Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Apar moldeatzaile estra-sendoak: Antzekoak denetan, prezioan izan ezik

  Laka edo "gomina" tradizionalen aurka, espraietan ontziratutako apar ile-moldeatzaileak ugaldu dira azken urteotan. Batez ere gazte-jendeari zuzenduak, finkapen normal, sendo edo estra-sendoko apar moldeatzaile gisa agertzen dira.

Gehien saltzen direnen eraginkortasuna ezagutzeko, finkapen estra-sendoko zortzi apar-lagin aztertu dira (Grafic, New Wave, Nelly, Studio Line, Llongueras, Henry Colomer, Poly Swing eta Estilo Libre). Ontzien edukiera 200 mililitrokoa da, Henry Colomer eta Nelly markakoak izan ezik (300 mililitrokoak baitira bi hauek); badira 50 edo 100 mililitro eskaintzen dituzten laginak ere, sustapena dela bide. Oparitan ematen den gainetiko produktu hori kontuan izateke, muturretako prezioek sekulako aldea erakusten dute: litroko 883 pezetatik (Nelly) 2.894 pezetaraino (Studio Line); erdialdeko lau lagin, litroko 2.300 pezeta inguru dabiltza, edonola ere.

Laborategiko analisiak agertarazi duenez, zortzi aparrek ere ongi betetzen dute funtsezko eginkizuna, ilea finkatu eta moldeatzea, alegia. Ilea distirante, leun, ez-likatsua uzten dute denek, Llongueras markakoak izan ezik: honek likatsua uzten du ilea. Gainera, horrek eta Henry-Colomer markakoak, aparra aplikatu ondoren, leuntasunari goazkiola ez zuten erabat burutu bere lana. Bi lagin hauek izan ziren aprobatura iritsi ez ziren bakarrak ("erdipurdiko" puntuaketan geratu ziren), produktu horiekin trataturiko ilearen balorazio orokorrean. Beste aldetik, aparrek ilean hondarrik uzten ez dutela ere frogatu da.

Ilea finkatzeko ahalmenaz ari garela, sei laginena egokia bada ere, Grafic eta Poly Swing markakoena "erdipurdikoa" baizik ez zen izan. Kalitate orokor (halakotzat jotzen dugu, azterturiko prestazioen azkeneko balioespena) handieneko aparrak, ordenu honetan, Estilo Libre eta Studio Line dira, garestienak aldi berean: horien litroaren prezioa 2.700 pezetatik gora dabil. Gure itxura fisikoaren inguruko guztiaren subjektibitateari hertsiki dagozkion artikulu hauek hautatzerakoan, kontsumitzaile askotxok zaletasun eta pertzepzio pertsonal-pertsonalak hartzen badute ipar-orratz, nabarmen dezagun Nelly (merkeena, bera: litroko ez da 1.000 pezetaraino ere iristen) apar moldeatzaile ona dela, aztertutako guztien artean, kalitate-prezio erlaziorik hoberena agertzen duena.

Naturala, sendoa baina

Ontzietan produktu hauek adierazten duten bezala, orrazkera naturala lortzeko edo kizkurra nahiz permanentea bizkortzeko, aparra uniformetasunez zabaldu behar da ilean zehar eta, ondoren, nahi den eran orraztu edota lehortu. Kizkurra berreskuratu edo permanente iraunkorragoa erdietsi nahi bada, fabrikatzaileen aginduen arabera, aparra kizkurren muturrean aplikatu beharra dago. Produktuen finkatze-ahalmena probatzeko, laborategian zortzi aparrak hamarna ile-xerlotan (denak ere, europar plegukoak) baliatu ziren. Aparrak ile hezetan aplikatu eta ondoren erruloak ezarri zitzaizkion, apar moldeatzaile bakoitzaren finkapen-eraginkortasuna hobeki ezagutzeko. Parametro hau, kizkur-mantentzearen portzentaia bataiatu dugu: kizkurturiko xerloen luzera neurtu zen, erruloak kendu zirenetik 0, 2, 4, 6 eta 8 ordura, egun oso batez, kontrolpeko tenperatura eta hezetasunetan. Llongueras dugu nabarmentzekoa, erruloak kendu eta handik 8 ordura ere ilea finkatzeko ahalmen handia zuelako. Studio Line, Nelly, Henry Colomer, New Wave eta Estilo Libre laginek ere horrelatsuko ahalmena agertu zuten, kalitate ona kasu guztietan, dena dela. Poly Swing eta Grafic-en ahalmena, berriz, ez zen aurreko horiena bezain iraunkorra 2 eta 4 ordu pasatakoan; horrenbestez, "erdipurdiko" puntuazioa besterik ez zegokien, alor honetan.

Ilea nola geratzen den

Produktua erabili ondoren ilearen ukitu eta itxura balioesteko, era berdin-berdinean orrazturiko xerloetan hiru aldiz aplikatu ziren aparrak. Hirugarren aplikazioaren ondoren, orrazkeran zehar eta ondoren eta geroagoko ikuzketaren ondoren, ileak nolako ezaugarriak agertzen zituen konstarazi zen. Aparrak aplikatu ondoren Grafic-ekin trataturiko ileak agertu zuen trinkotasunik handiena; Nelly, Henry Colomer, New Wave eta Llongueras laginekin tratatutakoak, aldiz, ez ziren horren trinko gertatu. Apar batek ere ez zuen hondarrik utzi ilean eta, Llongueras markakoak izan ezik, ez zuten ilea likatsu bihurtu. Denek utzi zuten ilea distirante eta, alor honetan, Estilo Libre-rekin trataturikoa izan zen nabarmenena. Nelly eta Poly Swing-en aplikazioa zailxeagoa gertatu zen, era berean, gainontzeko laginena baino. Kontua da, edozein lagin aplikaturik, ilea erraz orrazteko moduan geratzen zela, distirantea, hondarrik gabea. Nolanahi ere, Henry Colomer eta Llongueras laginekin tratatutakoek ez zuten ilea besteekin bezain leun eta malgua; honetan, Estilo Libre izan zen ilea leunen utzi zuen aparra. Llongueras markakoak, esana dugun bezala, gainontzekoek baino likatsuago utzi zuen ilea. Ondorengo ikuzketan zortzi aparrek ere antzeko emaitzak eskaini zituztenez, "ongi" balorazioa merezi zuten denek. Haietako zeinahi aplikatuta, gainera, ilea erraz askatzen zen, inolako hondarrik uzteke. Ilea bustirik ere, apar guztiek oso emaitza berdintsuak erdietsi zituzten, oraingoan ere "ongi" puntuazioa merezi izan zutelarik. Ikuzketaren ondotik jazo bezala ere, ilea aise askatzen zen, hondakinik utzi gabe. Tonika horrixe jarraiki, ile lehorretan aplikatu ondoren, zortzi aparrek lortu zituzten antzeko emaitzak: kasu guztietan, ilea samur orraz zitekeen, hondakin-arrastorik ez zuen eta distirante, leun, malgu irauten zuen, likatsu bihurtu gabe. Emaitzok gogoan izaki, apar horiekin trataturiko ilearen ezaugarriak, osotasunez, Grafic eta Estilo Libre laginei dagozkienak oso onak izan ziren; Studio Line, New Wave eta Poly Swing markakoekin lorturikoak, onak. Gainontzeko markek balorazio apalagoak eraman zituzten, bakar batek ere suspenditzeke. Haietako bik --Llongueras eta Henry Colomer- bakarrik "erdipurdiko" batekin konformatu behar izan zuten.

Aparren osaketa

Ilea moldeatzen duten aparren osagaiak, oro har, hurrengo hauek dira: ura, alkohola, erretxina, propulsatzailea, neutralizatzailea, emulsionatzailea, eragile egokitzailea (ilea errazago aska dadin eta distira areagotzeko), lurrina, aditiboak (bitaminak, proteinak edo itsas estraktuen deribatuak) eta, zenbaitetan, kontserbakariak. Ura eta alkohola (etanola, ohiz) disolbatzaileak dira. Ura ohi da guztiaren %70 - %80 inguru eta alkohola, berriz, %5etik %10era bitartean. Ilea moldeatzea ahalbideratzen duen eragile finkatzailea izaki, erretxina gehientsuenen disolbatzaile ahaltsua da alkohola. Aski hidrofiloa izan behar du aparrak, ilea xanpu batez ikuztean erraz desager dadin. Aldi berean, hidrofoboa behar du, aerosoltzat erabilitako propultsatzaile hidrokarbonatuekin elkargarri gertatzeko. Horiez gainera, ez da zertan hauskor agertu eta orrazkerak erraz desagertu behar du. Azkenik, atxikitasun ona agertu behar du, baina horrek ez du esan nahi ilea likatsu utzi behar duenik. Base egoki batez neutralizatu beharreko azido-multzo askeak dauzkate erretxinen polimero batzuek beren molekuletan. Propulsatzaile bezala, butanoa, propanoa eta isobutanoa erabili ohi dira (guztirako edukieraren %10ean, gutxi gora-behera). Ozono-geruzarentzat kaltegarri ez badira ere, biziki arriskutsuak (suharberak) dira gas propulsatzaile hauek: adiera honetan, aerosolean ontziratutako apar hauen etiketak ohartarazpena egiten du. Ontzi hauek kontuz erabili behar dira eta behar bezalako tokietan gorde, presio handia duten ontziak izaki, daukaten produktuaren osakera dela medio (butanoa, propanoa edo isopropanoa), arras suharbera izaten baitira. Honen berri etiketan ematen dute fabrikatzaileek, dagokion logotipo estandarraz baliatuz. Hortaz, arriskuak itzurtzeko neurri-zerrenda arreta handiz irakurri behar dugu: eguzki-izpietatik babestu eta 50º C baino tenperatura handiagotan ez ezartzea; ez zulatzea, ez eta erabili ondoren ere; ez jaurti gar edo izekitzen ari den zerbaitera; eta zeinahi su-iturritatik urrun mantentzea (produktua erabiltzen den bitartean ez da erre behar, adibidez); haurren eskutik kanpo gordetzea; begietara edo narritadura nozitzen duen larruazalera ez jaurtitzea eta, inola ere, ez inhalatzea. Antzeko etiketa dute lagin guztiek: produktuaren izena, fabrikatzailearen izen eta helbidea, osagaiak, ontziaren edukiera eta erabiltzeko ohartarazpenak agertzen dira bertan. Nelly markakoak bakarrik ez du erabiltzeko argibiderik ematen.

Merkeena, aukerarik hoberena

Studio Line eta Estilo Libre dira aparrik garestienak: 2.894 eta 2.738 pezeta litroko kostatzen dira hurrenez-hurren. Preziorik ohikoena 2.300 pezeta litroko inguru dago. Nelly da, alde handiz, merkeena: ez da 900 pezeta litroko izatera iristen, eta gainerako zazpietan merkeena ia bi halako kostatzenda. Aparrik onena Estilo Libre da. Studio Line-k ere akatsik ez du, ilea aurrekoak bezain ongi uzten ez badu ere. Kalitate-prezio erlaziorik hoberena Nelly markakoa da, berau baita merkeena eta, oro har, emaitza onak eskaini ditu; halaz ere, aparraren trinkotasuna eta aplikatzeko erraztasuna hobetzeko modukoak dira. Gainontzekoan, azpimarra dezagun New Wawe aukera polita dela eta Grafic eta Poly Swing markakoek besteek baino finkatzeko ahalmen ahulagoa dutela. Llongueras eta Henry Colomer laginek, azkenik, gainerakoek baino okerxeago uzten dute ilea, aplikatu eta orraztu ondoren.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto