Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Eztidun arto hanpatua eta gari-maluta txokolatedunak: Gosaritarako zerealak: garestiek gustu hobea

Orain dela urte batzuetatik hasita, gure mahaian ia eguneroko bihurtu diren gosaritarako zerealak, gari-, arto-, olo- edo arroz-irinekin lantzen dira, batez ere, eta eguneko lehen janarian aspaldian ohikoago ziren elikagai (ogia edota opilgintzako produktuak, adibidez) haien ordez hartzen dira goizean.

  Gosaritarako zereal hauetan aukera handia eskaintzen digu merkatuak orain, esandako irinei eztia, karamelua, txokolatea, esne-hautsak edota fruitu lehorrak erants dakizkiekeelako, bi helburu betetzearren: batetik, atsegin edo goxoagoak bihurtzeko eta, bestetik, horien ekarpen energetikoa areagotu eta hobetzeko.

Gehien saltzen diren barietateetako bi aztertu dira oraingoan: eztidun arto hanpatua eta gari-maluta txokolatedunak, hain zuzen. Eztidun laginak Cereal Sun, Pascual, Nestlé, Hahne eta Kellogg´s dira, eta horien kiloko prezioak 413 pezetatik (Cereal Sun) 901 pezeta bitartean (Kellogg´s) dabiltza. Aztertu diren gari-maluta txokolatedunen lau markak Kellogg´s, Club Party, Nestlé eta Pascual dira eta hauen salneurriek ere gora-behera latzak agertzen dituzte: kiloko 477 pezetatik (Club Party) 928 pezeta bitartean (Kellogg´s). Ontzi guztiek 375 gramo garbi badituzte ere, Pascual markako eztidun zerealenak 250 gramo besterik ez zeukan.

Zereal hauen nutrigarri behinenak karbohidratoak dira, gehientsuenak produktuan baliaturiko irinei dagozkienak, hain zuzen. Proteinak (kalitate ertainekoak direnez, zereal hauen kontsumoa esne edo jogurrez osatu beharra dago), txokolatez hornituriko zerealen guztirako edukiaren %8 inguruan dabiltza eta eztia daukatenetan, berriz, %6a gutxi gora-behera. Zereal horiek oso gantz gutxi duten arren (hala ere, gehixeago txokolatea dutenak eztidunak baino), bai batzuek bai besteek bereizgarri nagusietako bat ekarpen energetikoa dute (400 kaloria inguru 100 gramoko); beraz, pertsona lodiek arreta handiz ibili behar dute produktu hauek kontsumitzean. Zuntza (biziki osasungarria, hesteetako mugikortasuna eragiten baitu) dela eta, txokolatedun gari-malutetan ugariago dago -%4a da zuntza, batez beste-, eztidunetan %1etik gorako kopururik ez izaki. Nestlé, Pascual eta Kellog´s markak bitamina eta mineraletan nabarmentzen dira; elementu hauetan txiro edo eskasenak, berriz, Club Party, Hahne eta Cereal Sun laginak dira.

Dastaketan alde gaitzak hauteman ziren. Nestlé eta Kellog´s marketako gari-maluta txokolatedunak argi eta garbi nabarmendu ziren, eta Pascual eta Kellog´s marketako eztidun arto hanpatuak. Nolanahi ere, azpimarratu beharrekoa da lau lagin horiek produktu garestienen artean agertzen direla. Pascual laginak, txokolatedun gari-malutetan, eta Hahne markakoak, bestelakoetan, aprobatu ere ez zuten egin.

Txokolatedun gari-malutetan aukerarik politena Nestlé da: garestiak badira ere, nutrizio-aldetik osaketa bikaina dute eta, gainera, dastaketan puntuazio hoberenak erdietsi zituzten. Eztidun zereal hanpatuetan, Cereal Sun dugu hautapen onetako bat: merkeenak izanik eta bitamina-ekarpen urriagoa eskaintzen badute ere, dastatzaileen gustua asebete egin zuten. Edonola ere, Pascual markakoak -garestixeagoak diren arren-, interesgarriak dira nolabait, bitamina-ekarpen on-ona eskaintzen dutelako.

Gosaritarako zerealak eta nutrizioa

Zereal hauetako nutrikaririk behinena karbohidratoak dira, gehientsuenak produktuan baliaturiko irinetakoak, hain zuzen; halaz ere, heren bat baino gehixeagok, erantsitako azukre soilak eta bestelako osagaiak (eztia edo karamelua, adibidez) dituzte sorburu. Eztidun zerealetan, produktuaren %85 inguru da karbohidratoa.

Txokolatedunek, aldiz, kopuru urriagoak erakusten dituzte. Txokolatedun zerealetako proteina, osotasunaren %8 ingurukoa da: hauetan Pascual dugu nabarmentzekoa, %10eko balorearekin; eztidun zerealak besteen azpitik dabiltza, proteina produktuaren %6 ingurukoa izaki. Zerealetako proteina, oro har, kalitate biologiko ertainekoa besterik ez denez, produktu hau kalitate proteiko hobeko elikagaiekin osatzea komeni da, jogur edo esnearekin, adibidez.

Eztidun zerealetan gantz gehien duen lagina Nestlé da (%7) eta gutxien dutenak Cereal Sun eta Pascual (%2). Txokolatedun zerealetako gantz kopurua %4 eta %6 bitartean dago. Kopuru neurrikoak dira, nolanahi ere.

Produktuok ekarpen kaloriko handia agertzen dute: 100 gramoko batez beste 380 eta 420 kilokaloriatan dabiltza denak, hau da, bai eztidun zerealak, baita txokolatea duten gari-malutak ere.

Zuntz, bitamina eta mineralak

Zuntzaz ari garela, nabarmena da, zinez, eztidun zerealen eta txokolatedun zerealen arteko aldea. Azken hauek balore garaiagoak agertzen dituzte. Denen artean Pascual da nabarmendu beharrekoa, produktuaren %7a zuntza duela, produktua osatzean galirin integrala erabiltzen duelako marka horrek, etiketan adierazi duen bezala. Arto hanpatuko zereal eztidunek, denek ere, produktuaren zuntza %1a besterik ez dute.

Beste alde batetik, gosaritarako zereal hauek B multzoko bitamina hidrosolugarrien eta mineralen iturri oparoa dira: 30 gramoko errazio bat zereal hartuta, bitamina hauetan aholkatzen den egun osorako kopuruaren laurdena betetzen da. Bitamina horietako batzuek metabolismo energetikoan inplikaturiko eragiketa eta erreakzioetan eragile-kidetzat esku hartzen dutenez, haur, haurdun eta gabezi egoeran dauden pertsonentzat biziki mesedegarri gerta daitezke. Esandakoez gainera eta daukaten burdinari esker, anemia-plegu batzuen prebentzioan sekulako eginkizuna betetzen dute. Hala eta guztiz, bitamina horiek guztiak egun osoan zehar bildu daitezke, frutak, lekaleek, barazkiek eta ogiak osaturiko dieta orekatua hartuz gero. Jatorrizko osakeran, bitaminak eta mineralak aportatzen dituzte zerealek, kopuru txikitan bada ere: horregatik eransten dituzte fabrikatzaileek elikagai horiek osatzeko "estrak", aparteko elementuak, alegia.

Azterturiko laginen (beti ere produktuaren 100 gramoko eta egun osorako aholkatutako kopuruaren -EOAK-portzentaiari dagokionez) ekarpena da, batez beste, B1 bitaminaren EOAKaren %102- %110, B2aren EOAKaren %75, B6aren EOAKaren %70- %93, B3aren (niazina) EOAKaren %79-%82, B9aren EOAKaren %78 eta B12 bitaminaren EOAKaren %73-%76. Markak aipatzekotan, nabarmendu beharrekoak ditugu Kellogg´s, Nestlé eta Pascual marketako laginak, bitamina eta mineralen kopuru handiagoak dituztelako. Ekarpen urrienekoak, berriz, Club Party, Cereal Sun eta Hahne dira. Zehatzago adieraz dezagun, Club Party laginaren B2, B3 eta B9 bitaminen kopurua gainontzeko laginenetakoa baino urriagoa da eta Zereal Sun markakoan ez zen hauteman B2; gainera, B1 eta B6 bitaminen kopurua gainontzekoetan baino dezente eskasagoa zegoela atzeman zen. Azkenik, Hahne laginean hautemaniko B2, B3 eta B6 bitaminen eta burdinaren kopurua gainontzeko lagin gehientsuenetakoa baino txikiagoa zela egiaztatu zen.

Mineralei goazkiela, burdina eta sodioa aztertu dira laborategian: sodioaren batez besteko edukia 0,3 mg izan zen produktuaren 100 gramoko; burdina, berriz, 9,3 mg 100 gramoko. Burdina-kopuru hori, egun osorako aholkatzen den osoko kopuruaren %67a da. Burdina gehien agertu zutenak Nestlé (bi pleguetako zerealetan) eta, ondoren, Pascual markako biak izan ziren.

Produktuei bitamina eta mineralak eransten zaizkiela kontuan izaki, osagaien zerrendan halakotzat agertu behar dira; areago, halako edo bestelako bitamina zein mineral ugari dauzkala adierazten duten produktuek, etiketan adierazi beharko dute osagai horietako bakoitza zein den eta zein portzentaiatan dagoen, xehekapen osoz. Horrela egin dute azterturiko lagin denek, Hahne, Cereal Sun eta Club Party markakoek izan ezik: hauetako bakar batek ez du adierazten erantsi omen dituzten mineral eta bitaminen berri. Dena den, hainbat bitamina eta minerali dagokionez, horien osaketa eta gainontzeko markena berdintsuak izateak, horrelako nutrikariak erantsi egin direla pentsatzeko bidea ematen du: horien etiketa zuzen ez dagoela esan dezakegu, horrenbestez. Nutrizioari buruzko informazioa ematen duten laginetan, adierazten den bitamina-kopurua eta benetakoa erkatu dira eta, egiari zor, aitorturiko baloreak eta laboratorioan hautemanikoak oso berdintsuak direla berretsi behar dugu.

Osasun aldetik, denak zuzen

Egoera mikrobiologikoaz ari garela, gosaritarako zerealen bederatzi laginek indarrean dagoen legeria zorrotz betetzen dutela esan daiteke. Laborategian aerobio mesofilo, legamia, lizun, salmonella eta E. colli eta Bacillus cereus izenekoen agerpenik ba ote zegoen bilatu zen. Ikuskaritza analitiko horretan erdietsitako emaitzak asebetetzeko modukoak izan ziren, Hahne markako eztidun arto hanpatuaren kasuan izan ezik: lagin horretan aerobio mesofiloak idoro ziren, arauak onarturiko mugaz azpitiko kopuruan bada ere. Beraz, azken marka honetako egoera mikrobiologikoa ere zuzentzat jo beharra dago.

Beste alde batetik, arauak xedaturikoaren araberako etiketa zuten lagin guztiek agerian, paketearen goialdean, hain zuzen: erraz jakin daiteke horretara begira lotearen zenbakia eta produktuaren iraungitze-data, hau da, zein egunetaraino kontsumi daitekeen. Datu bi horiekin batera, fabrikatzailearen izen eta helbidea eta ontziaren eduki garbia azaltzen dira: hau dela eta, nabarmendu beharra dago lagin guztietan adierazitako edukia eta paketearen benetakoa doi-doi bat datozela, laboratorioan pisatu baitira lagin denak. Betebeharrekoa denez, osagaien zerrenda ere agertzen da ontzian: informazio horretan ez da nahitaezkoa erantsitako bitaminen xehekapenik edo kopuruaren berririk ematea etiketan, baldin eta fabrikatzaileak ez badu erabili publizitatezko erakargarritzat produktuari eginiko mineral edo bitaminen eransketa. Dena dela, komeniko litzateke datu horien berri ematea, erosten ari denaz kontsumitzailea ongi informaturik edukitzearren besterik ez balitz.

Zaporez eta ukituz, arrunt desberdinak

Eztidun zereal hanpatuen dastaketan lehentasunezkotzat jo ziren zaporea eta ahoko ukitua. Ezti-zapore bizia izan, ahoan kirrikatsu agertu eta, esne berotan busti ondoren ere, egitura sendoa daukatenak izan ziren dastatzaileek nahiago izan zituzten zerealak. Puntuaziorik hoberenak Kellogg´s eta Pascualentzat izan ziren, biak ere zazpina punturekin. Bi horietako aurrenekoan gehien gustatu zena itxura eta arto-zapore bizia izan ziren, ukitu kirrikatsuarekin batera. Pascual markakoen ezti-gustua eta ukitua ere izan ziren dastatzaileen gustukoak; gutxien gustatu zitzaiena, berriz, zerealen kolore iluna. Notarik pattalena Hahne markakoek lortu zuten: 4 puntu besterik ez. Hauen zapore gexala eta ukituak (kirrikatsua bai, baina denetan motelena) ez zituzten asebete dastatzaileen zaletasunak.

Txokolatedun zerealetan, funtsezkotzat jo zuten dastatzaileek txokolate-zaporea eta itxura distirantea, ahoko ukitua sendoegi izan gabe. Goiko tokietan geratu zirenak, Nestlé markako txokolatedunak izan ziren, 8 punturekin: itxura ederra eta, produktua esne berotan busti ondoren, mantendu zuen ukitu kirrikatsu eta sendoa nabarmendu ziren. Biziki goretsi zen beste lagin bat Kellogg´s izan zen, bere zazpi punturekin. Proba honetan puntuaziorik txarren edo okerrenak jaso zituztenak Pascual (3 puntu) markakoak izan ziren, distira eskasa, tamaina txikia eta maluten gehiegizko gogortasuna zirela medio. Zaporea ere ez zen izan dastatzaileen zaletasunen araberakoa: txokolate-zaporearen gainetik zerealarena nabarmentzen da, galirin integrala erabili duelako marka horrek, agian. Zerealen azken ahoko ukitua (hau da, kirrikatsu edo gogor ala guriago agertzea), berorien hezetasunaren araberakoa da. Horrela bada, gogortasun handikotzat hartutako batzuk (Pascual) dira hezetasun apalena agertzen dutenak: %1,9 txokolatedunek eta %1,2 eztidunek, hain zuzen ere. Hahne eta Club Party, berriz, kirrikatsu baziren ere, motelenak zirela erabaki zuten dastatzaileek, eta beroriek dira hezetasun handiena dutenak %4,8 eta %3,2 hurrenez hurren. Hezetasunak, nolanahi ere eta arauak xedatutakoa beteko bada, ez du izan behar produktuaren pisu osoaren %12a baino handiagoa. Dena den, lagin guztiak goieneko muga horretatik dezente beherago dabiltza, %1etik %5era bitarteko baloreekin.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto