Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Psikologia

Λ

Besteen gogoko izatea: Hau inbidia! Denek maite dute.

Berrogeita hamarreko hamarkadan, irakurleari "arrakasta pertsonala" lortzeko errezeta ia magikoak eskaintzen zizkioten liburuak hasi ziren saltzen USAko liburudendetan. "Zergatik nik ez?" galdetzen zion mundu guztiak bere buruari; "egin zeure burua, baduzu lortzea eta" eta antzekoak ziren askatasunaren eta aukera berdintasunaren mitoa hedatzeko erabiltzen ziren esamoldeak.

  Psikologiako liburu horien egileak ia beti arrakastarako bidea errazago egiteaz kezkatuta zeuden iparamerikarrak izaten ziren eta jainko berrien aldareetaraino jasotzen zuten arrakasta. Dale Carneggie-k, idazle horietako batek, oso hedatua izan zen obra bat idatzi zuen: "Nola lagunak egin eta pertsonengan eragin". Gaur egun ere liburudendetara itzuli dira orientazio herrikoia duten obra hauek. Izenburuan "Nola" esaten da beti eta konpondu beharreko arazoa aipatzen da: "depresioari gaina hartu", "fobiak gainditu", "pertsonalki hazi" Liburu mota honetan errezeta ugari ematen da, dirigismo emozionala egiten dela ere esan daiteke, baina baliagarri dira. Psikologian arazoak konpontzea liburu hauek irakurrita pentsa daitekeen bezain erraza ez den arren, probetxuzko ideiak izan ohi dituzte gehienetan. Garrantzitsuena irakurlearen jarrera da: pertsona gisa garatzea bilatzen badu, jarrera ireki eta aurreiritzirik gabetik abiatuta pertsona gisa garatzea eta egiazko aurrerapena bilatzen baduzu, irakurketa probetxugarri geratatuko zaizu seguruenik.

Benetan aldatzea

Heldutasunez eta egoki aurrera egingo badugu, eta aldaketarako oinarri sendoa hartuko badugu, gogoeta eta aldatzeko asmo sendoa beharko ditugu abiapuntu. Eta aldaketa hori, azaleko portaeretan ezezik, gure jarrera guztietan ere ageriko da. Kontua ez da besteen gogoko izatea, gure mugak hobeto disimulatzea edo komeni zaigunean sentimentuekin itxurak egitea. Hori baino gauza sakon, apal eta nobleagoa da. Pertsona gisa (etxean, lanean, lagunekin) arrakasta izateko modurik onena pertsona irekiago, toleranteago eta besteei gertatzen zaienaz interesatuago bihurtzea. Horixe baino ez da. Pertsonarentzat atsegingarri da norbere baitara begiratu eta norbere buruarekin gustura sentitzea, norbere izakera, pentsakera eta portaerarekin konforme izatea. Beste guztia horren gainetik dator. Salbuespenak salbuespen, ia denoi gustatzen zaizkigu pertsona atseginak, egiazaleak, positiboak, jatorrak, alaiak, irekiak eta sentikorrak. Baina aitor dezagun egia: ez da erraza denek maite eta estimatzen duten pertsona bihurtzea. Ez gaitezen maximalista izan, ingurukoen artean oso estimatu izan baikaitezke izakeraz hain apartekoak izatera iritsi gabe ere.

Garapen pertsonalaren testuinguru honetan zentzuzkoa eta positiboa da besteen gustuko izateko zer egin behar den geure buruari galdetzea eta jendearen aurrean atseginago izateko nola jokatu behar dugun pentsatzea. Besteen iritzia funtsezko kontsideratu arren, askok eta askok ez du jakiten ingurukoengan maitasuna, onarpena eta sinpatia esnarazten. Sarritan, gainera, norbaitekin atsegin izateko egindako ahaleginak indiferentzia edo, are okerrago, mezprezu-keinua izaten du erantzun. Hala ere, argi dago natural eta erlajaturik jokatzen dutenek mirespena, errespetua eta maitasuna sortzen dutela inguruan. Kontua konparaketak egitea ez den arren, pribilegiatu horiek inguruko guztien onarpena lortzeko zer duten aztertzea ez da ariketa txarra. Ez dugu inoren portaera imitatu behar, baina gogoeta horrek geure hobekuntzari ekiteko oinarria emango digu. Batzuetan, besteen gogoko ez garela sentitzen dugu, edo oharkabean pasatzen garela, eta etsita geratzen gara; geure autoestima kolokan jarri eta egonezina jartzen zaigu; inor baino gutxiago garela sentiarazi eta utzikeriara eraman gaitzake horrek. Egia da ez garela besteek ikusten dutena bakarrik, baina halaber, besteek gutaz duten iritziak eragin handia izan ohi du geure buruaz dugun irudian.

Besteek ikusi, onartu eta balora gaitzaten

Zenbat aldiz ez ote dugu esan edo entzun, zenbait pertsonari buruz, "zein desatsegina den, eta traturako zein motza". Beste batzuk oharkabean pasatzen dira bizitzan, ez baleude bezala: pertsona horiek "ez didate ezer eragiten". Eta ez da esaten dutena edo gauzak esateko modua bakarrik, baita alde fisikoa, egoten jakitea, "zera" pertsonala, originaltasuna, dotorezia, zuzentasuna eta sinpatia dira besteari gurekiko jarrera bat edo bestea sortarazten diotenak. Alde batetik kanpoko itxura dago, fisikoa, eta bestetik, jendearen alderdirik sakonena ikustarazten diguten jokaera eta portaerak. Itxura fisikoaren aldetik "dena onartzen dela" uste izan arren, gure irudiari garrantzia eman behar diogu, gure aurkezpen txartela baita. Horrela beraz, gure aukera, zaletasun eta joera estetikoak egokitu egin beharko ditugu eman nahi dugun irudiaren arabera. Ez gaitezen inozo izan: jantzietan, osagarrietan eta itxura fisikoan egiten den zenbait aukerak erreakzio negatiboa sor dezake hainbat pertsonarengan. Hori jakin egin behar dugu. Eta, hurbilenekoa delako, lehen elementua itxura fisikoa bada, are garrantzitsuagoa da bizitzaren aurrean dugun jarrera, munduan egoteko modua. Ez dugu ahaztu behar ezkortasuna, biktimismoa, mesfidantza, intolerantzia, autokritikarik eza, autosufizientzia, edo egozentrismoa ez direla inoren gustuko, eta ez hori bakarrik, ez zaigu barruan horrelako sentimendurik komeni. Besteen atsegineko izateko ez dago besteak maitatzea baino gauza hoberik; besteari entzun, bere emozioak errespetatu eta bere lekuan jartzen jakitea baino hoberik ez dago.

Besteen gustuko izateko bidea

  • Eskaini arreta eta denbora zeure itxurari eta garbitasunari. Irudi pertsonal atseginak indartu egiten du norbere segurtasuna eta onarpen sozialaren ateak irekitzen ditu.
  • Aldian behin begiratu zure umoreari eta kontrolatu sentimentu eta emozioak, besteekiko harremanetan eraginik izan ez dezaten.
  • Egizu irribarre. Zure aurpegiak eta keinuek jendearekin bat egiten duzula adierazi behar dute, denarekin adostasunik nahitaez adierazten ez badute ere. Bizitza-tono alaia eta baikorra izatea da kontua.
  • Garrantzitsua da besteei astun ez gertatzea. Zain ezazu zeure burua eta ez izan astuna: ez aspertu ingurukoak zure sufrimendu edo kezkekin. Arazoak konpartitzeak ez du esan nahi etengabe besteei jasanarazi behar dizkiegunik.
  • Tolerantzia. Guk ez bezala pentsatzen eta jokatzen dutenei errespetua izateak irudi ona izaten lagunduko digu. Gizatasun handiagoa erakutsiko dugu.
  • Jendea ona da, besterik frogatzen ez den artean. Ez dugu mesfidati izan behar. Jarrera irekia izanez, besteek jarrera hobearekin har gaitzaten lagunduko du.
  • Ez dakiguna galdetu egin behar dugu, lotsagarri geratzeko edo ezjakin itxura emateko beldurrik gabe. Horrela, garrantzitsu eta baliagarri sentiaraziko ditugu besteak. Pertsona zenbat eta argiago eta erakargarriago izan, orduan eta galdera gehiago egiten du eta gehiago entzuten du.
  • Eztabaidetan, ahaleginez ez erabili "zu motako mezurik"; mezu horiekin besteari leporatzen diogu gatazkaren erantzukizun edo ardura guztia. Ausar zaitez "ni motako mezuak" erabiltzera, autokritikara, zein arlotan huts egin duzun azaltzera.
  • Ikas ezazu era aktiboan entzuten, bestearen egoeraz jabetzen, berak alboan zaituela eta ulertzen duzula senti dezan. Egizkiozu galderak. Ikas ezazu isiluneak erabiltzen ere, baina ez zeure gauzetaz pentsatzen jartzeko, besteak sentitzen duenagatik errespetua eta interesa adierazteko baizik.
  • Ez eman aholkurik, eta ez esan inori zer egin behar duen. Horrek superioritate mailan jartzen zaitu eta azken batean, hori ez zaio inori gustatzen. Aholkua eskatzen dizutenean, hobe duzu besteari bere kabuz erantzunak bilatzen laguntzea.
  • Azal zaitez zaren modukoa eta ez ahalegindu sinpatikoarena egiten. Enpatia, edo beste batzuekin batera hunkitzeko gaitasuna, ez da estrategia bat edo teknika komertzial bat. Oso barruan eramaten den gauza baizik.
  • Adiskideak ez dira berez gordetzen; adiskidetasuna landu eta zaindu egin behar da. Zain itzazu zure lagunak. Hots egiezu telefonoz, eta ez aspertuta zaudenean, beste planik ez duzunean edo arazoak dituzunean bakarrik. Egiezu bisita. Eman sorpresaren bat noizean behin. Garrantzitsua da eurekin une atseginak, esperientziak edo emozioak konpartitzeko ilusioa duzula erakustea.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto