Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
EROSKI CONSUMEReko kanalak
Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna
Goizean jaiki eta gure susmoak ispiluaren aurrean egiaztatu ondoren, "berriz ere herpesa" esango dugu. Azkura ezagun horrek eta ezpainetako gune bat piska bat handituta izateak, hurrengo bi astetan aurpegian apaingarri hori izango dugula iragartzen digute.
Lehen egunetan, birusa hor dela gogoraraziko digu ezpainetako herpesak eragiten duen sumindura bereziak. Bizi guztian zehar noizbaiten ia guztiok izan dugun herpes mota hau, zorionez, molestia iragankorra baino ez da izaten eta nahiko tratamendu eraginkorrak izaten ditu. Baina zenbait pertsonari deserosotasun handiak sortzen dizkio gaitz hau sarri izateak.
Herpesarena birus-familia zabala da eta erasotzeko eta infektatzeko ahalmenaren eta sortzen dituen lesioen aldetik, desberdintasun handiak antzematen dira. Maizen agertzen dena Herpes arruntaren birusa (HAB) da. Biztanlegoaren %90ari eragiten dio bizitzako uneren batean. Kasurik gehienetan era esporadikoan agertu ohi da HABaren infekzioa, sukar nahiz katarroarekin, esfortzu fisiko handi batekin, eguzkiaren izpi ultravioletak hartzen luzaro egondakoan, estres egoeretan, traumatismoekin edo hotz handiarekin batera; egoera horiek guztiak izan daitezke herpesa eragiteko faktore. Baina badakigu herpesaren prozesua jasaten duen biztanlegoaren %15ean errepikatu egiten dela, maiztasunez azaltzen baita, hilean behin edo urtean behin edo bi aldiz agian. Kasu berezia hilekoarekin batera infekzio mota hau izaten duten emakumeena izaten da.
Herpesa gehienetan ezpainetan eta aho inguruan kokatzen den arren, begietan edo genitaletan ere sor daiteke. Bi kasu horietan larriagoa izaten da arazoa.
Herpesa kontaktu fisikoaren bidez baino ez da kutsatzen, pertsona infektatua sintomaduna edo sintoma gabea izanda ere; izan ere, kasu batzutan herpesaren eramale izan gaitezke inolako agerpenik izan gabe, inkubazio-aldian dagoelako edo herpes-jariaketak direlako. Musua, sexu-harremanak eta erditzea dira kutsatzeko modurik ohikoenak. Haurtzaroan ere oso ohiko izaten da herpes sinplea, ia sintomarik gabe pasatzen dena edo faringitisa edo estomatitisa eragiten dituena. Hasierako infekzio horrek erantzun inmunologikoa izaten du, HABaren aurkako antigorputzaz berariazko defentsen bidez. Halaz ere, birusa indarberritu egin daiteke aldian behin nerbio trigeminoaren ganglioan (hasierako infekzioaren kokapenik ohikoenean) eta trigeminoan herpes-lesioak eragin: ezpainetan, ahoko mukosan, begietako kornean edo nerbio trigeminoak inerbaturiko aurpegiko beste leku batzuetan. Hau da, gorputzak defentsak sortu arren, inmunitatea ez da erabatekoa izaten eta baliteke infekzioa berriro agertzea.
Infekzioak ez du bereziki sexu eta adin jakin batzuetan eragiten: berdintsu agertzen da gizonezko nahiz emakumezkoetan eta haurtzarotik hasi eta zahartzarora aurki daiteke, sasoiko pertsona helduen artean gehiago ematen bada ere. Giza organismoa kutsatzen denean, inkubazio aldia 3 eta 7 egun bitartekoa izaten da, edo egun gehiagokoa batzuetan. Epe horretan zehar ez da ia sintomarik izaten. Lehenengo agertzen direnak azkura, inurridura eta erremina izaten dira eta afektaturiko gunea gorrituago agertu ohi da.
24 orduren buruan handitu egiten da eta kordaka pilaturiko besikula txiki mingarriak agertzen dira; bi edo hiru egunen buruan apurtu edo urratu egiten dira baba horiek eta ultzera txikiak sortzen. Babak sortu eta ultzeratze hau izaten da aldirik minberena. Eta herpesa ezpainetan badago, eragozpen eta mingarri gerta daitezke jatea, hitz egitea edo ahoa irekitzea bera ere.
Ultzera txiki horiek hiru edo lau egunez irauten dute eta egun horiek pasatakoan, zarakarrak estaltzen du zauria; beste hiru bat egunean erortzen hasiko da. Horrexek adierazten du gaitza ia sendatuan dagoela. Guztira 11-15 egun bitarteko prozesua izaten da.
Kasurik gehienetan pronostiko ona izaten du ezpainetako herpesak eta zauriak erabat sendatzen dira, arrastorik utzi gabe. Baina ez da beti horrela izaten. Pertsona batzuk arazoa behin eta berriz errepikatzen dela ikusten dute desesperaturik eta maiztasun horrek gogait eragin diezaioke jasaten duenari. Gehienetan maiztasuna urritu egiten da adinean aurrera goazen neurrian eta kasu askotan erabat desagertzen da herpesa. Gehienetan, eta lesioen itxura berezia dela eta, ez da inolako analisirik egin behar izaten, diagonostikoa egiteko laboratorioko froga bereziak ere badiren arren.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa