrikatzaileak: Martínez eta La Bella Easo (bietan ere, kruasan barrubeteak) laginetako gantza %30etik gertu dabiltza, hau da, Círculo Rojo (Bimbo, kruasana orobat) markako laginaren bikoa: hauxe da, izan ere, aztertu diren bederatzi produktuetan gantz gutxien duena (%16). Gainontzekoen gantz-edukia %18tik %23ra bitartera dabil. Bestela esateko, guzti-guztiak dira aski elikagai gantzatsuak.

Espero zen bezala, opil industrial hauek kaloria asko dituztenez, haur obesoek eta kaloria gutxiko dieta egiten dutenek oro har, neurri-neurriz kontsumitu behar dituzte. Gantz gehien daukaten lagin ber-berak (Martínez eta La Bella Easo) dira energetikoenak: ia-ia 500 kaloria 100 gramoko. Gainerako guztiak ehun gramoko 400 eta 460 kaloria artean dabiltza. Ez dezagun ahaztu txokolatearen funtsezko bereizgarrietako bat balore energetiko garaia dela (525 kaloria 100 gramoko).

Hiru laginetan, gantz saturatu gehiegi

Herrialde garatuetan, proteina, bitamina, mineral eta fibra asko duten produktuak, esate baterako, osasungarriagotzat jotzen dira gantz asko dutenak baino. Horren zergatia ez da gantzak giza organismoan ezinbesteko eginkizuna ez betetzea, eguneroko elikabidean gantza sarriegi agertzea baizik. Kontua ez da, ordea, guztirako gantz-kopuru hutsa, elikagaietako gantzak proportzio egoki batean agertzea komeni da eta: gantz-azido saturatu urri (kolesterola altxatzen dute eta gaixotasun kardiobaskularrekin loturik agertu ohi dira) eta monoinsaturatu eta poliinsaturatu ugari. Bimbocao, Bollycao eta Círculo Rojo (Bimbo) laginek dauzkaten gantz-azido saturatuen kopurua %17 eta %25 bitartean dago, gantz-azido monoinsaturatuena %32 eta %40 bitartean eta poliinsaturatuena, azkenik, %40 eta %48 bitartean.

Beste hitzetan esatearren, oso proportzio onargarriak dira horiek. Diver (Mildred), Martínez eta La Bella Easo (hirurak, kruasan txokolatedunak) laginek, bere aldetik, %32 eta %44 bitartean dituzte saturatuak. Eta sarri kontsumituz gero osasunari onura gutxien egingo diotenak, dudarik gabe, Panrico, Phoskitos eta Tender Milka marketako pasteltxo txokolatedunak dira hauen saturatuen portzentaia altu-altua baita: %78, %75 eta %62, hurrenez hurren.

Kolesterolaz ari garela, produktu hauen 100 gramoko 130 mg-tan ohi dabil (datua bibliografikoa bada ere, hau da, ez da azterketa honetan ondorioztatua); halaz ere, lagin batetik bestera alde handiak ager daitezke, baliatu diren osagaien arabera. Gainontzeko nutrikarietatik eta datu bibliografikoekin jarraiki, hainbat mineralen agerpena nabarmentzen da, hala nola sodioa (500mg/100g: hipertentsioa nozitzen dutenek kontutan hartu beharrekoa), potasioa, kaltzioa (80mg/100g) eta burdina. Beste aldetik, B1 bitamina edo tiamina, B2 edo riboflabina, B3 edo azido nikotinikoa, eta piridoxina dute kopuru handitan, eta azido folikoa portzentaia txikiagotan. A bitamina ere agertzen da produktuotan.

Hainbat laginek alferrikako aditiboak dituzte

Bederatzietatik lau laginek azido sorbiko (E-200 - E-203) kontserbakaria erabili dute, honen gehieneko agerpena 2.000 zati milioiko (zm) den arren. Hautemaniko garaiena Círculo Rojo, (Bimbo) eta Panrico pasteltxoei dagokie: 1.340 eta 1.470 zm, alegia; Phoskitos (815 zm) eta Bimbocao laginek (385 zm) ere badute kontserbakari hori. Sorbikoaz gainera, Bimbocao markakoak dioenez E-281 (propionato sodikoa, legeak onartua hau ere) kontserbakaria erantsi du. La Bella Easo laginak sorbikoa adierazten duen arren, azterketak ez du atzeman. Kontserbakaririk gabeko bost laginen egoera mikrobiologikoa egokia zenez, produktu hauek kontserbakarien premiarik ez dutela ondoriozta dezakegu.

Beste alde batetik, ia denek (etiketek dioten arabera, laborategian ez baita aztertu alderdi hau) emultsionatzaile, egonkortzaile, gasifikatzaile edota antioxidatzaileak eransten dituzte. Salbuespen bakarra Martínez da: bere produktuen osagaien zerrendetan ez du aditiborik adierazten. Phoskitos laginak, koloratzaileak bakarrik baliatzen dituela dio, beharrezkoak ez diren arren. Nolanahi ere, bederatzi produktu hauetako etiketetan agertzen diren koloratzaileak, sorbikoa eta gainontzeko aditiboak, legeak onartuta daude.

Lagin guztien egoera sanitarioa aztertu du laborategiak: haietan guztietan E. coli, S. Aureus, salmonella, lizun eta legamiarik ba ote zegoen bilatu zuen laborategiak. Emaitzak onuragarri izan ziren, mikroorganismorik hauteman ez zelako eta lizun eta legamien kopurua, berriz, baimendutakoa baino dezente apalagoa zen. Horrenbestez, produktu guzti-guztiak egoera mikrobiologiko onean zeudenez, kontsumitzeko egokiak zirela onartu behar da.

Etiketak, ongi

Aztertutako opil, kruasan eta pasteltxo guztien etiketan agertzen dira beharrezko datuak: fabrikatzailearen izen eta helbidea, osagaien zerrenda, pisu garbia, kontsumitzeko data eta "eduki toki fresko eta ilunean" bezalako aholkuak. Horiez gainera, ontziak dituen aleak begi-bistan ez dauden kasuetan, etiketan adierazten da zenbat pieza dauden barruan. Ez dago homogeneotasunik pisu garbian, ez eta produktu-mota berekoetan ere: Bollicao laginaren 268 gramotik Diver (Mildred) laginaren 120 gramoraino doa. Salbuespenezko bi laginetan izan ezik, egiazko edukia adierazitakoa baino handiagoa da. Bimbocao eta Tender Milka markakoetan txikiagoa den arren, egiazko pisuak legeak onarturiko tartean daude.

Legez betebeharrekoa ez den arren, bost laginek nutrizioari buruzko informazioa ematen dute. Zerrenda horietako datuak eta azterketakoak berdintsuak dira. Alde nabarmenenak La Bella Easo markako kruasanetan hauteman dira: edukiaren %21 gantza dela adierazten badute ere, errealitateak proportzioa %30eraino heltzen dela egiaztatzen du. Akats hori ekarpen kalorikoan agertzen da berriro: aitorturiko balorea ehun gramoko 399 kaloriakoa bada ere, egiak erakusten digu kopuru hori 505 kaloria dela.

Dastaketa haurrek egin zuten

Dastaketa-mahaia 10 eta 12 urte bitarteko haurrek osatu zutelarik, produktuen itxura, txokolate-proportzio, zapore eta gogortasunari zegozkien puntuazioak eman zizkieten. Opilen artean -azkeneko kalifikazioan 9na puntu eman zitzaien- Bollycao (Panrico) nabarmendu zen, parametro guztietan nabarmendu gainera: puntuaziorik hoberena erdietsi zuen ahogozoa eta txokolate-proportzio ugariagatik; horrez gain, lagin horixe izan zen bigun edo gurienetako bat. Bimbocao (8 puntu) ere gailendu zen, aurreko lagina baino txokolate gutxiago zeukan eta gogorxeago zen arren.

Kruasanetan mahaikideek La Bella Easo (8 puntu) izan zituzten gustukoenak, zapore on-onekoak zirelako. Mildred markakoek 7 puntu lortu zituzten eta hauek ere zaporea izan zuten aldeko bereizgarria; kontrako alderdietan, berriz, txokolate gutxiago eta gogortasun handiagoa. Gutxien gustatu zitzaizkiena Martínez (6 puntu) izan ziren, zapore moteleko kruasanak zirelako. Pasteltxo txokolatedunetan Panrico laginak erdietsi zuen gorenekoa: 10 puntu, zaporea, txokolate-kopuru handia eta ukitu xamurra zirela medio. Phoskitos eta Círculo Rojo markakoek 8na puntu eraman zituzten. Tender (Milka) laginak bost puntukoarekin aski izan zuen, nahiz eta zapore onekoa izan eta txokolatea proportzio handian eduki. Kalifikazio hori zergatik eman zitzaion galdeginez gero, laginik gogorrenetako bat zela ihardetsi zuten dastatzaileek.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto