Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Pixari eutsi ezina: Arazo bat da, besterik gabe

Gaitz hau, batez ere geriatrikoa den arren, hain nagusi ez diren pertsona helduek ere izaten dute, emakumezkoek batez ere. 65 urtetik gorako biztanlegoaren bostetik batek arazo hori nozitzen omen du.

  Ez dago datu fidagarririk 65 urtetik beherakoen artean gaitz honek duen eraginari buruz; izan ere, arazo honek sortzen dituen konnotazio sozial eta pertsonal negatibo bezain okerren eraginez, jende askok nahiago izaten du medikuaren kontsultara joan beharrean, gertatzen zaiona isilpean edukitzea.

Gernuari eutsi ezina duen pertsonak beste arazo batzuk ere izaten ditu gainera, eragin fisikoa zein psikikoa dutenak. Presioak eraginda perineoan ultzerak izateko arrisku handiagoa izaten da eta baita infekzioak izatekoa ere. Gainera, txiza kontrolatzen ez dutenen artean ohikoak izaten dira isolamendua, depresioa eta autoestimaren galera. Larregi azaldu beharrik ez dago pertsona heldu batek haur-jokaerak izateak zer nolako interpretazio negatiboak dituen, batez ere beharrizan fisiologikoekin lotua badago. Gai eskatologikoa gauza zakar, baldar, narrats eta inoren aurrean aipatzeko ia tabu kontsideratu izan da. Hori dela eta, ez da harritzekoa inkontinentzia inori esan ezindako gaitz lotsagarritzat sufritzea. Konklusio gisa, inkontinentziak, gauza desatsegina eta osasunerako kaltegarria (neurri batean) izateaz gain, egoera psikologiko tamalgarri batera eraman gaitzake. Eta hori gutxi balitz, gernuari eutsi ezina dutenek arreta berezia behar izaten dute familiarengandik, eta etxekoekiko dependentziaren arazoa sartzen da tartean.

Zer da?

Beheko gernu-traktuaren, maskuriaren eta uretraren funtzioa giltzurrunetan sortzen den pixa biltzea da, eta aldian behin hustutzea. Pixa egiteko fasea uretra inguratzen duen muskuluaren erlajazioaren bidez hasten da, eta horrekin batera maskuriko muskulu detrusorea uzkurtu egiten da; horrela, maskuri barruko presioa uretrakoa baino handiagoa izanik, hustu egiten da. Gernuari eutsi ahal izateko, ezinbestekoa da uretrako presioa maskurikoa baino handiagoa izatea. Presio-erlazio hori galtzen denean inkontinentzia sortzen da, batzuetan uretra barruko presioa gutxitzen delako (kasurik gehienetan) edo maskuriko presioa gehitzearen ondorioz, bestela. Batzuetan gauza biak aldi berean gertatzen dira. Emakumearen uretra laburragoa izaten da; gernuari eutsi ahal izateko garrantzi handiagoa du maskuritik aldenduen dagoen muskulatura uretralak, perineoko muskuluei laguntzen baitie. Gizonezkoetan garrantzitsuagoa da maskuri edo puxikatik hurbileneko muskulaturak eta perineoko muskulaturak ez baitu hainbesterainoko partehartzerik.

Inkontinentzia motak

Inkontinentzia iragankorra edo itzulgarria izan daiteke; baita finkatua, iraunkorra eta kronikoa ere. Iragankorra bat-batean agertu ohi da eta gernu-bideetako hantura, baginitis edo uretritis atrofikoaren ondoren gertatzen da. Botika ansiolitiko, hipnotiko, diuretiko edo kaltzioantagonistak hartzeak ere eragin dezake. Arazo psikologiko edo nahasmen-egoera akutuekin ere erlazionatu ohi da. Menopausiaren aurreko garaian dauden emakumeen artean sarritan gertatzen da baginitis atrofikoa eta pixa-galera txikiak eragiten ditu, hormona bidezko terapia ordezkatzaile bidez konpon daitezkeenak. Luzaroan ohean eta mugitu gabe egoteak ere sor dezake inkontinentzia. Adineko pertsonen artean idorreriak eta ondestean gorozkiak pilatzeak ondesteko anpulua lasaitzea eta uretra estutzea ekar dezakete. Edo, bestela, ondestearen distentsioak sorrarazitako mekanismo erreflexuagatik, maskurian ere uzkurdura erreflexua sortu. Egoera horiek iragankorrak izaten dira normalean eta, zergatia desagertzean, inkontinentzia ere suntsitu egiten da. Eutsi ezina justifikatzen duen arrazorik egon ez eta arazoa aste batzutan konpontzen ez bada, inkontinentzia finkoa dela esan ohi da eta horretan ere hainbat mota bereizten dira. Maskuri edo puxikako ezegonkortasunarekin, pertsonak pixa-larria sentitzen du eta berehala atera egiten zaio, kopuru nahiko txikia gehienetan. Normalean maizago egiten da txiza, egunez zein gauez. Arazoa maskurian dago: sintomarik gabeko infekzioa, maskuriko harria edo obstrukzio hasi berria. Inkontinentzia mota hau eroetan, Parkinson gaitza duten gaixoetan eta istripu zerebro-baskularrak izan dituztenetan ere izaten da. Estresak eragindako inkontinentzia da emakumeen artean sarrien agertzen dena eta gizonezkoetan berriz oso gutxitan ikusten da. Arazoa maskuri eta uretraren lepoko akats bat izaten da, perineoko muskuluaren erlajatzeak eraginda. Sabel-barrenean presioa gehitzeak, adibidez eztul, barre edo doministiku egiteak pixa kopuru txikiak irtetea eragiten du. Erditzeek, loditasunak eta menopausiak erraztu egiten dute inkontinentzia mota hau.

Inkontinentzia mota finkoetan hirugarrena "gainez egitearen" ondorioz gertatzen da. Maskuriko presioa uretrakoa baino handiagoa denean gertatu ohi da, maskurian gernu kopuru handiak pilatzen direnean. Maskuriaren obstrukzio anatomiko batean edo afekzio neurologiko batean du jatorria. Prostata hazitzea, neuropatia diabetikoa, uretrako estenosia eta muineko patologiak dira arrazoirik ohikoenak. Azkenik, inkontinentzia funtzionala aipatu behar: gernu-traktua bere horretan izan arren, pertsona ez da gauza komunera iritsi arte pixari eusteko. Edo ez du komunera joan nahi, buruko gaitza, depresioa edo galera kognitibo handia (Alzheimer eta antzeko beste dementziaren bat) duten gaixoekin geratzen den moduan; edo baita oztopo arkitektoniko edo mugitzeko arazoen eraginez ere.

Nola tratatu

Inkontinentziari kasuan kasuko tratamendua aplikatu behar zaio. Lehenik, medikuarengana joan behar da: kasu askotan konpondu egin daiteke arazoa. Are garrantzitsuagoa da estresagatik txiza kopuru txikiak galtzen dituzten eta sexu harremanak dituzten emakume helduen kasuan. Maskuriko ezegonkortasunean emaitza onak lortzen dira botika antokolinergikoekin eta eletroestimulazioarekin. Estres edo esfortzuagatiko inkontinentzian, emakumeen artean gehien agertu ohi den motan, egunean hainbat aldiz pelbiseko muskuluak indartzeko ariketak egitea gomendatzen da. Baginako konoak ere erabiltzen dira: 15 minutuz baginan sartzen dira egunean hiru aldiz, apurka-apurka konoen pisua gehituz; batzuetan intentsitate baxuko estimulazio elektrikoarekin eta sendagai espezifikoekin konbinatu behar izaten dira neurri hauek. Zenbait kasutan kirurgiara jo behar izaten da, eta ebakuntza gehienek emaitza ona izaten dute. Gainezkagatiko inkontinentzian botikak hartzea izaten da ohikoena. Gernuari eutsi ezina izan eta tratamenduen aurrean erantzuten ez duten adineko pertsonen kasuan, berriz, pixoihalak dira alternatiba; baina sarritan aldatzea komeni izaten da, ultzeraziorik eta azaleko bestelako arazorik sor ez dadin.

Nahi gabe pixak ihes egitea arazo medikoa da, eta inola ere ez lotsatu eta ezkutatu beharrekoa. Medikuarenera joan behar da, beste edozein gaitzekin bezala. Gaur egun tratamendu eraginkorra izaten da kasurik gehienetarako. Inkontinentzia mota bakoitzak berariazko tratamendua duen arren, kasu guztietan jarraitu behar dira arau orokor batzuk:

Inkontinentziaren aurrean

  • Kafea, tea edo alkoholdun edariak hartzea mugatu edo guztiz baztertu, gernua eragiten baitute.
  • Pixa egiteko ohitura berrezi. Badira horretarako teknika bereziak. Gorputza ohitu egin behar da, ahaleginez bi ordutik behin gutxienez pixa egitera.
  • Azken urteotan teknika urodinamikoak garatu dira, oso diagnostiko zehatza egin eta terapiarik onena aurkitzeko bidea ematen dutenak. Izan ere, aukera terapeutikoa ugari dago, zinesiterapia, eletroestimulazioa eta biofeedback teknikak esaterako, muskulu-funtzio inkontzientearen kontrola gehitu eta kontziente eta borondatezko bihurtzeko.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto