Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Azaleko gaia

^

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Garraio publikoan, alde handiak toki batetik bestera: Autobus-txartel merkeena, Gasteizen

Halako tokiak duen garraio publikoak zehaztasun handiz adierazten du hiri horrek nolako bizi-kalitatea eskaintzen dion bertako zein kanpoko jendeari.

Bidaia bakarreko txartelik merkeena ere, Gasteizen.

  Gasteizen, bidaia bakarreko txartelaren prezioa 90 pezeta da, hau da, hamarretan merkeena. Iruñean ere merkea da: 95 pezeta. Alacant eta Santanderren, hogei duroraino igotzen da kostua. Donostia eta Valentzia erdi parean daude, txartel horrek 110 pezeta balio duelarik. Autobusez bidaiatzeko Malagan 115 pezeta eta Bilbon 120 pezeta ordaindu behar dira. Madrilen (130 pezeta) eta Bartzelonan (145 pezeta) biziagoa da prezioa. Hamar bidaia egiteko bonobusaz ari garela, unitarioei bezalaxeko prezio-politikak aplikatzen zaizkie, oro har, salbuespenik ere badagoen arren. Bonurik apalena, ostera ere, Gasteizkoa delarik (450 pezeta), ohiko txartelarekiko aurrezkia (%50a) gainontzeko hirietakoa baino handiagoa da. Iruñean 580 pezetara doa, %39ko aurrezkia dakarrelarik. Santanderren, 600 pezeta kostatzen da eta bidaia bakoitza %40 merkeago gertatzen da horrela. Donostiako erabiltzaileak 30 pezeta gehiago ordaintzen du. Madrilen, bonobusa 680 pezeta kostatzen denez, bidaia bakarreko txartela hartuta baino %48 merkeago ateratzen zaio ohiko bezeroari. Valentzian (690 pezeta) eta Bilbon (700 pezeta) Bartzelonan (795 pezeta) baino gutxiago ordaindu behar izaten duten arren, hiri mediterraniar honetan egiten den aurrezkia (%45) biziki erakargarria da. Alacant (750 pezeta 10 bidaiako abonua) eta Malaga (725 pezeta) dira, Bartzelonaren ondotik, bonobus garestiena duten hiriak. Alacanten, 10 erabilerako bonuak %25eko aurrezkia besterik ez dio eskaintzen herritarrari.

Metroa: hamar hirietatik lauetan

Estatu espainoleko hiri gehienek ez dute metro-zerbitzurik. Gaurkoan konparatu ditugun hamarretatik Bartzelona, Madril, Bilbo eta Valentziak bakarrik dute. Bidaia bakarreko txartelik merkeenak Valentzian (125 pezeta) eta Madrilen (130 pezeta) aurkitu ditugu. Bilbokoa 135 pezetan dabil, eta garestiena Bartzelonako metroa da, bidaiako 145 pezeta kentzen dizularik. Hamar bidaiako bonua Madrilen 680 pezeta kostatzen denez, aurrezki handia lortzen du bezeroak; Valentzian 700 pezeta balio du eta Bartzelonan 795 pezeta; Bilboko metro berrian hamar ibilbide egiteko 825 pezetaraino ordaindu behar da. Garraiobide honetan muga gabe ibili ahal izateko hilabeteko abonuak ere eskura daitezke, hala nahi izanez gero: metroa maiz baliatzen duten erabiltzaileek oso prezio egokian dute hileko txartel hori. Tarifarik murriztuena, askozaz ere, Bilbokoa da: 3.575 pezeta. Madril eta Valentzian hileko txartel horren prezioa 4.450 eta 4.400 pezeta da. Bartzelonako ohiko erabiltzaileari eskaintzen zaion aurrezteko aukera apal-apala da, hilabete osoko txartela 5.450 pezeta kostatzen baita, hots, Bilbon baino %52 gehiago. Bartzelonak izan ezik, metro-zerbitzua duten hiriek gazteentzako tarifa bereziak ere eskaintzen dituzte. Onura handiena jaso dezakeena, honelakoetan, Bilboko gaztea da,inondik inora: 26 urte beterik ez dutenek 22.800 pezeta kostatzen den urte osorako Gazte-Txartela dute eskuragarri.

Pertsonalizatua dagoen eta hiru zonaldeetatik bakar baterako balio duen abonu honi esker, nahi bezainbeste bidaia egin lezake bezeroak. Bestetik, 21 urtetik beherako madrildarrek hileko abonua (Tarifa Joven) eskura dezakete 3.085 pezetaren truk, metroan eta hiri-autobusean bidaia-mugarik gabe ibiltzeko. Valentzian, bere aldetik, T-30 Joven eskaintzen da, hilean 3.300 pezeta pagatuz. Bi kasuetan ere, garraiobide publiko hau maiz darabilten gazteentzako honelako tarifa berezia Bilboko metrokoa baino garestiago ateratzen da urtearen buruan.

Taxiak: gutxieneko tarifak erkatuz

Taxien prezioa alderatzeko, erabiltzaileek horrelako ibilgailu batean sartzearren ordaindu beharko duten tarifa aztertu du, funtsez, CONSUMERek, egin beharreko ibilbidearen luzera zein bide horretan emaniko denbora kontuan izan gabe. Hiri guztietan (Madrilen izan ezik, bertako taxiek ez dutelako gutxieneko tarifa, "bandera-jaistea" baizik, 175 pezetan, gehi 85 pezeta ibilitako kilometroko) gutxieneko tarifa ordainduz gero 2.200 metro inguru ibili edo taxiaren barnean sei bat minutu egon daiteke erabiltzailea, esandako ibilbidea osorik egin ez den arren: honakoa maiz gertatzen da, hiriek --hiri handiek, bereziki-- nozitzen dituzten trafiko-korapilo handiak direla medio.

Astegunez eta eguneko ordutegian, Bartzelonan dugu taxiaren gutxieneko tarifarik merkeena: 300 pezeta besterik ez. Bertan kobratzen zaio bezeroari gehien, ibilitako kilometro bakoitzeko: 103 pezeta. Santander eta Malagan, aldiz, 340 pezeta (gehi 89 pezeta kilometroko) eta 392 pezeta (80 pezeta kilometroko) ordaintzen dira, hurrenez hurren. Erdi parean daude Alacant (93 pezeta kilometroko) eta Valentziako (97 pezeta kilometroko) taxiak, gutxieneko tarifa 400 pezeta izaki. Bost duro gorago daude Bilbo eta Donostiako gutxieneko tarifa, kilometroko 80 eta 77 pezeta ordaindu behar direlarik. Iruñeako taxiek 430 pezeta (gehi 84,5 pezeta ibilitako kilometroko), gutxienez, kentzen dizute. Gasteizkoen gutxieneko tarifa, azkenik, 450 pezetaraino igotzen da, hortik aurrera kilometro bakoitzeko 84 pezeta ordaindu behar delarik. Jaiegun eta gaueko ordutegian ere, Bartzelona da gutxieneko tarifarik apalena duena (300 pezeta) baina, era berean, kilometroko gehien kobratzen duen bigarrena (125 pezeta). Valentzia eta Alacanten, jaiegun eta gauez 400 pezeta ordaintzen dira gutxienik, gehi 105 pezeta kilometroko.

Maila ertainean dago Santander (435 pezeta gehi 116 pezeta kilometroko), Bilbo eta Donostian 525 pezeta (gehi 110 eta 121 pezeta kilometroko) ordaintzen direlarik. Gasteizen ostera ere taxien garestia dugu bereizgarri: 550 pezeta da gutxieneko tarifa eta 121 pezeta kilometroko; Iruñean gutxieneko tarifa 645 pezetaraino igo delarik, gainontzeko kilometroak 127 pezetan pagatzen ditu bezeroak. Beraz, autobus nahiz metroz bidaiatzearen aldean taxiz ibiltzea garestia dela egia bada ere, dezenteko aldeak daude hiri batetik bestera. Hiri txikietan -bertan diharduten taxisten arabera- ibilbideak laburragoak dira eta auto-ilarak ez dira handietakoak bezain trinkoak eta sarriak. Horrenbestez, bidaiak azkarrago eta merkeago egiten dira. Hauxe izan liteke hiri ez handietako tarifak garesti aldera jotzearen arrazoia: taxistari bidaiako gutxieneko sarrera bermatzea, alegia. Taxien prezio-politika benetan agertuko lukeen erabilerako eredu teoriko bat hiri bakoitzean ezartzea ia-ia ezinezkoa litzateke, taxian halako distantzia bat egitea kostatuko litzatekeenaren arabera konparatzerik ez baitago, ezaugarri desberdinetako hirietako taxiek ibilbide berdin hori egiteko beharko luketen denbora -eta trafiko-mordoiloen trinkotasuna-- ere arras desberdina litzatekeelako.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto