Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Saski-naski

Λ

Testamentua egitea: Herentzia kobratzeko

Testamenturik ezean, Kode Zibilak ezartzen ditu hildakoaren legezko oinordekoen artean ondasunak banatzeko unean jarraitu beharreko arauak.

  Baina, aurreikuspen hau gora-behera, eta legeak aukera hori jasotzen duen arren, norbere borondatea idatziz utzi gabe hiltzeak buruko min bat baino gehiago sor diezaieke oinordekoei, normalean hildakoaren seme-alaba eta alargunari. Edozein modutan, testamentu kontuetan eztabaidak, behar ez diren gastuak eta atsekabeak ebitatzea ez da diru asko kostatzen eta ez da aparteko tramiterik ere egin behar izaten. Azter ditzagun egoerarik ohikoenetako batzuk. Hasteko, oinordetza-zuzenbidearen arauetan ezberdintasun garrantzitsuak daude legeria propioa duen lurralde batetik bestera eta, beraz, erabiltzaile batzuentzat egoki dena kaltegarri gerta daiteke beste batzuentzat. Lehenik eta behin azpimarratu beharra dago adina gora-behera (Kode Zibilak 14 urtetik aurrera ematen du testamentua egiteko ahalmena) eta ezkontiderik edo seme-alabarik izan edo ez, beti dela komenigarri testamentua egitea. Are gehiago, askotan komeni zaie seme-alabarik ez duten edo ezkontidea lanean ez duten pertsona ezkonduei. Edo ezkondu gabe, izatezko bikote moduan elkarrekin bizi direnei.

Espainiako lurralde "komuna" deituan ezarri beharreko araudia Kode Zibilekoa da. Baina Kataluniak, Nafarroak, Baleareak, Aragoik, Galiziak eta Euskadiko Erkidegoko zati batek, tokian tokiko araudi berezia, foru araudia dute, bakoitzak berea.

Lurralde komunean testamentua egitea

Testamentua egitera doanak jakin beza ez duela bere ondarearekin nahi duena egiteko askatasun osorik. Seme-alabarik izanez gero, legeak ez du onartzen gizonezko batek bere ondasun guztiak testamentuan edo ondarearen usufruktu unibertsala emazteari uztea. Baina ezin du testamentuan emaztea edo seme-alabetako bat besterik gabe "ahaztu" ere. Kode Zibilak seme-alabak ezartzen ditu derrigorrezko oinordeko gisa guraso eta aurreko ahaideekiko (aitona-amonekiko). Seme-alaba eta ondorengorik ezean, herentzia guraso eta aurreko ahaideek eskuratuko lukete. Eta ezkontide alargunak, jakina.

Hildakoak alarguna eta seme-alabak utzi baditu

Hauxe da kasurik ohikoena. Testamentuan jasota geratu den borondatea errespetatuz banatu behar da herentzia eta gutxieneko legal batzuetara loturik dago. Horrela, notariara testamentua egitera goazenean, kontuan izan behar dugu gure ondarea hiru herenetan zatituko dela:

  • Ondasunen heren bat, seniparte hertsia, seme-alabentzat izango da, zati berdinetan.
  • Beste heren bat, hobekuntzakoa, aukeratzen den seme/alaba, seme-alabak edo ondorengoarentzat (biloba bat izan daiteke). Edo seme-alaben artean zati berdinetan banatzeko.
  • Gainerako herena xedapen askekoa da eta hartzaileak ez du derrigorrez familiakoa izan behar. Honen aurrean, zer geratzen da ezkontide alargunarentzat?: gutxienez, hobekuntzako herenaren usufruktua (ondasunak erabili eta gozatzeko aukera) geratzen zaio eta dirutan kapitalizatzeko aukera ere badu.

Muga hauetatik abiaturik, ondasunen banaketa antola dezakegu testamentuan, eta baita oinordeko bakoitzari edo horietakoren bati ondasun jakin batzuk utzi ere. Ikus daitekeenez, testamentugileak bere ondasunaren herena baino ezin du askatasun osoz erabaki eta askatasun mugatua du hobekuntzako herenaren aurrean (seme-alaba edo ondorengo jakin batzuen alde erabakitzeko).

Ezkontideek ondasun guztiak elkarri utzi nahi izan arren, eta seme-alabak lehen herentziatik baztertu eta ondasunak gurasoak hiltzean jaso ditzaten xedatuta utzi nahi izango balute ere, ezin izango lukete halakorik egin. Bestalde, adin txikiko seme-alabak dituen alargunak, seme-alabek ezkontidearengandik jaso dituzten ondasunen legezko administratzailea den arren, ezin du ondasun horiez erabakirik hartu. Adibidez, familiaren behar berriei erantzuteko seme-alabek jaso duten etxebizitza bat saldu beharra badu, epailearen baimena eskatu behar du. Hain sarritan gertatzen den arazo honi aurre egiteko, legez dagokion gutxienekoaz gain (heren baten usufruktuaz gain), xedepen askeko herena utz dakioke ezkontideari. Testamenturik ez badago, ondare guztia seme-alabek eskuratuko dute zati berdinetan eta ezkontide alargunak heren baten usufruktua baino ez du izango. Hori dela eta, gauzak horrela geratzerik nahi ez badugu, testamentua egin beharra dago.

Seme-alabarik eta ezkontiderik ez badago

Gurasoek edo aurreko ahaideek (aiton-amonek) gutxienez eta derrigorrez, hildakoaren ondasunen erdia jasoko dute, aitak eta amak edo ama aldeko eta aita aldeko aitona-amonek zati berdina. Gainerako erdiarekin testamentugileak nahi duena erabakitzeko eskubidea du. Testamenturik ezean, zenduaren ondasun guztiak gurasoentzat dira. Honek oso arazo larriak sortzen ditu izatezko bikoteetan, testamentu-gaietarako ez baitaude legez errekonozituta. Beraz, ezkondu gabe elkarrekin bizi direnentzat bereziki gomendagarria da testamentua egitea. Horrela, gutxienez ondasunen erdia utzi ahal izango zaio bikotekideari.

Seme-alabarik ez baina bikotekidea bai

Legeak dio kasu hauetan ondasunen herena gurasoentzat edo, gurasorik ezean, aiton-amonentzat dela. Ezkontidearentzat herentziaren erdiaren usufruktua geratzen da. Testamentua eginez gero, legez dagokionaz gain posible da ezkontideari ondarearen bi heren ere uztea. Testamenturik egin ezean, gurasoek jasoko lukete guztia. Ondorioz, ezkontideari mesede egin nahi badiogu, egin dezagun testamentua bere alde.

Seme-alabarik eta aurrekorik ez, baina bikotekidea bai

Bi herenen usufruktua, legez, ezkontidearentzat da; baina askatasun osoa uzten da gainerako ondasunen gainean. Testamenturik egiten ez bada, ezkontideak jasotzen du guztia eta aurrez oinordekoen aitorpena egin beharko du ezkontideak notarioaren aurrean eta haren ordainsariak ordaindu.

Zer egin behar da norbait herentziarik gabe uzteko?

Ezinbesteko edo derrigorrezko oinordekoren bat (ez duin kontsideratzen den seme nahiz alaba bat) desoinordetzeko testamentua egin beharra dago eta bertan horretarako izan den legezko arrazoia adierazita utzi. Desoinordetzea baliozko izan dadin zenbait baldintza bete behar da. Desoinordetu den derrigorrezko oinordekoak herentzia-osagarria eska diezaieke oinordekideei.

Testamentua egin behar baduzu

  • Testamentua edozein momentutan alda dezakezu, berriro notarioarenera joanda.
  • Testamentua egitea ekintza pertsonala da. Irabazpidezko edo ganantzialetako erregimenean ezkonduta egonez gero, ezkontideetako bakoitzak bere ondasun pribatiboaz eta hartzeko ganantzialaren erdiaz erabakitzen du bere testamentuan. Bizkaian eta Nafarroan onartzen da ezkontideen artean testamentu bakarra egitea.
  • Oinordekoek inpugnatu egin dezakete testamentua. Hori ebitatzeko lege-aholkularitza behar da.
  • Forupeko lurraldean bizi bazara, orokorrean askatasun handiagoa duzu testamentua egiterakoan.

Eta oinordeko bazara:

  • Jarraitu beharreko tramiteak: azken borondateen ziurtagiria eskatu eta notariara joan. Testamenturik ez badago, oinordekoen aitorpena egin.
  • Ez zaude herentzia hartzera derrigortuta. Izan ere, aktiboa ezezik, pasiboa ere heredatzen da. Zenduaren zorrak aktiboa baino handiagoak badira, herentziari uko egiteko edo inbentarioan oinarrituta onartzeko aukera duzu.

Foru Lurraldeak

Espainiako estatuan arau orokorrarekin batera foru zuzenbideak daude, erkidego jakin batzuk ohituraz gordetzen dituztenak eta gaur egun arte iraun dutenak. Testamentua egiteko eta jasotzeko moduak lurraldearen arabera oso ezberdinak direnez, kasu bakoitza notarian edo abokatu espezializatuekin kontsultatzea izaten da onena. Hala ere, salbuespen horietako zenbait laburbilduta jasoko ditugu hemen. Lurralde horietan bizi direnentzat funtsezko gerta daitezke testamentu-erregimeneko berezitasun horiek.

Euskadi

Bizkaiko foru lurraldearen barruan Bizkaia guztia sartzen da, ondorengoak izan ezik: Bilbo, eta Balmaseda, Bermeo, Durango, Ermua, Gernika-Lumo, Lanestosa, Markina-Xemein, Ondarroa, Otxandio, Portugalete, Plentzia eta Orduñan forupeko ez direnak (udalerri hauek guneka mugatzen dituzten planoak daude). Arabako Laudio eta Aramaion ere Bizkaiko forua ezartzen da. Deskribatutako eremuan, seme-alabak eta gainerako ondorengoak dira derrigorrezko oinordeko. Bigarren mailan gurasoak eta gainerako aurreko ahaideak geratzen dira. Testamentua edo ordeinua egiterakoan libreki bana daitezke ondasun guztiak aukeratzen diren derrigorrezko oinordekoen artean, eta ondasun guztiak jasotzeko oinordeko bakarra aukeratu eta gainerakoa guztiak albora utzi ere egin daiteke, inolako arrazoirik eman beharrik gabe. Ikusten denez, Bizkaiko forupeko gune hauetan testamentugileak erabakitzeko askatasun handiagoa du estatuko lurralde komunean baino. Arabako zatirik handienean zuzenbide komunak funtzionatzen duen arren, Aiaran, Amurrion, Okondon eta Artziniegako udalerriko Mendieta, Retes de Tudela, Santacoloma eta Sojogutin Araiako Forua erabiltzen da eta zuzenbide komunean baino askatasun handiagoa dute. Gipuzkoan ez dago ezer idatzita, baina testamentuak ohituretan oinarritzen dira.

Nafarroa

Nafarroako Konpilazioak pertsona batek baino gehiagok testamentua batera egiteko aukera jasotzen du, ezkontide izan edo ez; anaiarteko testamentu edo ordeinua esaten zaio. Nafarrek askatasun osoz erabaki dezakete ordeinuan euren ondasunez. Baina alarguna utziz gero, ondasun guztien usufruktua izateko eskubidea du. Seme-alabarik bada, edo seme-alabarik ez baina ondorengorik bada, testamentugileak atribuzio bat egin behar du horien alde, balio errealik izan ez arren.

Katalunia

Kataluniako Zuzenbide Zibila Bartzelona, Tarragona, Lleida eta Gironan aplikatzen da, baina indarrean utzi eta errespetatu egiten ditu tokian tokiko zenbait eskubide, horien artean Bartzelonako herri eta eskualdeari, Tortosa inguruari, Gironako Gotzaigoari, Campo de Tarragona deituari, Vall d'Aran-i, Conca de Tremp-i eta Pallars Sobirá-ri dagozkienak. Katalunian lehenik eta behin seme-alabak eta ondorengoak dira senipartedun oinordeko eta halakorik ezean, gurasoak.


Eduki honen erlazioak

Orain paperezkoa ere euskaraz


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto