Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

^

Elikagaiak irradiatzea: Kontserbak iraunarazteko era polemikoa

Ekoizle-nekazariak, fabrikatzaileak, banatzaileak eta kontsumitzaileak prest daude, elikagaiei aplikatzen zaion teknologia berri bat (herrialde batzuetan, berau aplikatzen duela 30 urte hasi baziren ere) noiz iritsiko zain: kontua da fruta, barazki, haragi, arrain eta aurretiaz prestaturiko elikagaiei erradiazio ionizatzaileak aplikatzea, era honetan esterilizatzeko (mirkrooganismoak akabatuz) eta, hotzetan sartu beharrik izateke, iraupena luzatzeko.

  Metodo honen arabera, elikagaia zementu blindatuz egindako labe batean sartu eta kobalto-60, zesio-137 edo antzekoen gamma izpietara ipintzen da bertan. Erradiazio horiek, zelula bizidunen ohiko prozesuak aldarazi egiten dituzte: bakterioen garapena inhibitu, patata, baratxuri eta tipulen begien agerpena atzendu eta fruten umatzea edo haragiaren usteltzea geroratu egiten da, esate baterako. Elikagaiak masiboki irradiatuz, balegoke toxikazio ugariren eragile diren salmonella edo listeria bezalako bakterioak erabat akabatzea. Halaz ere, honelako itxura onuragarria gora-behera, irradiazioak polemika-hautsak harrotu ditu eta --gehientsuenetan bezala-- batek esan ala besteak esan, biziki aldatzen da kontua. Elika-industriaren ikuspegitik, metodo eraginkor eta seguru honek produktuen kontserbazioa bermatzeaz gain, bide horretatik gaixotasunen transmisioa galarazi egingo litzateke: era horretan, beraz, egoera txarrean dauden jakiak irensten dituztenengan sor litezkeen osasun-arazoei ere ekidin lekieke eta.

Europako Parlamentua aurki kaleratuko den araubidea jorratzen ari da: horren arabera, irradiatutako jangarri horiek, erradiazio ionizatzaileez trataturiko elikagaitzat katalogatu eta bereizten dituen etiketa berezia eramatearen alde edo kontrako jarrera azaldu beharko du. Etiketa horrek, kontserbatze-teknika horren aldeko sutsuen esanetan, balizko kontsumitzailea uxatu egingo luke. Kontsumitzaileen elkarte eta ekologisten ikuspegitik, ordea, kontserbatze-mota bat edo bestea aukeratzeko unean, funtsezko informazioa emango liguke etiketa horrek. Gaur egun, jakina denez, produktu-sail bakoitzeko ontzian nazioarteko ikur bat ipini beharra dago, "irradiatua" edo "erradiazio ionizatzaileez tratatua" legendaren ondoan, baina honelakorik ez da betetzen. Ipar Amerikako mila laguni Food Marketing Institute izenekoak arestian eginiko inkesta baten datuen arabera, kontsumitzaileen %30etik gora prest legoke irradiaturiko elikagaiak erosteko; areago, pertsona horietako hirutik bik horrela egingo luke jaki horietan bakteriorik ez legokeelakoan, eta gainontzekoek metodo horrekin trataturiko elikagaiak aukeratuko lituzkete kontserbazioaldia luzeagoa dutelako, hau da, horien kontsumoa erosoagoa delako. Beste alde batetik, inkestatuen %55ak "hotzetan pasteurizatua" edo "pasteurizazio elektronikoa" tankerako letreroak nahiago lituzke, aukeran, "irradiazio" hitzik ez azaltzearren. Espainian, elikagaiak irradiatzen dituen berariazko lantegirik ez dago, baina kanpo aldetik iritsitakoak merkaturatzea zilegi da. Estatuan dagoeneko badaude produktu zenbait salgai: Japoniatik ekarritako arrain ez-freskoa, Txile, Frantzia edo Hegoafrikako itsaski izoztua, Holandako patatak, Txekia edo Frantziatiko zerealak, Brasilgo kakaoa, fruta exotikoak, prezio garaiko espezia eta haragiak, hala nola Holanda edo Frantziatik helduriko txerriki eta behiki-lukainka hartziak, esate baterako.

Baietz irradiazioari

Irradiazioaren aldekoen iritziz, trataera horrek ez du kontsumitzailearengan inolako arriskurik eragiten; alderantziz, horri esker toxikaziok galarazten dira eta kontserbakari kimikoen erabilera murriztu egiten da, gainera. Osasunaren Erakunde Mundiala (OMS) eta Elikadurarako Nazio Batuen Fondoak (FAO) teknika horren alde dihardute, elikagaiak kontserbatzeko bide seguru eta eraginkorra zabaltzen delako era horretan, Hirugarren Munduan, bereziki.

Elikagaia irradiatzeak bi abantaila ondorioztatzen ditu egun: uztaren ondoren, elikagaien galerak murriztea eta hauen kalitate sanitarioa hobetzea, alegia. Horren adibide ezaguna, fruta freskoaren irradiazioa dugu: jaso ondoren, bildurik dauden bitartean, ehun bat fruta-barietatetan sekulako hondamenak eragiten dituzten intsektu zenbait akabatzeko helburuz irradiatzen dira; aldi berean, fruituen umotze-prozesua geroratu eta bizitza komertzial baliagarria luzatu egiten da era honetan. Antzeko beste helburu bat, zereal, ekosari eta hazien erreserben zati handi-handiak irensten dituzten gurgurioak suntsitzea da. Hirugarren Munduan bakarrik, uztan bilduriko elikagaien %30etik %50era bitartean galdu egiten denez, elikagaiak irradiatzea -metodo honen aldekoen arabera- gosearen arazo orokorrari irtenbide bat bilatzeko bulkada gisakoa izan liteke.

Beste kontu bat da, zenbaitetan germen patogenoak (salmonella, trichina, listeria, campyiobacter) daramatzatela, elikagaien ezaugarri mikrobiologikoei dagokien arautegi sanitarioa betetzea. Hestekiak fabrikatzeko, espezien higienizazioa lortzea dela eta, hainbat kasutan ere aplikatzen da irradiazioa. Zientzia nuklearrek eta irradiazioa arautzen duten erakundeek, erradiaktibitate-indukzioa aurreikusteko beharrezkoak diren neurriak hartu dituztela diote; areago, haien esanetan, aski litzateke erabiltzen den gamma erradiazioaren jatorria iturri isotopikoak izatea, hala nola kobalto-60.

Ezetz irradiazioari

Elkarte eta erakunde antinuklear eta ekologistek diotenez, irradiazioak elikagaien nutrizio-balioak suntsitzeaz gain, nekez atzeman daitezkeen sustantziak, biziki kutsatzaileak, sortzen ditu. Beste alde batetik, ohartarazpen larria egin dute: irradiazio-dosi egokia gaindiz gero, elikagaien baitan ere aldakuntza genetikoak sor litezke. Irradiazioaren kontrakoen aburuz, metodo hau ez da gaitz ororen konponbidea, elikagaien higiene, ontziratze, biltze eta maneiatze zuzenen ordezkari ezin izan daitekeelako. Elikagaiak irradiatzearen bitartez, baliteke arrunt mikroorganismo eta izurrite gogorren mesedetan jardutea. Hortxe dugu izurrilkarien adibidea: intsektu, bakterio edo birusen barietate ia suntsiezinak sortu dira. "Etsaien" kontra borrokan jarduteko era artifizial eta teknologiko honek -irradiazioaren aurkako tesien arabera- osasun publikoa eta antzeko alderdi bereziki zailetan aurreikus ezin litezkeen irtenbideetara eraman gintzake. Baliteke -diote erradiatzearen kontrakoek-, irradiazioek elikagaietan hainbat aldakuntza biokimiko sortaraztea, eta horiek ere behar den heinean balioetsi behar dira, noski, elikagaien itxura eta nutrizio-ezaugarrien baitan eragin kaltegarria dutelako. Haragi, arrain, fruta eta gaztaren kolore-eraldaketak, zuntz-haustura dela medio, okelaren ehunduran aldakuntzak edota proteinak haustearren eta gantzak zaharmintzearren, zaporea bestelakoa izatea ere hauteman dituzte ikerlan zenbaitek.

Nutrizio-kalitatearen galera ere jazotzen denez, era berean, arrautzetan eta gurinetan bereziki dauden hainbat bitamina liposolubleren aldaketak atzeman direla diote, esate baterako. Brasilgo ikerlari batzuek egiaztatu dutenez, kakao eta kafearen zapore eta ahalmen suspergarriaren eragile diren alkaloideen edukia nolabait murriztu egiten du irradiazioak. Pentsamolde honen aldekoek, azkenik, garapen-bidean ozta-ozta datozen herrialdeentzat erradiazioa onuragarri edo lagungarri gerta daitekeenik auzitan jartzen dute: herrialdeok ezin eskura dezakete teknologia nuklearrik, garesti-garestia da eta. Elikagai-irradiatzaile baten kostua 150-300 milioi pezeta ingurukoa da.


Eduki honen erlazioak

Interesatzen zaizu

Orain paperezkoa ere euskaraz


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto