Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), 1972 urtean poluzio akustiko motatzat katalogatu zuen zarata.
Zazpi urte geroago, Ingurugiroari buruz Stockholm-en egin zen Konferentzian, behin betikoz hartu zen hotsa elementu polutzaile gisa eta garaiko Europako Ekonomi Elkarteak bertako kideei berebiziko ahalegina egin zezaten eskatu zien, honelako poluzioak hiritar guztiengan baitu eragina. OCDE elkarteak 1990eko lehen hiruhilekoan argitara emaniko txosten baten arabera, Japoniaren ondotik, Espainia da munduko bigarren estaturik zaratatsuena. Espainolen %74ek onargarriak diren hots-mailak baino altuagoak pairatu behar izaten dituzte.
Honela defini dezakegu hotsa: entzumen-sistemak atzeman eta integraturiko airezko fenomeno bibrakorrek osaturiko multzoa, baldintza jakin batzuetan ondoezik sortaraz dezakeena. Edozein giza jarduera da, beste aldetik, entzun nahi ez ditugun (areago, entzumenean kalteak sor ditzaketen) zarata edo hotsen iturri. Soinu-presioa dezibeliotan (dB) adierazten da eta gizakiok hautematen ohi ditugun soinuak 0 dB eta 120 dB-ren artean daude.
Poluzio akustikoaz ari garela, horren sortzaile nagusietako bat trafikoa dela esaten dugu. Seigarren hamarkadako Estatu espainolean ibilgailu bat zegoen berrogei biztanleko; 1998 urtean, berriz, ibilgailu bat baino gehixeago dago hiru biztanleko. Trafikoak nozitutako berebiziko hazkuntza horren ondorioz, bera bilakatu da hiri-inguruneko endakapen akustikoaren eragile nagusia, gizakiengan eta hauen ingurunean sekulako narriadurak sortuz. Trafikoaren erruz, Europar Batasuneko biztanleriaren laurden batek, maila onargarrietatik (65 dB) gorako hotsak pairatu behar izaten ditu. Parametro hori (65 dB) zer den ulertzeko, esan dezagun elkarrizketa arrunt bat 50 - 60 dB-ko mailetan gertatzen den bitartean, trafikoa duen kaleak 70 dB-ko intentsitatea sortzen duela. Ehun milatik bostehun mila biztanle bitarte dituzten Estatu espainoleko hirien erdiek poluzio akustikoa egiazko arazo dute jasangarri.
Ingurugiroko zarata osasun-arazo da: hamaika aldiz frogatua dago hotsak estresatu egiten duela; estres horrek, bere aldetik, erreakzio fisiologikoak (arazo baskularrak, adibidez) zein psikologikoak (ardura-, antsietate-arazoak edo logura-aldaketak) sortaraz ditzake guregan. Baliteke zaratak eragiten dizkigun eragozpenak jokabidearen aldakuntzaraino iristea (haserrekortasun edo oldarkortasuna), buruko min, tentsio edo indefentsio-sentimendu eta bestelakoak ere, estresaren ondorioz.
Adituen arabera, loa, arreta eta hitzezko mintzairaren pertzepzioa dira zaratak gehien kaltetzen dituen alderdiak. Loa aztoratu egiten da inguruko hotsa 45 dB-tik gorakoa denean (trafikorik gabeko eskualde baten kaleko giroa, alegia). Loaren aztoraketak bigarren mailako hainbat eragin ondorioztatzen ditu: nekea, etekin eskasa, umore- edo izaera-aldaketak, esate baterako.
Hotsa kontrolatzeko metodoak aktiboak eta pasiboak izan ohi dira; bigarren hauek garatuago dauden arren, bai batzuek bai besteek ere erdietsi nahi dutena, zarata sortarazten duen iturburuan bertan soinua murriztea da. Hotsak urritzeko metodo pasiboen adibideak ditugu azaleko zurgakariak (pantaila akustikoak), isilgailu erreaktiboak, gai porotsuak, bibrazioen aurkako euskarriak, erresonatzaileak, etab.
Soinua murriztea dela eta, orain artean praktikan jarritako egintzak defentsazkoak dira, batez ere: hots-mailak zehaztea, zonaldeak mugatzea edo pantaila babesleak ipintzea, adibidez. Arkitektura alorrean, horrelako eta bestelako neurriak antzoki, areto eta antzekoetan ia bakarrik hartu dira, baina orain artekoan ez da jardun prebentziozko neurriez, hiri-plangintza egiteko unean hotsa ere elementu poluitzailetzat hartuz. Zoru- eraikuntzaren kalitatearen eta galtzada-moten arabera, esaterako, hots gutxi edo gehiago sortuko da. Zoruan ibilgailuak egiten duen igurzketak, adibidez, automobileko motoreak bezainbesteko zarata ateratzen du.
Plangintza eskas horren eragina arintzeko lehen egintzetako bat hiriko mapa akustiko osoa egitea litzateke (hiriko hainbat gunetako soinu-mailak neurtu eta aztertzea), hasieratik zirkulazioa arreta-gunetzat harturik, baina bestelako hots-iturriak ere ahantzi gabe. Mapa akustikoaren azterketatik ateratako emaitzak kontuan izaki, hotsa murrizteko eraginkortasun handiagoko bi motatako neurriak hartu ahal izango lirateke: defentsazko neurriak, epe motzera aplika daitezkeenak -horietako bat, ziklomotoreetako hotsen kontrola- eta epe ertain edo luzera aplikatuko liratekeen prebentziozko neurriak, hiriaren plangintza urbanistikoan bertan, seguru aski.
Herritarrok ere esku hartu beharko dugu poluzio akustiko hori arintzen, bestelako poluzioak ekiditeko kontzientzia dugun eta parte hartzen dugun era beretsuan. Guk-geuk zaratarik ez eginez eta egiten duenari horretaz ohartaraziz. Ez ahaztu osasunaz ari garenik.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa