Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Gustavo Bueno, irakaslea eta filosofoa: "Hirugarren Adina kontsumo-gizarte honen asmakizuna da"

  Gustavo Buenok (1924, Santo Domingo de la Calzada). Logroño, Zaragoza eta Madrilen egin zituen ikasketak. Salamancako "Lucía de Medrano" Institutuko irakasle eta zuzendari izan da eta 1960tik joan den urtera arte, Filosofia eta Historiaren Oinarrien katedra bete du Oviedoko unibertsitatean. Gustavo Buenok jakintzaren multzoko elementu gisa filosofiak duen funtzioa defendatu izan du eta filosofia jakintzari osotasuna ematen dion elementu gisa. Ikuspegi marxista hartuta, materialismo dialektikoaren oinarriak berriz jartzen ditu Buenok, ortodoxiatik urrundu eta praktikan oinarrituta, jakintzaren praktika ere barne dela. Bere obrarik garrantzitsuenak: El papel de la filosofía en el conjunto del saber, El animal divino, ¿Qué es la filosofía? eta ¿Qué es la ciencia? dira.

Ez du beste egitekorik gabe obra publikoei begira edo etengabe paseoan ibiltzen den erretiratu bihurtu nahi, denbora nola pasatzen den ganora gabe begira geratu gura. 74 urterekin, Gustavo Bueno filosofoak lezioak ematen dizkio oraindik entzun nahi dionari. Antzinako garaietatik gizakiaren kezka izan diren ideia eta obsesioak bizirik dira oraindik gizon ospetsu honengan; berak ñabarduraz jantzi ohi ditu ideiok, haizearen kontra joanez, gehienetan.

"Platon bezala" 90 urtetara iristea espero duen pentsalari errioxar honentzat Hirugarren Adinaren ideia faltsua da, "kontsumo gizarteen produktu tipikoa baizik ez" eta lan intelektuala ez da esistitzen: "pentsatzen baino arituko ez bagina, lo geratuko ginateke". Buenok hitzaldietan jorratu ohi duen hainbat gairen sustraian sakondu nahi izan du CONSUMERek (Hirugarren Adina, lana eta aktibitatea, gizarte-bizitza eta eguneroko bizitza, ingurugiroa...) eta horretarako Asturiaseko Niembro basora joan gara, irakasle honek biziaren hari-mataza askatzen duen lekura.

Nola hartu behar ditu gizakiak erretiroaren ondorengo urteak?

Hirugarren Adinaren kontzeptua faltsua da, gizarte klase bihurtu nahi duten kolektibo estatistikoa baino ez baita. 1,80 metro altuera eta ile horia duten herritarren talde bat egitea bezala da. Zaharrak izate hutsagatik ez dugu gainerako guztian berdin izan beharrik. Ni gazteekin harremanetan egon izan naiz beti eta orain ez dut zahar talde batekin Benidorm-era joateko arrazorik ikusten. Hirugarren Adina kontsumo-gizartearen eta gizarte kapitalisten produktu tipikoa da. Jubilatuen Etxeak eta Egoitzak sortzen dira, getto gisa funtzionatzen dute. Adinekoak adinekoekin egoten dira eta helburu nagusia pertsona horiek entreteniturik edukitzea da. Horregatik, ezer egin gabe bizi direnen klase berri horrek turismoa, dantza eta antzerkia egiten du, edo animatzaileek agintzen dutena. Horrela, beraz, umetzea edo sasi-nerabezaroa sortzen da, udaleku edo kanpamenduetara joaten diren neska-mutilekin bezala. Nik oso tristea deritzot horri. Baina gauza positibo bat ere ikusten dut kontu honetan. Adibidez, bidaia horiei esker hainbat pertsonak lehen aldiz ikusten du itsasoa.

Baina hainbeste lan egin eta gero, adinekoek ez al dute bizitzaz gozatzeko eskubiderik? Ez al dute atsedenik merezi?

Merezitako atsedena ere berez esistitzen ez den kontzeptu moderno bat da. Gizakiak hiltzean hartzen du atseden: betiereko atsedenarekin, une horretan hartuko dugu benetan atseden. Gizakiak, ezindurik ez badago behintzat, -eta 25 urteko gaztea ere egon daiteke ezindurik- lan egin dezake, gehixeago edo gutxixeago, baina beti du bere komunitateari emateko zerbait. Gaur egun, hirugarren adina errentarien klase bihurtzen ari da: atseden hartu eta kontsumitu besterik ez dute egiten, pasa diren mendeetako hainbat gizarte-mailak bezala, lan egitea gaizki ikusia baitzegoen eta azkazalak luze lagatzen ziren, kolperik jo gabe bizi zela argi uzteko. Nire ustez zaharrok probetxuzko lanak, lan sozialak, egin behar genituzke gure gizartearentzat.

Lanari loturik atsedenaren ideia dago. Nola definituko zenuke?

Lanaren ideiak bi ildo ditu. Bata, lan fisikoarena, jende guztiak egiten duena: meatzariak, gidariak, Leonardo da Vincik bere pintzelarekin edo idazleak luma erabiliz egiten duena. Lan intelektuala kontu hutsa da, beti izaten baita lan fisikoa, idaztea, orriak pasatzea e.a. Pentsatzeak logura sentitzera eta loak hartzera baino ez gintuzke eramango. Beste ideia lan sozial edo ekonomikoarena da, soldatapeko lanarena. Lan egiteagatik ordaintzen digute. Zenbait lan fisiko ez dira soldataz ordaintzen. Adibidez, footing egiten duen gazteak, lan fisikoa egiten du, baina klub batek hori bera egiteagatik ordaintzen badio, lan ordaindu bihurtzen da. Gai honekin gauza bitxiak gertatzen dira: adibidez aita batek bere semeari matematikako ariketak egiten irakastea lan fisikoa da eta irakasle batek, klase partikularrak emateko lan ordaindua kentzen ari zaiola lepora diezaioke. Arrazonamendu hau (jarduera ordainduak usurpatzea) muturreraino eramanez gero, ezingo genieke seme-alabei inolako aholkurik eman, ikastetxeko psikologoaren soldatapeko lana baita. Ondorioz, ez da ezer gertatzen zaharrok lan batzuk eginda ere.

Azken aldian gutxietsi egiten da politikaren inguruko guztia eta denongan eragina duten erabakietan gizarte zibilak zeresan handiagoa izan behar lukeela dioten ahotsak entzuten dira. Zer irizten diozu?

Gizarte zibila gizarte politikoari kontrajarrita dagoela uste izaten da eta ideala ordezkatzea litzatekeela. Lehenik eta behin, gizarte politikoa eta gizarte zibila gauza bera direla esan nahi nuke. Bata grekeraz da (polis) eta bestea gauza bera baina latinez (civis) eta "hiriaren gobernua" besterik ez dute esan nahi. Etimologikoki gauza bera esan nahi duten arren, jendeak bereiztu egiten ditu, estatua alde batetik eta gizarte zibila bestetik. Azken hori talde, kolektibo, fundazio, gobernuz kanpoko erakunde eta abarrek osatzen baitute. Nik beste sektore bat ere erantsiko nuke, merkataritza, irabaziaren inguruan mugitzen diren elementu guztiek osatua. San Agustinek ere antzeko bereizketa bat egiten zuen: "Jainkoaren hiria", lurreko hiria baino atsegingarriagoa. Politikaren kontzeptu peioratibo hori antzina-antzinatik dator, beraz. Nire ustez, gizarte zibilak gizarte politikoaren beharra du bizirik irauteko. Gobernuz kanpoko erakunde bat edo Eliza, estatuari lotuta daude gehiago edo gutxiago, dirulaguntzaren bitartez, edo giza-laguntza banatu beharra dagoen unean, behar beharreko izango baitute estatua eta bere azpiegitura. Gainera, nire ustez gizarte zibil gainbaloratu hau multinazionalen interesek baldintzatzen dute.

Gizartearen beste joera bat ekologiaz, ingurugiroari dagozkion arazoez kezkatzea da. Nondik sortu da zure ustez interes hori?

Ingurugiro eta ekologia kontzeptuak industri iraultzatik sortu ziren. Garai hartan, naturak gizakiaren zerbitzura egon behar zuela uste zen: edozer gauza egin zitekeen naturarekin, agortezina baitzen. Gizakiak menpean izango zuen beti natura. Baina azken hamarkada hauetan guztiz bestelakoa da kontua. Izaera panteistako ideologia indar hartuz joan da: naturako elementu guztiak jainkoak eta beraz gurgarriak dira. Gizakia naturaren zerbitzura. Lehen bonba atomikoa bota zenean, indar handiagoa hartu zuen jarrera ekologistak eta gizakiak ingurugiroari horrela eraso egiteko eskubiderik ez duela uste izatera iritsi gara, naturarekiko zorretan gaudela eta gizakia ez dela Kreazioaren jabe. Gero Gaia Proiektua etorri zen, biosferaren ideiari lotua. Eta berriki Simio Proiektua, txinpantze, orangutan eta gorilen giza-eskubideak defendatzen dituzten etologo batzuen eskutik. Etologoen ustez animalia horiek nolabaiteko maila intelektuala dute eta inteligenteak dira. Natura den guztia errespetatu beharra al dago? Hala bada, ezin izango genuke animaliarik jan, ez eta landarerik ere, bizidunak baitira. Bakterio eta birusak bezala, horiek ere natura dira. Nork jartzen du muga?



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto