Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Baso-suteak: Prebenitzea, sua itzaltzearen pareko

Urtero-urtero gertatzen dira Estatu espainolean hamar mila eta hogei mila bitarte baso-sute, horien erdiak ia, probokatuak.

Eraginak ezagunak izateak ez du esan nahi ezbeharrak larriak ez direnik: garrek urtearen buruan 1.000 milioi zuhaitz baino gehiago irensten dituztenez, 200.000 edo 400.000 hektarea kiskalirik, hauts bihurturik gertatzen dira, 1994 urteko datuen arabera. Estatuak dituen 22 milioi hektarea basoetatik azken urteetan milioi bat inguru hektarea galdu dira. Beste datu kezkagarri bat oraindik: lurralde horretako arboladun azaleraren %41 dago gaurregun suaren ondorioek eraginik. Baso-suteen zergatiak era askotakoak dira. Besteak beste, hortxe dugu gai biziaren guztirako masaren -biomasa- metaketa, basoaldeak oker kudeatu izanaren ondorioz. Landare-gaiaren suharkortasunak gora-behera handiak agertzen ditu, hezetasunaren arabera: udan hezetasun horren erdia, izan ere, galtzen du basoak.

  Artzaintza bertan behera utzi izanak eta gaurregun sutarako egurrik ez jasotzeak ondorioztatzen dute lurrean hildako landare-gaia larregi biltzea: sutea egokitzen denean hau da, jakina, garrak lehen eta errazen irensten duena. Suak aise irensten dituen konifero ezagunekin basoa ugaltzeak ere ez du gutxi laguntzen horretan. Espekulazio urbanistikoa, zuraren merkatua eta asegurua kobratzea dira sute probokatuen zergati nagusiak. Azkenean, baso-suteen arrazoi behinenetako bat ezin ahantzirik utz dezakegu hemen: pertsona batzuen axolagabekeria (asteburu eta jaietan, batez ere, mendira ateratzen direnean), bidezko neurriak hartu gabe erretzen baitituzte beren kostila edo txuletak. Dena den, poxpolo eta zigarroak behar ez bezala jaurtitzea eta suak oker erabiltzea da suteen lehen arrazoia.

Kalkuluen arabera, Estatu espainolean urtero horrelako suteek eragiten dituzten galerak 50.000 milioi pezetaraino iristen omen dira. Ondorenak, halaz ere, ezin neur litezke suntsituriko egurraren arabera soilik, ingurugiro-alorreko galerak dezente garrantzitsuagoak direlako. Oxigenoa produzitzen du basoak, ura erakarri eta atxikitzen du, erosioari aurre egiten dio eta aniztasun biologikoa magaldu ez ezik, mantendu ere egiten du. Sutearen ondoren, baliteke basoak ehun eta hogei bat urte behar izatea bere burua sendatu eta suspertzeko: garrak itzali direnetik 10 edo 15 urtera basobera, txaraka sortzen da baina beste hamabost-hogei bat urte itxaron beharko da, erabateko zuhaitz-estratoa osatzeko; handik 30 edo 40 urte inguru pasata, neurri ertaineko sastraka zuhaiztuna haziko da eta hurrengo 50 urteetan agertuko da basoa ostera bere osotasunean.

Garrantzi nagusia, prebentzioa

Ekologistek ohartarazten dutenez, prebentzio egokia baliatuz, horrelakorik ez gertatzea da suteen egiazko konponbidea. Greenpace-ko Espainiako lehendakari Xavier Pastor-en iritziz, "oporraldietako informazio-hutsuneak betetzen dituen udako gai topikoa" dira baso-suteak. Urtearen gainerakoan, profesional, basozain, injineru eta ekologistok gizarteak basoa begira dezan eskean aritzen garen arren, jendeak bestelako kezkak, larriagoak, ditu gainean. Sutea gertatu denean, profesionalen koordinazio eta jardute aproposa martxan jartzea baizik ezin espero dezakegu; hori eta norbaiti otoitz eginik, gora-behera metereologikoak aldeko izan ditzagun. Baina benetan zerbait egin daitekeen garaian, urtearen gainerako horretantxe hain zuzen, basoa ez da albiste." Erakunde horren arabera, azken urteotan ahaleginak suteak itzaltzera ia-ia bakarrik bideratu dira: sua hautemateko metodo lasterrak martxan jartzea, aire bidezko bitartekoak eskuratzea, suteen kontrako pertsonala kontratatu eta prestatzea edota administrazio publikoak elkarrekin koordinatzea. Baina sute-hasieren kopurua etengabe doa gora urterik urte.

Greenpeace-ren aburuz, basoari zor zaion maila aitortzearen bidetik etorriko da konponbidea: eskaini behar zaizkion diru-kopuruak aurrekontuetan izendatuz eta basoan lanean ari diren sektoreei sostengua eskainiz, alegia. Sutearekin loturiko interes ekonomikoak hautematen direnean, berriz, gertaera judizialki ikertu eta erantzukizunak garbi daitezen proposatzen du Greenpace-k. Eta, amaiera emateko, iraganaldiko aztura eta inertziak bazterturik, ingurune ekologikoa -ez negozio hutsean soilik- oinarrituriko baso-ugalketak egin daitezen iradokitzen du.

Baso-suteak direla eta, zer ote dio legeak?

Baso-suterik gertatzekotan nolako zigorrak aplikatu beharko liratekeen xedatua du Estatu espainoleko Kode Zibil berriak. Honela dio bertako 352. artikuluak argi eta garbi, adibidez: "Mendi edo baso-masetan sutea probokatzen dutenek urtebete eta bost urte bitarteko gartzelaldiko zigorra nozituko dute eta, gainera, hamabitik hamazortzi hilabetetako isuna ordaindu beharko dute. Pertsonen bizia edo osotasun fisikoa arriskutan gertatu bada, 351. artikuluan aurreikusi bezala zigortuko da delitua (5 - 10 urte)". Baso-suteen ondoriozko espekulazio-kontuei dagokiela, zorrozki dio Legeak honela 355. artikuluan: "Epaile edo Auzitegien eskumena da, baso-suteak eraginiko eskualdeetan, lurzoruaren kalifikazioa ezin aldatuzko bihurtzea hogeita hamar urterainoko epean. Era berean, suteak eragindako tokietan gauzatzen ari ziren erabilerak mugatu edo debekatu ere egin ditzakete, baita sutetik datorren egurra administratiboki desjabetzea ere."



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto