Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Preserbatiboak: araua denek betetzen dute: Alderik handiena, prezioa

Preserbatiboa da antisorgailurik seguru eta erabiltzeko biderik erosoenetako bat: horretan datza, hain zuzen, gizonezko askok egin dioten harrera onaren zergatia. Beste aldetik, gailu honek ez du ondorio kaltegarririk, kondoiak fabrikatzeko baliatzen den latexaren kontrako alergia nozitzen ez duen jendearengan, bederen.

  Jakina denez, preserbatiboa ez da eraginkorra antisorgailu bezala bakarrik: sexu-bidezko transmisioko gaixotasunen kutsadura ebitatzeko ere balio du eta, dudarik gabe, HIES zein bestelako eritasun larriak -hepatitia edota sifilia, adibidez- sexu-bidetik kutsa ez daitezen ere, metodorik hoberena da.

Gaurko txostenean 10 preserbatibo (Family, Androtex, Nuit, Profil, Billy Boy, Prime, Cosmos, Harmony, Control eta Durex) aztertu dira; 12 aleko kaxetan aurkezten dira denak, Profil izan ezik (10 aleko paketean baitatoz marka honetakoak). Prezioan berebiziko aldeak daude: aleko 50 pezetatik (Nuit) 125 pezetaraino (Billy Boy) doaz salneurriak. Beraz, erabiltzaile sarri edo handiari kalitate-prezio erlazio on bat aukeratzeak aurrezki galanta ondorioztatuko dio egunero. Araua hitzez hitz betetzearren, saioak bi egoera desberdinetan egin ziren: kaxatik atera berriak zirela eta, bigarrenik, denbora-tarte batez 70º C-ko tenperaturan egon ondoren, hau da, zaharkitze artifiziala nozituz gero.

Azterketatik ateratzen den lehendabiziko ondorioa esana dugu: lagin batetik bestera dagoen alderik handiena prezioan datza, indarrean dagoen arautegiak xedaturiko nolakotasunak eta prestazioak sobera betetzen baitituzte aztertutako 10 preserbatiboek, hots: zulo edo pororik ez agertzea, hausturaren kontrako erresistentzia eta hautsi bitarteko luzamendua.

Halaz ere, hausturaren kontrako erresistentzian alderik ere nabaritu zen laginetan: alor horretan azpimarratzekoa da Harmony, Family eta Androtex markakoen kalitatea, arauak minimotzat jotako baloreak askozaz ere gainditu baitzituzten. Nabarmendu beharreko beste datu bat: Nuit profilaktikoek, zaharkitzea simulatzen zuten baldintzak gaindituz gero, gainontzeko marketakoak baino hagitz ahulago agertu ziren.

Beste alde batetik, hamar preserbatiboak behar bezala enbalatu eta etiketaturik agertzen dira, produktua behar bezain ongi erabiltzeko galdatzen eta bidezkoa den informazio guztia eskaintzen dutelarik.

Profilaktikoak erosteko unean, marka baten edo bestearen aukeraketa egin behar denean, alderdi pertsonaleko beste faktore batzuk kontsideratuko ditu seguru aski kontsumitzaileak, hala nola kondoiaren itxura, ukitua edo kolorea, produktu honen erosmenta eta ordainketaren inguruko intimitatea, ontziaren diseinua, markak igortzen duen segurtasun- edo kalitate-irudia, etab. Bezero bakoitza mundu osoa da eta, jakina, bere irizpideen -hagitz irizpide subjektiboak, askotan-- arabera egiten du hautaketa.

Azterketa honetatik erantzunak ateratzen dira, ordea, bere erosketak (are preserbatiboak ere) ahalik eta zentzumen handienarekin egitea gustatzen zaion kontsumitzaile horrentzat, bederen. Araua betetzea aski badu erostunak, aukeraketak arazorik ez du: merkeenak hartu eta kitto. Gure kasuan, Nuit dira (50 pezeta aleko). Cosmos markakoak ere interesgarriak dira (bakoitza 55 pezeta kostatzen da).

Balizko hausturarik gerta ez dadin, erabiltzaileak preserbatiboaren erresistentziari funtsezkoa baderitzo, hauxek dira aukerarik egokienak, ordenu honetan: Harmony, erresistentzia handikoa eta merkea, gainera (71 pezeta alea), Family (70 pezeta) eta Androtex (88 pezeta).

Luzera eta zabaleran, denak ongi

XVIII. mendean Condom (berari hartu dio preserbatiboak "herri izena": kondoia) ingalaterrar sendagileak asmatu zuenetik berebiziko aldaketa nozitu du profilaktiko honek. Hastapenetan arkume-hesteekin fabrikatzen zen arren, gaurregun kautxuzko latex mehe-finarekin egiten da: material horrekin eskularru kirurgikoak ere egiten dira. Preserbatiboek UNE-EN 600 araua (1996an xedaturiko aldaketa eta guzti) bete behar dute. Erabiltaileari eskaintzen dizkion segurtasun eta kalitatea bermatu ahal izateko, produktuak gainditu behar dituen saialdi teknikoak zehatz-mehatz agertzen dira lege-testu horretan. Preserbatiboaren gutxieneko luzera eta zabalera, erresistentzia eta luzamendua, eta hanpatzeko gaitasuna xedatzen ditu arauak, xehekapenez. Nolakotasun horiez gainera, denbora igaran ahala (zaharkitzean) bere ezaugarriak mantentzeko gaitasuna eta produktuan zulo edo poroen balizko agerpena ere xedatzen du; azkenik, ontzian eta etiketan agertzen diren datuak egiazkoak izan daitezen galdatzen du.

Marka bakoitzeko 36 unitate aztertu ziren eta horietako bakoitzetik 10 alek, arauak xedaturiko probak iragan behar izan zituzten. Legeriaren arabera, gutxienez 170 mm.ko luzera izan behar dute preserbatiboek. Taulan ikus daitekeen bezala, luzera hori denek dutelarik, luzeena Profil da (194 mm) eta laburrena Durex (185 mm). Gutxieneko zabalerak 52 mm.koa izan behar badu ere, 2 mm.ko tartea onartzen da, gora nahiz beherantz. Gure kasuan, profilaktiko denek zuten 51 edo 52 mm.ko luzera, Prime-k izan ezik (54 mm). Laburbilduz, zabaleran ere kondoi denak legeak adierazitako neurrien barnean zeuden.

Hausturaren kontra babestuak

Prestazioei dagokien atalean, 10 preserbatibo-laginek haustura bitarteko luzamendua eta hausturaren aurkako erresistentzia neurtzeko saialdiak gainditu behar izan zituzten. Probak bi aldiz egin ziren, kaxatik atera berriak zirela eta zaharkitzea nozitu ondoren, hau da, 48 orduz 70ºC-ko tenperaturan edukiz gero. Horrela egiaztatu zen kaxa ireki berritan eta denbora pasa ondoren nolako ezaugarriak zituen profilaktikoak. Arauak xedaturiko gutxieneko baldintzak denek gainditu zituzten, erraz gainditu ere. Hasierako fasean erresistentzia handiena erakutsi zutenak Harmony (hausturaren kontrako erresistentzia 90 Newtonekoa zuen -arauak, 39 N edo gehiagoko erresistentzia xedatzen du--), eta hautsi bitarteko luzamendua, berriz, %810ekoa; hau da, kondoi hori bere burua bider zortzi eta gehiago luzatu zen hautsi aurretik (legeriak, hasierako balorearen %700ekoa galdatzen du, gutxienez). Family laginak ere antzeko baloreak aurkeztu zituen: 81 N-eko erresistentzia eta %780ko luzamendua. Androtex, Prime eta Billy Boy, goitik-beherako ordenuan, izan ziren profilaktikorik egokienak. Bost horiek nabarmentzen ziren berriro ere, zaharkitzea jasan ondoren, erresistentzia handiena erakutsi baitzuten, ordenua aldatuta bazihoazen ere: Prime da erresistentzia handienekoa, ondotik Androtex, Harmony, Billy Boy, Durex eta Family datozkiola. Nuit markakoak, zaharkitze-prozesua pasa ondoren, arauak galdaturiko gutxieneko balorean bertan geratu zen: 39 N-etan, alegia.

Egin dezagun hemen azalpen garrantzitsu bat: berogailu barnean, 70º C-ko tenperaturan, preserbatibo batek zaharkitze-proba gainditu izanak ez du esan nahi kondoiak tenperatura garaiak jasan ditzakeenik; zeharo alderantziz, denbora igaro ahala, beroaren eraginez kondoia endakatu eta ezaugarriak galtzen ditu: honakoa arrisku latzen iturri izan daiteke, jakina. Profilaktikook toki fresko eta lehorrean gorde behar dira, bero-iturrietatik aparte. Gogoratu beharko, badaezbada, preserbatiboek iraungitze-data dutenez, ezarritako egun hori errespetatu beharra dagoela, inola ere gertatzerik nahi ez den ustegabekorik jazo ez dakigun.

Ez zulorik, ez pororik

Arauak jasotzen duen beste saialdi bat, profilaktikoan zulorik ba ote dagoen atzematea da. Proba hori, kondoia ur destilatuz bete eta, 2 minututan zehar, likido-galerarik ba ote zen ikuskatuz egin zen. Azterturiko hamar kondoietatik bakar batek ere ez zuen inongo galerarik. Filtro-paperean eginiko kolore-egonkortasunaren proba ere aise gainditu zituzten preserbatibo guztiek. Beste proba bat ere pasa behar izan zuten profilaktiko denek, bi alderdi egiaztatzeko: lehertu aurretik eduki dezaketen gehieneko aire-bolumena, batetik, eta jasan dezaketen gehieneko presioa, bestetik. Horretarako, kondoiak airez puztu ziren eta espero ziren emaitzak eskaini zituzten oraingoan ere, arauak xedatutakoa aise gainditu baitzuten denek.

Funtsezkoa: erabiltzen jakitea

Haurdunaldiaren eta sexu-transmisio bidezko gaixotasunen prebentzioan kondoiak izan dezakeen eraginkortasuna, jakina, erabilera sistematiko eta zuzenaren araberakoa izango da; gaizki erabilitako preserbatiboa, izan ere, kalitate kaskarrekoa den edo egoera txarrean dagoen beste edozein bezain alferrikako edo kaltegarri gerta daiteke eta. Kanpoko enbalajean produktuaz eta kontserbazioaz argibideak agertzen badira ere, kaxen barnean badago prospektu bat: honetan, erabiltzeko argibideak, kondoiak nolako sexu-transmisio bidezko gaixotasunetatik babesten gaituen eta, profilaktikoa hausten bazaigu edo latexari alergiko bagatzaizkio, bete ditzakegun aholkuak azaltzen dira. Preserbatiboa erabili aurretik argibideok irakurtzea mesedegarria izango dugu, arriskuak itzurtzeko eta kondoiek bete behar duten erabileran bakarrik baliatzeko. Ohiko erabiltzaile zenbaiti bistakoa iruditzen bazaio ere, horra hor preserbatiboak behar bezala erabiltzeko aholkuren bat: bestearen gorputzarekiko kontaktua gertatu aurretik, zakila zut dagoela ezarri behar da. Preserbatiboa azkazal, eraztun eta antzeko gauza zorrotzekin ez dugu ukitu behar. Bere ontzitik ateratzeko ez erabili hortzik, ez guraizerik ere: baliteke, gu konturatu gabe ere, preserbatiboa haustea. Ez luzatu, kokatzeko unea iritsi arte. Hedatu kondoia biribilkatutako zatia kanpora dagoela, behar bezala zabal dezagun. Eiekzioaren ondoren, zakila kondoitik atera behar da, erekzioa zeharo suntsitu aurretik, preserbatiboari oinarritik helduta, ateratzean hazi-galera izugarririk gerta ez dadin. Gogoan izan kondoia behin bakarrik erabil daitekeela. Ez ikuzi, ez garbitu inola ere. Osagarrizko lubrikazioa lortu nahi badugu, erabili glizerina eta antzeko lubrikagarri urtsuak bakarrik. Lubrikagarri oliotsuak -baselina, parafina, haurrentzako olioa, gorputzarentzako lozioak, masaje-olioak, gurina, margarina edo bestelako olioek preserbatiboa mindu, hondatu egin dezakete. Azkenik, irakur dezagun denetan kaxan eta ontzi indibidualean inprimaturik agertzen den iraungitze-data. Irakurri eta errespetatu, noski.

Etiketa ere, zuzen

Aurkezpenari bagagozkio, profilaktiko hauetako gehienak 12 unitateko kartoizko kaxetan aurkituko ditugu: Profil markakoak, "liburu" antzekoa osatuz agertzen direlarik, ontzia irekitzean erdi bakoitzean bost ale agertzen dira: horren eragozpena nabaria da, kontuz ez ibiltzekotan kondoiak erori egin daitezke eta. Enbalaje guztietan aurkituko du kontsumitzaileak ontzi horretako ale-kopurua, fabrikatzaile edo banatzailearen izena eta helbidea. Iraungitze-data eta lote-zenbakia kaxaren alboan edo toki ikusgarri batean azaltzen dira. Plastiko nahiz aluminiozko ontzi indibidual bakoitzean ere inprimiturik agertu behar dute, argi eta garbi, lote-zenbakia eta iraungitze-data, kaxa galdu edo botatzen bada, jasotzen duenak ustekaberik izan ez dezan. Derrigorrezko informazio hori ederki irakurtzen da azterturiko preserbatibo guztietan, Nuit eta Control markakoetan izan ezik: hauetan, preserbatiboetako batzuetan, inprimituriko datuok eta beste testu batzuek elkarren gainean daude jarrita: nahasketa horrek, ikusi batera irakurtzea eragozten du.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto