Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Azaleko gaia

^

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Santiago Bideko 98 aterpetxetara bisitan: Ia denek dute oinarri-oinarrizkoa; hoberenak, Errioxa eta Galizian

Hurrengo hilabeteotan 99 Urte Xacobeo hori sekulako fenomeno turistiko bilakatuko da: aurreko "urte santuan" (1993) pelegrinen kopurua erdira ere iritsi ez zelarik, aurten Santiago Bidea milioi laurden bat erromesek egingo dutela espero da.

Hamarretik bat, suspentso

CONSUMER aldizkariak agertu ohi duen puntuazio-sistemari jarraiki, aterpetxeen %10ak suspentso lortu du azterketa honetan, erromesari (luxurik gabe baina gutxien-gutxieneko erosotasunaz) atsedena bermatzen ez diolako. Hurrengo baterako geratu direnak hauek dira: Calzadilla de la Cueza-ko zaharra eta Boadilla del Camino-koa (Palentzia); Hontanas-eko (Burgos) zaharra, Alto Do Poio (Lugo) eta Leongo Acebo de San Miguel, Calzada del Coto, El Ganso, Bercianos del Camino eta Rabanal del Camino-ko udal aterpetxea. Gauza bitxia bada ere, probintzia honetan topatuko ditugu puntuaziorik hoberena altxa duena (Leongo udal aterpetxea, 9,3 puntu) eta okerreneko kategoriakoa (Bercianos del Camino, bi puntura iritsi ez dena): zentro horiek eskaintzen duten kalitatearen desmaila handiaren agerpena da hori, hein handi batez.

Aterpetxerik onenak, zortzi puntuen mugaz gainetik dabiltzanak, hurrengoak dira: Ribadiso da Baixo, Arca O Pino, Melide eta Galiziako Xuntak Santa Irenen duena (denak ere, A Coruñan); O Cebreiro, Triacastela, Palas de Rei eta Portomarín, Lugon; Leongo udal aterpetxea eta Mansilla de las Mulaskoa, probintzia horretan; Logroño eta Navarrete-koak (Errioxa); Lizarra eta Urantziko udal aterpetxea Nafarroan; Terradillos de los Templarios eta Carrión de los Condes-eko klarisa lekaimeena (Palentzia) eta, Burgosen, Belorado-ko aterpetxea, azkenik.

Nafarroa eta Palentzian, aterpetxerik garestienak

Finis Terrae-rako txango horren bereizgarri nagusia aspaldi-aspalditik izaki, austeritatearen aurka egin nahi omen dute aterpetxe batzuek, gau ematearren erromesari dirua (1.500 pezetaraino) eskatzen diotelako. Beste zenbaitetan (direnen erdiak), doanekotzat agertzen badira ere, bidaztiaren borondateari dei egiten zaio, aterpetxearen mantenimendu- eta artapen-gastuak ordaindu ahal izatearren. CONSUMER-ek doanekotzat azken hauek bakarrik jo ditu, hau da, oparirik ematea onartzen duten arren, erabiltzaileari diru-kopuru jakin bat eskatzen ez dioten aterpetxeak. "Kobratu" egiten duten aterpetxeetan, printzipioz, adierazitako kopurua ordaindu behar bada ere, dirurik ez entregatzeak ez ohi dizkio inori ateak itxi.

Nolanahi ere, txostenak egiaztatzen duen bezala, aterpetxeen kalitatearen eta ordaindu edo ez ordaintzearen arteko erlaziorik ez dago: horra hor, froga gisa, Galiziako horrelako zentruen sarean -kalitatez Errioxakoak bakarrik gainditzen duelarik-, Lugoko ia aterpetxe guztiak ditu erromesak dohainekoak eta A Coruñakoen lautatik hiru. Zoragarria da, izan ere, Galiziako egoera: Lugon, Alto Do Poio-n (400 pezeta eguneko) bakarrik ordaindu behar da; A Coruñako doanekoak ez diren bietako tarifak 500 eta 1.500 pezeta dira, hots, Belvis-ko (Santiago Compostelakoa) Seminario Txikian eta Santa Irene-ko pribatuan. Doanekotasun-indize hori %65era jaisten da Burgosko aterpetxeetan eta %50era Errioxakoetan, %45era Palentzian eta %40eraino Leonen. Nafarroan, ostera, erromesak Bide Frantseseko aterpetxe ia guztietan ordaindu beharko du (aztertu diren 13etatik hamaikatan); kobratzen duten Nafarroako zentroetan dagoen batez besteko prezioa (514 pezeta eguneko), denetan bigarren altuena da, gainera: foru erkidegoko aterpetxeek gaueko 300 pezetatatik (Gares eta Biana) 1.300etaraino (Urantziko Casa Alberdi pribatua) kentzen dute. Leonen prezioa kobratzen dutenek (guztira 31 izaki, 19 dira horrelakoak) batez beste 413 pezeta kentzen dute gaueko, merkeena Santa Catalina Somoza-koa delarik (200 pezeta). Pereje-koak 1.300 pezeta kobratzen du, maindire-sorta osoa eskatzen denean (azpiko izara bakarrik hartuz gero, tarifa 800 pezetara jaisten da). Prezioen erlazio hau harrigarri xamar gertatzen da, Errioxan kobratzen duten hiru aterpetxeetako tarifa apal-apalekin konparatuz gero, batez beste 300 pezeta inguruan dabiltzalako prezioak, bertako zentruak Bide Frantses osoko kalitaterik hoberenekoak izaki. Palentzian (ekipamendurik eskaseneko aterpetxeak bertan direla), doanekoak ez diren sei zentruetako batenaz besteko prezioa 550 pezetaraino igotzen da, hau da, erkaturiko sei probintzietako tarifarik garestienak. Lurralde horretako prezio beherenekoa 200 pezetakoa da (Frómista-n) eta garestiena 1.000 pezetaraino joan da (Carrion de los Condes-ko klarisa lekaimeen Santa Clararen monastegiko aterpetxean (maindire eta bainu-toailak barne) eta Lédigos eta Terradillos de los Templarios-ekoak (bi hauetan, 500 pezeta soil-soilik ordainduta, koltxoia lurrean zabaldu eta hantxe lo egiteko aukera izango du erromesak). Burgosen kobratzen duten bost aterpetxeak (bederatzi dira, guztira), azkenik, gaueko 420 pezeta kentzen dute, batez beste. Tarifa apalena (300 pezeta) Villafranca Montes de Oca-koan eta hiriburukoetan eskatzen duten bitartean, garestiena (500 pezeta) Olmos de Atapuerca, Hornillos del Camino eta Hontanas herrietakoetan kobratzen da.

Mantenimendu eta garbitasunean, oso ongi

CONSUMER-ek eginiko balioespenaren arabera, alderdi honi dagokionez aterpetxeak ongi baino hobeto daude, batez beste atera duten nota "oso ongi" izan delako. Nabarmentzekoak ditugu A Coruñakoak, hauetako egoera eta mantenimenduak "bikaina" erdietsi dute eta. Beste muturrean ikusten dugu Palentziako sarekoak, garbitasunez ondo baina mantenimenduan suspendituta. Hurrenkera zehatzago bat egiten badugu, San Juan de Ortega-ko (Burgos) eta Boadilla del Camino-ko (Palentzia) aterpetxeek nozitzen duten artapen-egoera tamalgarria dugu azpimarratzekoa, denetan nabarmenena Leongo Bercianos del Camino-koari ematen zaion tratamendua bada ere.

Ikuskaritza egin zen unean (aurtengo apirilean), aterpetxeen %20 eraberritzeko lanetan ari ziren. Zehazkiago derragun, Leongo 10 aterpetxe (aipatu berri dugun okerrena, horien artean: Bercianos del Camino-koa), Burgosko hiru, Nafarroako, Palentziako eta Lugoko bi, eta Errioxako bat zeuden igeltsero eta besteren konponketa lanen hobekuntza hartzen. Amaiera emateko, Bide Frantsesean Errioxa, Burgos, Palentzia eta Lugoko aterpetxe guztiak bakarrik daude urte osoan zehar zabalik. Eskaintza anitz horren salbuespenak A Coruñako Santa Ireneren aterpetxe pribatua, Iruñekoa (biak ere apiriletik irailera bitartean irekita) eta Urantziko udal aterpetxea (azarotik otsailera arte itxita). Hauekin batera Leongo beste sei erantsi behar zaizkio, irekialdi mugatua baitute: Sahagun-go Trinidad (apiriletik urria arte), Sahagun-go udal aterpetxea (azarotik matxora), Rabanal del Camino-ko Gaucelmo (apiriletik urrira arte), Rabanal-go udal aterpetxea (maiatzetik irailera bitartean), Cacabelos (apiriletik urrira arte) eta Bierzo-ko udal aterpetxea (apirilaren 1etik urriaren 15era arte zabalik).

Aterpetxe-inguruneetan farmazia gutxi

Aterpetxeen %65etan bakarrik har dezake erromesak osasun-asistentziarik zentruaren inguruneetan (kilometro batera). Gabezia hori larriagoa da Burgosen eta Lugon, herrialde horietako aukera aterpetxeen %43 eta %33ra jaisten delako; Palentzian eta Errioxan, berriz, ikuskatu ditugun erromesentzako aterpetxe guzti-guztien inguruneetan daude osasun-ekipamenduak. Farmaziak -bi aterpetxetik bakar batean gertuko direla- ere, ez dira ugari aurkitzen. Eskaintzarik kaskarrena, berriro ere, Lugo, Burgos (%35 inguru) eta Palentzian (%27) egiten da.

Bestelako zerbitzuez ari garela, erromesarentzako informazio-bulegoak aterpetxeen %70en inguruneetan bakarrik daude, turismo-bulegoak zentru horien %35etan eta, motxila elikagaiez eta premiazko produktuez betetzeko moduko dendak, azkenik, aterpetxeen %65ean. Kutxazain automatikoak eta bizikletak konpontzeko lantegiak aterpetxeen %40en kasuetan soilik daude gertu.

A Coruña eta Lugo, Donejakue Bidean telefono higikorra erabiltzeko aproposenak

Aterpetxeetan erabilera publikoko telefono urri aurkitzea (bi zentrotik bakar batek baizik ez du horrelakorik) izan liteke motxilan telefono higikorra daramaten erromesen kopuruak (hemen ere, bitik batek, CONSUMER-ek eginiko inkestaren arabera) gora egin izanaren zergatia. Horrelako telefonoak biziki eraginkorrak gertatzen diren arren, bidaztiak jakin behar du estaldurak gora-behera handiak dituela, eskualdearen eta telefono higikorraren marka eta modeloaren arabera.

Lau telefono higikorrekin (Moviline, Movistar, Airtel eta Amena) Bide Frantseseko 99 aterpetxeetan proba egin ondoren, ondorioa hauxe da: telefono guztiek dute estaldura Lugo eta A Coruñako aterpetxeetan; Moviline, Errioxan, aterpetxeen %80etara eta Nafarroakoen %77etara bakarrik iristen da. Herrialde horretan, Airtel-ek aterpetxeen %84an ematen du zerbitzua. Baina, telefonia higikorreko lau marketatik, bat ere ez zen erabilgarria Leongo aterpetxeetako batean eta denek ere Burgosen agertzen zuten estaldurarik kaskarrena: Moviline aterpetxeen %43ra bakarrik iristen zen, Airtel %57ra, eta Movistar eta Amena %64ra, alegia. Beste alde batetik, Moviline eta Movistar markakoek estaldura ona zuten Palentziako zentroen %72an, Airtelek %54an eta Amenak, onena berau, %81ean.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto