Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Arrisku anitzetarako etxeko aseguruak 60ko hamarkadaren amaiera aldera agertu ziren Espainian. Ordurarte etxebizitza-jabeen polizek suteen aurkako babesa baino ez zuten eskaintzen. Urte batzuk beranduago, lapurreta kasuetarako babesa ematen hasi ziren.
Arrisku anitzeko polizen prezioa aseguratzen den balioaren araberakoa izaten da, noski; hala ere, badira itxuraz garrantzi gutxiago duten beste puntu batzuk: etxearen segurtasun neurriak -ate blindatua, kutxa gotorra...- eta etxea non dagoen, esaterako. Aseguru etxeek tarifak ezartzerakoan oso kontuan izaten dute etxea kokatua dagoen hiriko edo inguruneko ezbehar kopurua.
Balizko berberaren aurrean ( edukitzailea 7 milioikoa eta edukia 4 milioikoa), aseguru etxeek oso prima ezberdinak ezartzen dituzte: Vitalicio etxeak 18.130 pezeta urtean eta 26.714 pezeta Génesisek. Hala ere, zaila da polizen ranking bat ezartzea aseguru bakoitzaren estaldurak kontuan izan eta baloratu gabe.
Santa Lucíaren poliza, urtean 26.660 pezetako prima duena, garestienetakoa da, baina kalteordainik altuena ere berak eskaintzen du (250.000 pezeta artekoa) etxearen leheneratze estetikoa egiteko, hau da, etxea ezbeharra gertatu aurretik zegoen moduan uzteko, eta ondasunak aldibaterako mugitzeko. Eta beste konpainia batzuk mugak jartzen dituzten lekuan, aseguratutako kapital osoan hainbat arrisku estaltzen ditu. Etxebizitza bizi izateko moduan ez egotea, alokairuak galtzea, elektrizitateak eragindako kalteak edo komuneko loza edo bitrozeramikako elementuak apurtzea, besteak beste, %100an babeste ditu konpainia honek. Allianz Ras etxeak, bere aldetik, ez du kalte estetikoengatiko kalteordainik zehazten, baina polizarik merkeenetakoa izanik (21.192 pezeta), aseguratutako kapitalaren muga baino ez du ezartzen beirak apurtzea, hozkailuan jakiak usteltzea, etxea bizi izateko baldintzetan ez egotea edo alokairuak galtzea bezalako ezbeharren kasuan. Eta Catalana Occidente-rekin batera, lapurretan ebatsitako ondasunak (bitxiak, dirua eta baliozko gauzak izan ezik) %100ean babesten dituen konpainia bakarra da.
Aseguru etxe guztiek ez dituzte arrisku anitzetarako polizetan arrisku berberak babesten. Oinarrizko arriskuek aseguratutako kapitalaren %100 babesten dute. Arrisku osagarriei portzentaia edo kopuru finkoak ezartzen dizkiote, ordaindu nahi den kuotaren arabera. Arrisku anitzetarako etxeko aseguruetan hiru atal bereizten dira: edukitzailea, edukia eta erantzukizun zibila. Edukitzailea etxebizitzaren euskarri fisikoa da. Zoru, horma, sabai eta leihoekin batera, erantsitako elementu finkoak ere hartzen ditu (hormako armairuak, berokuntza sistema, telebistako antena e.a.) eta jabeari eraikuntzatik dagokion zati proportzionala. Altzari, etxeko elektra tresna, jantzi, artelan eta bestelako elementuek edukia osatzen dute. Aseguru etxearen arabera, kasu batzuetan atal honetatik aparte uzten dira balioko gauzak, bitxiak, larruzko jantziak, antzinako gauzak eta abar, eta aparte deklaratzen dira. Azkenik, Erantzukizun Zibilak aseguratuak edo familiakoek beste norbaiti eragiten dizkiten kalte fisikoak edo materialak babesten ditu.
Arrisku anitzetara aseguru baten garantiarik garrantzitsuenetakoa urak eragindako kalteetakoa da. Urak eragindako ezbeharrak (euriteen edo ur sarearen ondoriozko uholdeak, edo auzokoak sorrarazitako hezetasun arazoak...) oso sarri gertatzen dira eta normalean, konponketa-kostu handia eskatzen dute; beraz, garrantzitsua da poliza mugaturik ez egotea. Hala ere, poliza guztietan ez da estaldura osoa eskaintzen urak eragindako kalteetarako; txosten honetan jasotako bederatzi konpainietatik hiruk mugak ezartzen dituzte. Génesis eta Vitalicio etxeek, adibidez, urak eragindako matxurak aurkitu eta konpontzeko gastuen zati txiki bat baino ez dute ordaintzen, %20 eta %10, hurrenez hurren. Lehenak, gainera, 50.000 pezetako muga jartzen du butxadura edo filtrazio kasuetarako. Finisterrek, bestalde, gehienez ere milioi bat ezartzen du eta kopuru horretan sartzen dira eragindako kalteak eta matxura bilatu, aurkitu eta konpontzea ere.
Sute kasuan ere, izan ohi duen eragin latzagatik, edukitzailearen eta edukiaren %100eko kalteordaina eman ohi da. Salbuespena Vitalicio, Mapfre eta Seguros Bilbao etxeak dira, mugak ezartzen baitituzte. Vitalicioren polizak suhiltzaileen kostuaren %10 baino ez du estaltzen. Beste aseguru etxe biek gehienez ere milioi bateko muga ezartzen dute kontzeptu beragatik.
1997an zehar arrisku anitzetarako aseguruekin gustura ez zeuden bezeroen 957 erreklamazio jaso zituen Aseguruen Zuzendaritza Nagusiak. Aseguru mota guztietan 3.035 kexa jaso ziren. Ondorioz, protesten %32a etxeko aseguruek eragin zuten. Atzetik, Autoenak (%29), Bizitza aseguruak (%14) eta Osasunekoak (%7) zetozen. Arrisku anitzetarako asegurua da, beraz, aseguru etxeen eta bezeroen artean gatazkarik gehien sortzen duena, ezbeharren erantzukizuna erabakitzerakoan batez ere. Kasurik gehienetan, bezeroak kontrataturik duen aseguru-polizaren mugen eta salbuespenen berri ez duelako gertatu ohi dira desadostasunak. Estaldurarik gehienek gehiengo, gutxiengo eta frankiziak izaten dituzte muga, arriskuaren arabera. Salbuespenen artean, normalean aseguruek ez dituzte estaltzen aseguratuaren zabarkeriagatik edo elementu aseguratuen berezko desgasteagatik sortutako kalteak, edo hezetasunak, kondentsazioak edo keak apurka-apurka eragindako kalteak, besteak beste. Halaber, garantia zenbait interpretazioari lotuta dago, tresna elektrikoetan gertatzen diren kalteak esaterako. Zenbait konpainiak edozein egoeratan gertatuta ere ordaindu egiten ditu kalte hauek; beste zenbaitek, berriz, kaltea tximistak eragin duenean edo tresnek 5 urte baino gutxiago dutenean baino ez du kaltea bere gain hartzen. Beste hainbeste gertatzen da sarraila aldaketekin ere. Aseguru etxe batzuk sarraila behartzen den kasuan bakarrik ordaintzen du ordezkoa jartzea, eta beste batzuk giltzak lapurtu edo galdu izana ere onartzen dute kalteordaina emateko.
Edonork daki arrisku anitzetarako etxeko asegurua kontratatzean sute eta uholdeen aurka babesten dela etxea. Hala ere, polizen letra txikiak garantien zerrenda luzea jasotzen du eta ezbehar askotan erreklamatu gabe geratzen dira horiek. Arrazoia oso xinplea da: jendeak ez ditu ezagutzen. Arrisku anitzetarako zenbait aseguruk biltzen dituzten estaldurak aipatuko ditugu hemen. Irakur ezazu arretaz zure aseguru-polizaren letra txikia, ongi etorriko baitzaizu ezbeharren bat gertatuz gero. Eta, bide batez, ziurrago jakingo duzu etxeak zein babes duen.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
CONSUMER EROSKIn zure datuen pribatutasuna oso garrantzitsutzat jotzen dugu, lege oharra. © EROSKI Fundazioa