Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Urtikaria, udaberri-uda garai honetan hain ohikoa dena, dermatosi mota bat da. Azaleko zeinua, papula edo mantxa arrosa edo gorriskak izaten dira eta erdian kolore apalagoa izaten dute.
Oso azkar azaltzen dira, azkura ematen dute eta bilakaera azkarra izaten dute. Aipatu dugun papula gorriari baba ere deitu ohi zaio eta urtikariaren ezaugarririk behinena da. Gorputzeko edozein lekutan ager daiteke eta azalaren kanpoko aldean, goiko dermisean izaten du eragina. Kasu batzutan urtikaria eragiten duen mekanismo berak sakoneko dermisari eta azalaren azpiko ehunari ere eragiten dio. Sintoma nagusia hantura izaten da, ia azkurarik gabea. Angioedema ere izaten da eta urtikaria ez bezala, aurpegian, mihian, atzamar eta behatzetan eta genitaletan azaldu ohi da. Oso ohikoa ez den arren, urtikaria eta angioedema batera ere ager daitezke. Angioedema arriskutsu bihurtzen da arnasbidean (laringearen parean) sartzen bada, arnasketari eragiten baitio eta arazo serioa sor baitezake. Baba edo papula gorria sortzeko mekanismoa azala irrigatzen duten kapilareen iragazkortasuna gehitzea izaten da: lehenik zabaldu egiten dira eta gero likidoak eta zelulek gainezka egiten dute.
Urtikaria oso sarri gertatzen da: biztanlegoaren %20ak bere bizitzan zehar noizbait izaten duela uste da. Agerraldia ordu batzuetakoa edo egunetakoa izan daiteke. Sei aste baino gehiago irauten duenean, urtikaria kronikoa dela esan ohi da. Urtikaria akutua ohikoagoa da haur eta gazteen artean eta kronikoa berriz adin ertaineko emakumeek izaten dute batez ere. Mekanismo inmunologikoek ere eragiten dute urtikaria. Zenbait substantziak antigenoarena egiten du; organismoak arrotz kontsideratzen ditu eta beraz, beste substantzia batzuk -antigorputzak- sortzen ditu horiek indarrik gabe utzi eta ahultzeko. Antigeno-antigorputz erreakzioak aldaketa kimikoak eragiten ditu eta horrela agerpen alergikoak izaten dira, urtikaria horien artean. Antigeno gisa jokatzen duten substantzien zerrenda luzea da, baina maizen agertu ohi direnak behi-esnea, arraina, arrautzak, fruitu lehorrak, penizilina eta deribatuak, sulfamidak eta hainbat intsekturen pozoina (erle eta liztorrena) eta animalien epitelioak dira. Pertsona askok urte-sasoi jakinetan -udaberrian eta udan- izaten du urtikaria eta errinitis edo asma alergikoaren sintomak ere izaten dituzte. Adibidez, txakur, katu edo zaldiaren ileari alergia dion pertsona batek, urtikaria izan dezake animalia horiek ukitzean. Polenari, gramineei eta epitelioei alergia dietenek, beraz, ebitatu egin behar dute animalia horiek ukitzea. Beste kasu batzuetan ez da mekanismo inmunologiko argirik izaten, baina zenbait faktorek estimulatu egiten dituzte mastozitoak -substantzia jakin batzuk (horien artean garrantzitsuena histamina) askatzen duten zelulak- eta basodilatazioa eta azkura handia ematen duten babak sortzen dira. Asko dira histamina aska dezaketen substantziak baina hona hemen garrantzitsuenak: arrautza zuringoa, marrubiak, zitrikoak, tomatea eta mariskoa; tetraziklina, kinina, polimixina, atropina, anfetamina, hidralazina, kodeina eta morfina; Kontraste erradiografikoko produktuak eta organismoak berak sortutako gaiak: behazun-gatzak, tiamina eta dextranoa. Hesteetako parasitoek eta infekziozko zenbait gaixotasunek ere eragin dezakete histamina jariatzea.
Urtikaria substantzia ugarik eragin dezaketenez, kasu batzuetan lan zaila izaten da zein gaik eragin duen aurkitzea. Batzuetan argi izaten da: adibidez otarrainskak jan eta berehala urtikaria agertzen bada, ez dago zalantzarik. Egoera onean ote zeuden pentsatu beharko dugu lehenik, eta gero, arazoa hori ez bazen, gehiago ez jatea izango da onena. Zenbait pertsonak egoera jakinetan izaten du urtikaria: berotan egon ondoren, ariketa fisiko bizia egin ostean... Beste zenbaitek egoera emozional zailak bizi dituenean izaten du negar pruriginosoa. Hotzak ere eragin dezake urtikaria eta familiako gaitza izan ohi da. Ez da berehala azaltzen, hotzetan egon eta ordu batzutara baizik; zenbaitetan artikulazio eta muskuluetako mina ematen du eta baita sukarra eta buruko mina ere. Ez da oso ohikoa eta beste hainbeste gertatzen da eguzkiak eragindako urtikariarekin ere. Arraroak dira. Intsektuen ziztadak, zenbait beldarren edo beste animalia batzuen ukituak ere eragin ditzake papula edo baba txikiak, ukitu den lekuan.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
CONSUMER EROSKIn zure datuen pribatutasuna oso garrantzitsutzat jotzen dugu, lege oharra. © EROSKI Fundazioa