Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Hona hemen kontsumo gizarte honen ezaugarririk argienetako bat: herritar asko gure ahalmenen gainetik bizi gar(el)a. Ordaintzeko behar den adina diru bildu aurretik gozatzen ditugu ondasunak (etxebizitza, autoa, hozkailua).
Kontsumitzaile batek bidaia kontratatu zuen agentzia batean eta honek mailegua kontratatu zion finantza- erakunde batekin. Erakunde horrek esklusibitatea zuen agentziako bezeroei ematen zitzaizkien maileguetan, elkarte bien arteko akordioaren arabera.
Kontsumitzaileak kontratatuta zerbitzua ez zuela behar bezala bete leporatu zion agentziari eta utzi egin zion finantza-erakundeari epeak ordaintzeari. Honek kontsumitzailearen aurkako demanda ezarri zuen, zor zion kopurua ordaindu ez zuelako. Garai hartan Kontsumorako Kredituen Arteztarau Europarra hemengo araudira egokitu gabe zegoenez, Europako Epaitegiak -1996ko martxoaren 7ko epai bidez- erabaki zuen kontsumitzaileak ezin zuela finantza-erakundearen aurrean agentziaren aldetik zerbitzuetan akatsik izan zenik argudiatu eta beraz, Kode Zibileko 1257. artikulua, kontratuek sinatzaileak bakarrik lotzen dituela ezartzen duena, aplikatu zen.
Garai hartan arteztaraua gaur egun bezala Kontsumorako Kredituen Legearen bidez egokiturik izan balitz, kontsumitzaileak finantza-erakundearen aurrean bidai-agentziak kontratua ez zuela behar bezala bete argudiatu ahal izango zuen, ez ordaintzea justifikatzeko.
Kontsumitzaile batek autoa erosi zuen jabari erreserbako hitzarmeneko finantziazio-kontratu bidez. Hau da, erosleak mailegua osorik ordaindu arte finantza-erakundea zen autoaren jabe. Jabari erreserbaren klausula Epekako Salmenten Erregistroan inskribatu zen eta kontsumitzailea Gizarte Segurantzarekin zorretan zegoenez, autoa enbargatu zuten Zamorako Trafikoko Erregistroan Gizarte Segurantzaren alde. Gertaera horien aurrean, finantza-erakundeak epaitegietara jo zuen, jabari erreserbak argudio gisa babesten zuelakoan; horri esker, autoaren jabe baitzen eta beraz, beste inork ezin zuen autoa enbargatu.
Zaragozako Lurralde Auzitegiak (1997ko maiatzaren 29ko epaia) erabaki zuen jabari erreserbako hitzarmena dela epekako eragiketetan garantia nagusia eta beraz, prezio osoa ordaindu artean ezin dela jabetza efektibotzat hartu. Formula horren bidez, erosleak gozatu egin dezake erositakoa, baina ez da haren jabe. Kasu konkretu honi dagokionez, saltzaileak eskuratua zuen diru-kopuru osoa eta beraz, finantza-erakundearena zen jabetza.
Emakume batek mailegu baten poliza sinatu zuen ordenadore bat epeka erosi ahal izateko; polizaren baldintza orokorretan baimena ematen zitzaion finantza-erakudeari saltzaileari ordainketa zuzenean egiteko eta ondasunen jabaria erreserbatzen zitzaion, 1965eko Epekako Salmentaren Legeak arauturiko eragiketaren bidez. Azkenean, kontsumitzaileak ez zuen ordenadorea jaso eta ez zion finantza-erakundeari gehiago eperik ordaindu; erakundeak, saltzaileari erosketa ordaindua zionez, demanda jarri zuen ordaindu gabeko kuotengatik.
Granadako Lurralde Auzitegiak, 1997ko urriaren 11ko epai bidez, erabaki zuen erosleari finantziatukoa gaia entregatu zitzaiola egiaztaturik ez zegoenez, kontsumitzaileak ez zuela finantza-erakundearen aurrean inolako ordainketarik egin beharrik, bestela bere kalterako desfasea gertatuko baitzen. Epaiaren arabera, finantza-erakundeak saltzaileari ordaintzeko baimena bazuen, egiaztuta egin behar zuen saltzaileak bezeroari ordenadorea eman ziotela. Beraz, zabarkeriaren ondorioak bere gain hartu eta, maileguaren polizaren arabera, ezin dio kontsumitzaileri ordaindu gabeko kopurua ordaintzerik erreklamatu.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
CONSUMER EROSKIn zure datuen pribatutasuna oso garrantzitsutzat jotzen dugu, lege oharra. © EROSKI Fundazioa