Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Azaleko gaia

^

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

101 kanpin ikuskaturik: Erdiak ez daude elbarrientzat egokiturik

Iritsi da uda eta udarekin eguraldi ona. Eguzkiak berotu egiten du eta oraindik oporrik hartu ez duena, ilusioz beterik izango da urte guztiko lanak eta errutinak pilatutako nekea astintzeko aukeraren zain.

Elbarriak, marginaturik ia kanpinen erdietan

Kanpin askoren kalifikazioan eragin negatiboa izan dute elbarrientzako egokituta dauden ala ez begiratzean aurkitu diren hutsuneek. Panorama etsigarria dela erakusteko, hona hemen bi datu: Kanpinen %45ak ez du minusbaliadunentzako instalazio edo sarbide berezirik eta 18 kanpin baino ez dira zerbitzu guztiak egokituta dituztenak. Edo bestela esanda: kanpinen ia erdiak ez ditu minusbaliadunak ezertarako kontuan izan. Egoerarik onena Madrilen aurkitu dugu, izan ere, bisitaturiko zortzi kanpinetan hobekuntza-lanak eginak dituzte elbarrien egonaldiak errazteko (%37ak egokituta zituen instalazio guztiak, %62ak komun-bainugelak bakarrik eta %28ak kanpineko hainbat gune). Gainerako herrialdeetan oso inpresio kaskarra jaso genuen, Valentzian eta Kantabrian bereziki, bisitatutako kanpinen %70 ez baitzeuden bat ere egokituta. Errioxan eta Alacanten akanpalekuen %67ak eta %42ak hurrenez hurren, ez ditu kontuan hartzen elbarriak; egoera apur bat hobea da Bizkaian eta Araban, kanpinen erdian prestaturik baitzituen berariazko sarbide eta intalazilazioak erabiltzaile berezi horientzat.

Hutsune handiak zenbait kanpinetan

Madrilgo bi kanpinetan (San Juan eta Piscis-en), Gipuzkoako beste bitan (Saturraran eta Aritzetan) eta Kantabriako batean (San Juan Canalen) 25 eta 100 pezeta bitarte kobratzen dizkiote erabiltzaileari dutxan ur beroa baliatzeko. Baina prezioaren barruan sartu beharko luke eguneroko dutxak (are gehiago udan eta oporretan), gaur egun oinarrizko beharra baita. Dutxa kopuruari buruz, batezbesteko onena Alacanten dago (20 erabiltzaile dutxa bakoitzeko) eta eskasena Errioxan: 38 pertsonako dutxa bakarra. Kanpin guztiek zuten ur beroa gutxienez dutxa batzuetan. Norbere garbitasunarekin lotutako zerbitzuekin jarraituaz, Alacantekoak dira konketarik gehien duten kanpinak (14 erabiltzaile bakoitzeko bat) eta Errioxan ageri da, berriz ere, proportziorik eskasena (30 lagun, konketako). Ekipamendu mota honetan aipagarriak dira Gipuzkoa eta Aarabako kanpinak. Azkenik, komunetan ere Alacantek erakutsi du kopururik handiena ( 17 plazako komun bat), baina Kantabriakoetan bakarrik aurkitu da batezbesteko desegokia: 41 plazako komun bat. Beste hutsune bat arropa garbitzeko aukeretan aurkitu dugu. Latsarria edo harraska kanpin guzti-guztietan izan arren, kanpinen %15ak ez du ikuztegirik edo ikuzgailu automatikorik; horietako bat, Caravaning Marbella Playa, lehen kategoriakoa da. Beraz, kanpin askotan bezeroek ilaran itxoin edo harraskak erabili behar izaten dituzte arropak garbitzeko. Egoera larriagotu egiten da gainera, akanpalekuetan ez baita behar adina berariazko harraska izaten (40 plaza iturri bakoitzeko). Errioxan eta Malagan are proportzio txarragoa aurkitzen da: harraska bat 73 eta 54 pertsonako, hurrenez hurren. Halaber, ur berorik ez dago Malagan, Gipuzkoan eta Valentzian bisitaturiko kanpinen erdietako harrasketan eta Errioxa da ikuskaturiko zentru guztietako harrasketan ur beroa duen leku bakarra. Telefono publikoak ere urri dira kanpinetan, batezbeste telefono bakarra 336 laguneko (428 Madrilen, egoerarik txarrena, beraz; eta 175 Araban, onena). Deniako bigarren kategoriako Los Pinos kanpinak ez du telefono publikorik.

Taberna, denda, aparkalekua...

Taberna izatea balio erantsia da edozein kanpinentzat; ikusi besterik ez dago aztertutako 101 kanpinetatik bi direla zerbitzu hori falta dutenak: El Abogado (Malaga), hirugarren kategoriakoa, eta Los Pinos (Alacant), bigarrenekoa. Nafarroa, Bizkaia, Murtzia, Valentzia, Araba eta Malagako guztiek eskaintzen dituzte jatorduak eta Madril, Bartzelona, Gipuzkoa, Errioxa, Alacant eta Kantabriako gehietan ere bai. Jatetxea duten kanpinen proportzioa txikiagoa da (lautik hiru), zerbitzu hori derrigorrezkoa baita lehenengo kategoriako kanpinetan. Hala ere, Fuenmayor-eko kanpinak, Errioxan, ez du arau hori betetzen. Interesgarria izaten da kanpinetan erosketak egiteko supermerkatua edo denda izatea. Zabaldurik dago zerbitzu hori (kanpinen %90ak eskaintzen du). Hamarretik bederatzik autoa alokatutako partzelaren barruan edukitzeko aukera eskaintzen diote erabiltzaileari. Bestalde, kanpamenduen %62ak bakarrik du igerilekua. Errioxan, bisitaturiko hiru kanpinek dute eta Malaga, Valentzia, Madril eta Nafarroan ere zentrurik gehienek eskaintzen diete bezeroei igerilekua. Euskal Autonomia Erkidegokoak dira igerilekutan eskaintzarik eskasena dutenak: Bizkaian bisitaturiko lau kanpinetatik bakarrak dauka, Gipuzkoan 7tik bik eta Araban (kostarik eduki ez arren) batak ere ez du igerilekurik.

Osasun-laguntza, balio erantsia

Bisitatu ditugun 101 kanpinetan dago lehen laguntzetarako botikina bezeroen eskura baina osasun-laguntza ez da guztietan eskaintzen (lautik hirutan bakarrik). Zerbitzu hori oso garrantzitsua gerta liteke osasun-zentrua urruti duten kanpinetan. Osasun-laguntza kanpinen %75ak aipatzen du zerbitzuen artean, baina hamarretik batek baino ez du zerbitzu iraunkorra; kontsultaturikoen artetik %13tan puntualki eskaintzen da eta kanpinen erdia baino gehiagotan hitzartutako zerbitzua da. Aipagarria da Araba, lurralde horretako bi kanpinetako batean, Angostokoan, mediku-zerbitzu iraunkorra baitago. Notarik txarrena Nafarroarentzat da, kanpinetako batek ere ez baitu etengabeko mediku-zerbitzurik.

Birziklapena, eskas

Kanpinetan ez da erraza papera, beira eta pilak aparte botatzeko edukiontzirik aurkitzea. Hutsune horren arduradun nagusiak kanpinen jabeak dira, baina noren errua da jabeek administrazioari hiru edukiontzi horien eskaera egina badiote? Kexa horixe azaldu digu kanpinetako gestioaz arduratzen den zenbaitek. Kanpalekuen %18k bakarrik dauka papera jasotzeko edukiontzia eta Madril eta Arabakoak daude horretan egokien (bitik batek dauka) eta Bizkaia, Murtzia eta Errioxakoak okerren: ez dago papera biltzeko edukiontzirik kanpin batean ere. Pilak eta beira biltzeko untziak ere urri dira, baina %32 eta %42 dira, hurrenez hurren, turismorako zentru hauetan. Errioxa eta Bizkaikoak eskasen berriz ere, kasu batean ere ez baitzaie bezeroei beira apartatzeko aukerarik ematen eta Bizkaian kanpin bakar batek (lau aztertu dira) dauka pilak biltzeko lekua (Araban ez dago horrelakorik). Nafarroan eta Gipuzkoan azterturikoak azpimarratu behar, gehienetan (Nafarroakoetatik seitan eta Gipuzkoako zazpietatik bostean) aukera eskaintzen baitute pilak biltzeko.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto