Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Dagoeneko ez gara harritzen gure errepideetan zehar adin guztietako eta gorpuzkera ezberdineko zikloturistez osatutako taldeak bizikletaren gainean ikusita.
Izan ere, gero eta ohikoagoa da bi gurpilen zale hauen "tropelak" bidean aurkitzea, larunbat eta igande goizetan batez ere; bizikletaren gainean kirol pixka bat egiteko eta kruzeroko abiaduran ematen dute denbora librea. Ez da lehiarik, ondo pasatzea, oxigenoa hartzea eta gure gorputz nagiari sedentarismoaren aurrean ez dugula amore emango eta kirolerako prestazioak ere eskatzen dizkiogula gogoraraztea da helburu bakarra. Zikloturismoa jolas eta kirol-jarduera da eta arrazoi ugari dago gero eta partaide gehiago izan ditzan: oso garraio bide merkea da bizikleta, ia edozeinek erabil dezakeena, adina edo egoera fisikoa edozein dela ere. Gainera, bizikletak ez du ingurugiroa kutsatzen, oso isila da, ariketa fisikoa egitera behartzen gaitu, zenbait lesiotatik errekuperatzen lagundu, estresa gutxitu eta hori gutxi balitz, naturarekiko harremana bultzatzen du. Akats bakarra du: gaur egun arriskutsua da bizikletan ibiltzea, txirrinduzaleek bizikleta baino ibilgailu motorizatu handi eta sendoagoekin konpartitu behar izaten baitute errepidea eta askoz ere abiadura handiagoan ibiltzen baitira beste ibilgailuok. Arazo honen benetako konponbide (erreal) bakarra, gaia aztertu dutenen iritziz, txirrinduzaleentzat bide bereziak sortzea da.
Baina esandakoa ez da txirrinduzale arradikalek edo errealitatetik urruti bizi direnek defendatutako utopia: bizikletentzako estatu eta eskualde mailako bide-sareak errealitatea dira Europako zati handi batean. Horrela, Holandako Bizikleta Sareak 18.000 kilometro ditu eta Finlandian 10.000 kilometro osatzen dute guztira txirrinduzaleen bideek; Suedian eta Erresuma Batuan ia 6.000 kilometro dituzte. Zifra horiek inbidia eragiten digute, izan ere Espainian aipatzekoa ere ez da oraindik bizikletentzako bide berezien kilometro kopurua. Espainian hainbat proiektu dago txirrinduzaleentzat errepide-azpiegiturak sortzeko. Ekimenik garrantzitsuena Fundación de Ferrocarriles Españoles delakoak bultzatu duena da: gaur egun erabiltzen ez diren trenbide zaharrak (7.000 kilometro guztira) berreskuratu nahi ditu turismo alternatiboko bide gisa erabiltzeko. Orain arte ia 650 kilometro egokitu dira, baina zikloturistak ibiltzeko moduko zatiak 2.000 kilometro inguru dira. Europako txirrinduzaleen bide-sarea berriz nabarmen handituko da Euro Velo proiektuari esker. Proiektu hori, kontinente guztiko 52 erakundek osatzen duten Europako Txirrindularien Federazioak bultzatzen du eta Europako kontinentea Iparraldetik Hegoaldera eta Ekialdetik Mendebaldera zeharkatuko duten 12 bide handiko sare bat sortzea du helburu.
Zikloturismoa ia adin mugarik gabe praktika daiteke eta hala egiten du hainbatek: ikusi besterik ez dago 70 urtetik gora izan arren bizikletaren gainean nola saiatzen diren. Bihotz, arnasa, hezur-artikulazio edo muskuluei dagokionez ere ez du ia kontraindikaziorik. Erraza da esfortzuaren erritmoa, intentsitatea eta esfortzu horrek organismoarengan duen eragina kontrolatzea (pultsometroa erabiliz) eta horri esker, arazo kardiobaskularrak dituzten pertsonak ere ibil daitezke bizikletan, lautadan eta garapen gogorregirik gabe. Bestalde, asmatikoek ere hobeto jasaten dute zikloturismoa korrikaldi jarraia baino. Kirola egiten den bitartean elikadura erregular zaintzeko aukera denez, kirol erraza da diabetikoentzat ere. Horrez gain, pertsona lodientzat eta beheko gorputz-adarretako artrosia duten pertsonentzat ere gomendagarria da bizikletan ibiltzea, pedalkadetan ez baita txoke bortitz errepikaturik egiten eta zangoek ere atseden hartzen dute, gorputzaren pisuari eutsi beharrik ez dutenez (pisuari eserlekuak eusten dio). Mokorren jarrera ere -- tolestuta edo erdi tolestuta-- oso erosoa da hauentzat. Bestalde, belaunetako arazoak dituztenentzat ez dela gomedagarri esan izan den arren, ongi toleratzen da menisko edo ligamentuetako lesioetan ere, lehen aipatu bezala txokerik ez denez, garapen arinak erabiltzean tendoietako tentsioa txikia delako eta belauna erabat luzatzen ez delako. Belaunezurreko zenbait arazotan, baina, ez da kirol hau gomendagarria. Bestelakoan, kirol osasungarria, egokia eta gomedagarria dugu, ia mundu guztiarentzat.
Zikloturismoak, naturak, kulturak eta historiak bat egiten dute penintsula iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera zeharkatzen duten lau ibilbide hauetan.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
CONSUMER EROSKIn zure datuen pribatutasuna oso garrantzitsutzat jotzen dugu, lege oharra. © EROSKI Fundazioa