Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Azaleko gaia

^

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Garraio publikoan, alde handiak toki batetik bestera: Autobus-txartel merkeena, Gasteizen

Halako tokiak duen garraio publikoak zehaztasun handiz adierazten du hiri horrek nolako bizi-kalitatea eskaintzen dion bertako zein kanpoko jendeari.

Mila bidaia urteko

CONSUMERek abiapuntutzat hiri-autobusaren bi erabiltzaile-eredu hartu ditu; batetik, 40 urte duen langilea eta 68 urteko jubilatu edo pentsioduna, bestetik. Bietan ere, urtean 1.000 bidaiaren gastua kalkulatu da (4 bidaia eguneko, urtean 225 lanegun izanik, eta egutegian ezarritako 50 jaiegunetan, berriz, eguneko 2 bidaia), aurrezkirik handiena ekarriko dieten tarifa edo txartel bereziak hartuko dituztela kontu eginez. Goian esan bezala, 10 bidaiako bonobusaren prezioaren apala (450 pezeta baizik ez) gogoan izaki, Gasteizko herritarrak du autobusik merkeena. Valentziako erabiltzaileak T-30 (hilean 4.400 pezeta) hartuko luke eta, era honetan, nahi adina bidaia egin ahal izango luke hiri-autobus zein metroan. Madrilgoek, urtearen buruan Valentziakoek baino 4.350 pezeta gutxiago ordainduta, urteko 48.950 pezetako bonua erosiko lukete eta hauek ere, honela, mugarik gabe ibil litezke hiri-autobus eta metroan. Iruñean aukera interesgarria 10 bidaiako bonobusa erostea da (580 pezeta), bestelako alternatibarik ez baitago, aurrezkiaz ari garela. Santanderren ere, irtenbide bakarra 10 erabilerako bonobusa hartzea duzu, 600 pezeta ordainduta. Donostian beste horrenbesteko panorama duzu, txartel horren prezioa 630 pezetaraino igotzen bada ere. Bartzelonako erabiltzaileak hileko txartela (T-Mes) hartuko luke, 5.450 pezetaren truke, metroz zein autobusez nahi adina bidaia egiteko. Bilbon aukera bakarra dago: 10 bidaiako bonobusa (700 pta.), baina honek ez du balio metroan sartzeko. Erkaturiko hirien artean bigarren garestiena dela, Malagako bonobusa 725 pezetan dago salgai. Alacant da, dudarik gabe, garraio garestieneko hiria, 10 bidaiako txartela 750 pezeta eta 30 bidaiako txartela 2.250 kostatzen direlarik.

Jubilatuak, ordea?

65 urtez gorakoei dagokienez, Gasteizkoak dira mesedetuenak: NAN aurkeztu besterik ez dute, hiri-autobusetan nahi adina doan ibiltzeko. Horrenbestez, CONSUMERek adierazitako kasuan (1.000 bidaia urteko), jubilatu gasteiztarraren gastua hutsaren parekoa litzateke. Kolektibo honi garraio ekonomikoena eskaintzen dion hurrengo hiria Madril da, Gasteiztik urruti, denaren prezioa urteko 14.080 pezetaraino doalako (3. Adinarentzako Abonua); bidai mugarik ez dago eta, gainera, Madrilgo Komunitateko garraiobide publiko guztiak (metroa barne) erabil daitezke. Donostian 26.000 pezeta (adin horretako erabiltzailearentzako 100 bonobus) ordaindu beharko lirateke. Gainontzekoetan, familiako diru-sarreren araberakoak dira prezioak. Bilbon, lanbidearteko gutxieneko soldata (LGS edo SMI, hau da, aurtengoari dagokiola, 70.000 pezeta baino gutxiago) baino sarrera txikiagoak dituzten jubilatu edo pentsiodunek bakarrik izan dezakete tarifa murriztua (doan ibiltzeko), Udal Garraiorako Txartela erakutsiz.

Badago mugapen bat, gainera: bazterketa-ordutegiak (7etatik 9ak arte eta 13etatik 15ak arte) errespetatu behar dituzte ordaintzen ez duten erabiltzaile horiek. Bartzelonan, adin handieneko erabiltzailerik gehientsuek aldekoa dute egoera: edadetuen (65 gabe, 62 urtez gorakoentzat) autobusaren prezioa diru-sarreren araberakoa den arren, ikus ditzagun tarifetan azaltzen diren bi kasuak: gehienez ere hileko 123.833 pezeta irabazten duten senar-emazteek edo 68.040 pezeta baino gehiago irabazten ez duten alargunek eskura dezakete 600 pezeta besterik kostatzen ez den urteko txartela. Bestetik, 62 urtez gorako senar-emazteek guztira 223.171 pezeta baino gutxiago irabazten badute edo, bestela, 123.833 baino gehiago irabazten ez duten alargunek T-4 (10 bidaia, 355 pezeta) txartela dute eskuragarri, jubilatu-agiriarekin batera erakutsi behar dutelarik.

Adinekoari berariazko tratamendua ematen dio Iruñeak ere. Nafarroako hiriburuan bi tarifa daude, biak ere merke-merkeak. "A" delakoa (10 pezeta bidaiako), pertsona bakarra izanik, LGS baino diru-sarrera txikiagoa duten 65 urtez gorakoei bakarrik aplikatzen zaie, pertsona bakarra izatekotan; erabiltzailea eta ezkontidea, biak batera badira, LGSren %120a da kalkulatu beharreko munta. LGS baino gehiago irabazten dutenei "B" tarifa aplikatzen zaie, hau da, 30 pezeta bidaiako. Hortaz, gure balizko kasuan, azken hauek urtean 30.000 pezeta ordaindu beharko lituzkete mila bidaia egiteko: kopuru handia bada ere, LGS baino gehiago irabazten duen Bilboko jubilatuak ordaindu beharrekoaren oso azpitik dago, bilbotarrak beste zeinahi erabiltzailek bezala pagatuko lukeelako.

Malagan, edadetuek 10 bidaiako 100 bonobus erabiliko lituzkete, bidaiako 10 pezeta ordainduz, LGS baino diru gutxiago sartzen badute hilean. Gainerakoek, ohiko tarifa. Valentzian, pentsiodunaren agiria urteko 1.700 pezeta besterik ez da kostatzen eta, hori erakutsiz, nahi adina bidaia egin litezke autobusez; nolanahi ere, diru-sarrerak LGS baino txikiagoak dituzten familiei bakarrik ematen zaie delako agiri hori. Santanderren 10 bidaiako bonoa 50 pezeta kostatzen delarik, hilean 100.000 pezetatik (LGS baino dezente gehiago, beraz) beherako sarrerak dituen jendeari soilik ematen zaio. Alacanten, LGSren azpitik dabiltzan edadetu ezkongabe, alargun edo bananduek CONSUMERek proposaturiko kasuan, urtean 15.000 pezeta inguru ordainduko lituzkete ("Hirugarren Adinarentzako" 30 bidaiako 34 bonobus, alegia). Kopuru horixe ordainduko dute, hilean eta bien artean 103.905 pezeta baino gehiago irabazten ez duten senar-emazteek. Ezaugarri hauek ez dituztenei ohiko tarifak aplikatzen zaizkie.

Gazte eta ikasleentzat, tarifa murriztuak

Azterturiko hamar hirietatik seik badituzte gazteentzako autobus-tarifa bereziak. Gasteizen hiru tarifa daudela, hauen prezioa senideen kopuruaren eta urteko diru-sarreren araberakoak dira. Bi autobus-linea ere erabil daitezke tarifa hauekin, nahi adina bidaiatan (prezio berezi hauen helburu edo xedea erabiltzailea bere etxetik ikastegira garraiatzea baita), baina astegunean bakarrik, eskolak daudenean (A tarifa, 205 pezeta hilean; B tarifa B, 1005 pezeta eta C tarifa, 2010 pezeta). Santanderren, 18 urtetik beherakoentzako agiriak 7.000 pezeta balio du eta horrekin hiru hilabetez ibil daiteke erabiltzailea inongo mugarik gabe. Madrilen, 21 urte bete ez dutenek, zeinahi garraiobide publikotan bidaiatzeko, A zonalderako (hiriburuko erdialdea) hileko abonua dute eskuragarri 3.085 pezeta ordainduz, bidai mugarik gabe. Valentziak, bere aldetik, T-30 Joven (3.300 pezeta hilean) txartela eskaintzen dio gazteriari, gazte-agiriarekin batera (14 urtetik 26ra bitartean lor daiteke). Abonu horri esker, Metro Valentzia eta EMTn ibil daiteke gaztea, bidai mugarik izateke, "AV Barrutiaren" (hirigunea) barnean bakarrik, 30 egunez segidan. Alacanten, 14 eta 26 urte bitarteko erabiltzaileak Bono Joven (30 bidaia, 1.800 pezeta) izenekoa balia dezake; ikasleek, aldiz, 30 bidaia egiteko balio duen txartela, 1.500 pezeta pagatuz. Malagan Ikaslearen Bonua dute: 10 bidaia 380 pezetagatik, eskola-egunetarako soilik. Donostia, Iruñea, Bartzelona eta Bilbon gazteentzako tarifa berezirik ez dago.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto