Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Almendra xigortuak: Nutrizio- eta osasun-alorretik onak, kaloria gehitxorekin

Markona motako zortzi almendra-lagin aztertu dira (Eagle, El Almendro, Borges, Ferradura, Frit Ravich, El Nogal, Gancedo eta Son Sánchez), marken arabera, 100, 150, 200 eta 250 gramoko ontzietan zetozenak

  Prezioak, 1.623 pezeta (Ferradura) eta 2.570 pezeta (Eagle) artean dabiltza. El Almendrokoak izan ezik denak agertzen dira zurituak. Markona barietateko almendrak, landare-olio eta gatzez prestatuak daude. Batzuek antioxidanteak (onartuak) eransten dituzte, koipea min ez dadin. Almendra xigortuei berariaz dagokien legezko arautegirik ez dago oraindik, aperitiboen ezaugarriak xedatzen dituzten orokorrak bakarrik daude.

Azterketan erdietsitako emaitzek agerian jartzen dutenez, ongi prestaturiko produktua da hau, osasun-alorretik zuzena, gehigarririk ia gabea eta kalitate aldetik akats gutxi-gutxi dituena (pieza hautsiak, mikatzak, lizundunak, zaharkituak, etab.).

Dastaketan lorturiko emaitzez kanpo, kalitate handieneko lagina El Almendrokoa da, unitate akastun gutxien dauzkalako (%0,4) eta ia ez du agertzen almendra erdirik. Kontrako motiboagatik nabarmentzen dira Eagle eta Son Sánchez: almendra akastun (%6 inguru) eta erdi (%20) ugari.

Fruitu lehor oleaginoso hau biziki elikagai gomendagarria da, proteina ugari (pisutan, txahalkiaren parean dabil) eta bertako gantzen osasuntsuagatik: hauetako gehienak insaturatuak dira, hots, kolesterol-tasa kontrolpean mantentzeko egokienak. Beste aldetik, almendrak zuntz, mineral eta bitamina asko aportatzen du.

Fruitu lehor honek daukan eragozpen bakarra, energi ekarpena da: 575 kaloria 100 gramoko. Datu hau kontuan hartu beharko dute gizenek eta pisua kontrolatu behar duten guztiek, oro har.

Dastatzaileei gehien gustatu zitzaizkien almendrak Eagle, Borges eta Ferradurakoak izan ziren. Lagin hauxe da kalitate-prezio erlaziorik hoberena agertzen duena, merkeenak (askozaz ere, gainera) eta ahogozo on-onekoak baitira. Beste alde batetik, Ferradura markakoak dira handienak eta, gainera, dauzkaten akatsak ez dira nabarmenak.

Nutrizio alorretik, altxorra

Fruitu lehor oleaginosoen multzokoak dira almendrak. Azterturiko laginetako gantza %59 eta %63 artean dabil: portzentaia garai hauxe da almendraren balio energetikoaren erantzule.

Elikagai batek guztira zenbat gantza daukan adieraztea, dena den, ez da aski bere ezaugarriak eta osasungarritasuna gaztigatzeko, hortxe baitago funtsezko beste datu bat: gantz horien osakera edo hiru gantz-moten banaketa; gantz-azido saturatuen (osasunarentzat kaltegarrienak, ugariak animali gantzetan) portzentaia, bereziki. Almendraren gantza, jakin dezagun, monoinsaturatua eta poliinsaturatua da, batez ere. Bestela esatearren, kolesterol-tasan eragin neutroa duten (edo, areago, batzuetan gantz horiei esker, tasa beheratu egiten den) gantzak. Monoinsaturatuak guztirako gantzaren %64tik %72ra bitarte ohi dabiltza eta poliinsaturatuak, berriz, %18tik %22ra bitartean.

Almendrak, horrenbestez, ez dauka ia gantz-azido saturaturik eta, bestetik, ez du kolesterolik aportatzen, landare-gantza baita. Azterturiko zortzi laginetan aurkitu diren guztirako gantzaren eta gantz horren osakeraren arteko aldeak hutsaren hurrengo dira. Gantz-azido saturatuak, adibidez, %8,5 (El Almendro) eta %11 artean (Frit Ravich) daude.

Karbohidrato eta proteina ugari aportatzen du almendrak (produktuaren guztirako %20na, batetik eta bestetik), balio biologiko onargarrikoak biak ere. Ehun gramo almendrak, era horretan, txekorraren ehun gramoko xerrak bezainbeste proteina aportatzen du. Almendrak, beste aldetik, zuntz ugari du: 14 g. ehun gramoko, hau da, zuntz gehien duten elikagaietako bat da. Gure dietan zuntzak garrantzi handia du, hesteetako higikortasuna erraztu eta, hortaz, idorreriaren kontrakoa delako.

Mineralei goazkiela, potasio- eta kaltzio-iturri oparoa da almendra, eta ia ez du sodiorik. Magnesio, burdina, fluor eta zinka ere badauka, ugari eduki gainera, fosforo eta kobrearekin batera, gainontzeko fruitu lehorrek bezalaxe. Bitamina-kopuru garrantzitsuenak azido foliko (anemia-plegu batzuen prebenitzaile delarik, haurdun dagoen emakumeak duen folikoaren premia areagotu egiten da) eta E bitaminan (honek eginkizun antioxidatzailea betetzen du) dituela, B6, B2 eta B1 ere agertzen du, maila apalagotan bada ere.

Kloruroen edukiaren azterketari esker, lagin guztietako gatz-kopuruak egiaztatu dira. Gancedo markako almendretan ez da gatzik aurkitu, dastatzaileek eginiko ohartarazpenak zioen bezalaxe. Kloruro-kopururik handiena duen lagina El Nogal den bitartean (%0,9), besteen gatza %0,6 inguru dabil.

Gehigarriz, ongi

Almendrei eransten zaizkien gehigarri bakarrak antioxidatzaileak dira. Azterturikoak, BHA (E-320, butil hidroxionisola), BHT (E-321, butil hidroxitoluola) eta propilo-galatoa (E-310) izan dira, aperitibo-motako produktuetan baimendutako hirurak, alegia. Laginetan ez da atzeman BHT eta, propilo-galatoari dagokiola, milioiko 4 zati besterik ez da hauteman El Nogal markakoetan (onarturikoa baino askozaz ere kopuru txikiagoa). Borgesek eta El Almendrok, El Nogalek bezala, etiketan gehigarri honen erabilera iragartzen duten arren, ez da horrelakorik detektatu aurreneko bi marketan. Antioxidatzaileekin edo gabe, elikagaia mintzen duen gantz-oxidazioaren maila zuzena da lagin guzti-guztietan, almendren peroxidoen indizeak adierazi bezala. Produktuaren osasun-egoera ere egokia da: almendra bakar batean ere ez dira detektatu aflatoxinak, (onddo jakin batek produzitzen dituen eta arrunt kantzerigenotzat jotzen diren mikrotoxinak, alegia).

Kalitate desberdinetako almendrak

Akatsetara goazela, lagin bakar batean ere ez dugu fruitu mikatzik edo heldugaberik atzeman. Borges eta Gancedo markakoetan ale "mindu, usteldu, lizunduen" agerpenik egiaztatu (%0,6 eta %0,1etan) eta "hautsa, mintzak eta bestelako gaiak" (%1,2 eta %0,5) aurkitu dira. "Hautsa, mintzak eta bestelako gaiak" Ferradurak (%0,2) eta Frit Ravichek (%0,5) ere agertu dituzte. Lagin guztietan agertu da pusketarik gabeko almendraren bat, baina Eagle eta Son Sánchez dira (%3,6 eta %3,5) horrelako ale gehien dituztenak, eta El Almendro eta El Nogal gutxien dituztenak (%0,3). Pusketa gabeko alerik ez duen marka bakarra Ferradura da eta gehien dituena, berriz, Eagle (%2,8). Gainerako laginetan pusketa-portzentaiak txikiago dira: %0,1 eta %0,8 bitartekoak. Lagin gehientsuenetan, akats-portzentaia garaiena ale erdiei dagokie. El Almendrok horrelako fruituen %2 bakarrik dituen bitartean, gainerako marketan portzentaiak %15etik (Borges eta Frit Ravich) %46ra arte doaz. Teknikarien iritziz, lagin batetik bestera alde handiak egon arren eta almendren alderdiok xedatuko lituzkeen araurik oraino ez badago ere, lagin guztiek kalitate komertzial onargarria bederen eskaintzen dutela esan dezakegu.

Etiketa eta pisua

Etiketan produktuaren deskribapena (kasuren batean, izaniko prestakera ere bai: "frijituak", "gazituak", "bietatik zurituak", etab.), pisu garbia, kontsumitzeko data, lote-zenbakia (edo ontziratze-data), osagaien zerrenda eta fabrikatzailearen izen eta helbidea dakartzate azterturiko lagin guztiek. Ferradura eta Son Sánchez markakoen osagaien zerrendan, "almendrak" jarri ordez, "berezko produktua" adierazten da, okerreko bidetik; horrez gainera, ez da bereizten almendrak markona barietatekoak edo bestelakoak diren. El Almendrok bakarrik erantsi du nutrizio-alorreko informazioa eta, bestetik, Ferradurak eta Frit Ravichek soilik jakinarazten dute kontserbatzeko modua.

Pisuari goazkiola, aitortutakoa edo pisu gehiago ematen dute denek ere, Son Sánchezek izan ezik (iragarritakoa baino 10 gramo gutxiago: baina kopuru honek ez du legez baimenduriko indizea -18 gramo- gainditzen). Horrenbestez, lagin guztiak zuzenak dira, alor honetan. El Almendron egiazko tamaina edo kalibrea 19 mm. da Eagle, El Almendro, Borges eta Gancedo markakoetan. Frit Rechich, El Nogal eta Son Sánchezekoak 20 mm.koak dira eta Ferradura markakoak, azkenik, 23 mm.ko kalibrekoak, handienak berauek, dastatzaileek adierazi bezala.

Dastaketan, emaitza onak

Dastatzaileek hobetsi zuten parametroa almendraren zaporea izan zen: ahogozo bizia, aho-ukimen tinko eta xigor-kolore hitsa nahiago izan zituztelarik. Balioztapen onenak izan zituzten laginak Eagle, Ferradura eta Borges izan ziren, denak ere 7na punturekin. Eagle nabarmendu zen, atal guztietan goreneko puntuazioak lortu zituelako. Tamaina ertaineko eta xigor-kolore argiko almendra da, zapore-bizitasun ertainekoa, dastatzaileek hagitz onetsia. Ferradura markakoek almendrari berez dagokion ahogozoa eta zapore gazia izan zituen azpimarragarri baina, gatz gehiegi eta kolore ilunegia izatearren, erdipareko balioespena besterik ez zuen lortu. Bera da, gainera, tamaina handieneko alea eta, ahoan, gogorrenetako bat.

Borges markakoen itxurak eraman zuen puntuazio onena, xigor-kolore biziagatik; dastatzaileek horren gogortasuna eta zaporea ere hobetsi zituzten. Frit Ravichek, El Nogalek eta Son Sánchezek seina puntu eraman zituzten. Frit Ravichek ahoko ukimena eta xigor-kolorea ditu nabarmenenak, almendra-usain biziarekin batera. Xigor-kolore ilunekoak izaki, El Nogal eta Son Sánchez markakoen zapore bizia eta aho-ukimena gustatu zitzaizkien dastatzaileei. Son Sánchezekoak, gainera, gatz gutxi du, dastaketan nabarmendu zen bezala. Gancedo (5 puntu), parametro guztietan erdiparean geratu da (berezko zapore ez oso bizia eta gainontzekoek baino xamurragoa ahoan), xigor-kolore argi politari eta gatz-kopuru urriari dagokienez izan ezik.

Baloraziorik urriena El Almendrok erdietsi du: horren errudun marka horretako almendren agerkera berezia izan zitekeen, ale hauek bakar-bakarrik aurkezten direlako azal eta guzti, oskola bakarrik kenduta; azala ez kentze horrek izango zuen, era berean, (aleak bere azalarekin dastatzen baitzituzten) mahaikide batzuek adierazitako mingostasunean eraginik.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto