Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Eskuz aritzeko ontzi-garbikari likido kontzentratuak: Hobeak dira garestiak

"Eskuz ikuzteko bost ontzi-garbikari likido kontzentratu aztertu dira: Mistol Ultra Plus, KH-7 Ultraconcentrado, Fairy Ultra, Aros Ultraconcentrado eta Casa Verde Concentrado.

  Bi lagin (KH-7 eta Casa Verde) litroko ontzian komertzializatzen dira eta Aros eta Mistol 750 mililitroko ontzian agertzen dira. Fairyk, berriz, 900 mililitroko edukia du, hots, aitorturiko 750 horiek gehi sustapeneko beste %20, doan. Merkeena Casa Verde da (179 pezeta litroko). Gainontzekoen prezioak, litroko 200 pezetatik gora dabiltza.

Mistol da garestiena (325 pezeta litroko), ondotik Fairy datorkiola: sustapen-prezioa (laginak erosteko unean, formato hauxe bakarrik aurkitu genuen) 271 pezeta da litroko. Ohiko edukia (750 ml) balu, Fairyren prezioa 325 pezeta litroko litzateke, Mistolena bezala. CONSUMEReko azterketetako lagin bakoitzari izendatzen zaion prezioa, Estatu osoko hainbat hiritako (hamabi, gutxienez) establezimentu zenbaitetan produktua kostatzen denaren batez bestekoa da.

Mistol eta Fairy, kontzentratuenak (edukiaren %35 baino gehiago gai aktiboa dutela) dira hoberenak eta garestienak, batera. Emaitzarik kaskarrenak, berriz, lagin merkeenak erakutsi ditu: Casa Verde da, izan, gai aktibo gutxien daukana (produktuaren %20). Hortaz, gai aktiboaren kopurua, eraginkortasuna eta prezioa hertsiki loturik doazela ondoriozta dezakegu. Ontzi-garbikari kontzentratu hauen kalitatea (apar egiteko ahalmenak, koipea desegiteko eraginkortasunak eta produktu-kopuru berarekin ahalik eta ontzi gehien garbitzeko gaitasunak adierazia) ordaindu beharra dago. Gai aktibo gehien dutenek, Mistol eta Fairyk, hasieran apar gehiago eta koipea desagertzeko ahalmen handiagoa ere eskaintzen dute. Beste alde batetik, Mistol eta Arosek dute bits egiteko ahalmenik gogobetegarriena, Casa Verde alderdi honetan ere okerren baloratutako produktua den bitartean. Gai aktibo gehien duten laginek, baldintza ber-beretan, gainontzekoek baino plater gehiago ikuzi zituzten. Mistol eta Fairyk, bost gramo produktu erabiliz, koipez zikinduriko 31 plater garbitu zituzten; Casa Verde, berriz, 19. platerean geratu zen eta KH-7 23.ean. Arosek 28 plater xahutu zituen.

Ikuzketan osoko eraginkortasun handiena Fairy eta Mistolek agertu zuten eta eskasena, berriz (laboratorioko teknikarien ustez, onargarri bazen ere) KH-7 eta Casa Verde markakoek.

Era berean, bai osakerari, bai erabiltzeko oharrei dagokienez, bost laginetako etiketen informazioak araua betetzen dutela egiaztatu da. Erabiltzaileak larruazalean narritadurarik izan ez dezan, ontzi-garbikarien pH-aren balio egokiena 6 eta 7,5 bitartekoa da. Honetan ere, denek zuzen betetzen dute araua.

Garbikaria: nola eta zergatik garbitzen duen

Zikintasun-motaren bat esponja edo espartzu eta ur beroz soilik garbi daitekeen arren, koipe edo gantzik agertzen denean, garbikaria erabiltzea ia ezinbestekoa da: honen eginkizuna, zikinkeria jaregitea da, garbikariak dituen tentsoaktiboen eragintzari esker garbitu nahi dugun azaleko irriskortasuna areagotuz; tentsoaktibo horiek gantz-partikulak irentsi eta, azken urberritzeak eramango ditu. Ontzi-garbikarien gai aktibo edo detergentea tentsoaktibo anioniko, ez-ioniko edota anfoteroek osatzen dute. Aurrenekoek animalia- eta landare-gantzen aurka dihardute, batik bat, eta bi motatakoak izan daitezke: hidrolizagaitzak, landare- eta animalia-gantz askoren aurrean eraginkorrak baina larruazalean narritadurak eragiten dituztenak, eta hidrolizagarriak, aurrekoak bezain eraginkorrak ez badira ere, apargile eta aurrekoak bezain erasokorrak ez direnak. Tentsoaktibo ez-ionikoek anionikoen eragintza indartzen dute eta gantzen desagerpena errazten duen ahalmen bustigarri ona dute.

Anfoteroek (ontzi-garbikarien osakeran arestian sartu direnak), bere aldetik, gantz-gorputzak daudenean, aparraren egonkortasuna areagotu egiten dute. Alderdi hau funtsezkoa da, ontzi-garbikari baten eraginkortasuna bitsaren iraupenaren arabera baloratzen dugulako: produktu gehiago ipintzen dugu, izan ere, aparra suntsitu denean.

Gai aktibo gehien duten laginek (Mistol, Fairy, KH-7 eta Aros, hurrenez hurren) osakera hirukoitza dute: tentsoaktibo anioniko, ez-anioniko eta anfoteroak. Mistol eta Fairyk anionikoak edukieraren %30etik gora dituzten bitartean, Arosek eta KH-7k %15etik 28ra bitartean baizik ez dute. Tensoaktibo anfoteroen agerpena lagin hauetan %5etik behera dago, Mistolen izan ezik: marka honek anfotero gehiago ditu ez-ioniko baino, etiketan agertzen duen bezala. Gai aktibo gutxien duen markak (Casa Verde), berriz, tentsoaktibo ioniko (%15) eta ez-ionikoen (%4) nahaste binarioa dauka, tentsoaktibo anfoterorik gabe. Aztertu diren laginetatik, KH-7 da anioniko hidrolizagarriak eta hidrolizagaitzak nahasten dituen ontzi-garbikari bakarra. Denek, Casa Verdek izan ezik, dituzte disolbakariak (etanol hutsik edo etanol-isopropanol nahasturik) daukate, detergenteen jariakortasuna areagotzeko eta, bide batez, urberritzean ur-kenketa errazteko, era honetan kare-arrastoak desager daitezen. Casa Verdek, horrelako disolbakaririk ez duenez, gainontzeko laginak baino likatsuagoa agertzen da, hau da, ez da besteak bezain jariakorra.

Aparra, kalitate-irizpide Ontzi-garbikariak sortzen duen apar edo bitsaren kantitate eta egonkortasuna funtsezkoa da kontsumitzaileak produktu hau baloratzeko unean. Espero zitekeen bezala, gai aktibo gehiago duten produktuek hasieran bits handiagoa egiten dute. Mistol eta Arosek erakusten dute apar-ahalmenik gogo-betegarriena, eta Casa Verdek, aldiz, eskasena. Fairyk ere hasierako apar-maila ona agertu zuen baina bits horren egonkortasuna ez zen izan Mistolek sortutakoaren parekoa. Gantza dagoenean, tentsoaktiboek gantz-partikulak irensten dituzte eta orduan inaktibo geratzen direnez, bitsaren bolumena urritu egiten da. Gai aktibo gehien dutenek -Mistol eta Fairy-, gainontzekoek baino emaitza hobeak erdietsi zituzten hemen ere; Aros (edukiaren %30 gai aktibo duela) eta Casa Verde (%20) okerrago baloratuak gertatu ziren, etekin onargarriak lortu zituzten arren. Ontzi-garbikariak zikinkeria bakantzeko duen ahalmena ere garrantzi handikoa da. Parametro hori zehazteko, azalerako gantz-tanten itxura aztertu da: tantak berriro biltzen diren edo azalari itsasten zaizkion, alegia,(astintzeke) azkenean gantza eransten bada. Lagin guztiek ahalmen bakantzaile ona erakutsi zuten, bi minutu baino lehenago ez baitziren gantz-tantak berriro bildu kasu guztietan.

Zenbat plater garbi ditzakete?

Produktu-kopuru berarekin (5 gramo) eta baldintza berdinetan (5 litro uretan, 45 gradutan, plater bakoitza 15 segundoz urberrituz), aldez aurretik gantzarekin berdintasunez zikinduriko hainbat plater berdin ikuzi ziren; eragiketa amaitutzat eman zen bitsa zeharo suntsitu zenean. Platerak, xukaturik, zenbatu eta begiz aztertu ziren, gantz-arrastorik zeinetan geratzen zen egiaztatzeko. Aparra egiteko eta gantza kentzeko ahalmenarekin jazo bezala, gai aktibo gehien zuten laginek eraginkortasun handiagoa erdietsi zuten ikuzketan. Fairy eta Mistolek 58 eta 53 plater garbitu zituzten, horietatik 31 garbi-garbiak zeudela. Ondotik Aros zetorkien (48 plater ikuzi, 28 garbitu); emaitza kaskarrena KH-7 eta Casa Verdek lortu zuten (38 eta 25 plater ikuzi, horietatik 23 eta 19 garbituta). Datuak argi daude: Mistol eta Fairy dira eraginkorrenak eta Aros datorkie atzetik. KH-7 gaitasun urriagokoa da, eta Casa Verde da, aztertutakoetan, eraginkortasun urrikoena.

Larruazal normala ez dute narritatzen

Produktu hau erabiltzen ari garenean gure larruazalarekin etengabe kontaktutan dagoenez (eskularruak baliatzen ez baditugu: aukera hau ere interesgarria da, oso), narritadurak gutxiagotzeko helburuz, fabrikatzaileek inoiz berariazko osagaiak -landare-proteinak edo olioak, adibidez- sartzen dituzte produktuan. Beste alde batetik, elikadura-alorreko intoxikazioak sortarazten dituzten organismo patogenoak suntsitzeko eragile antibakterianoak edo uretako karea murrizten duten eragileak eransteko joera ekarri dute merkatuaren higierek. Azkenean, lurrinak ere gehitzen zaizkio ontzi-garbikariari, produktuaren usaina hobetzeko. Produktu bat larruazalarentzat erasokorra den jakiteko bidea, haren pH-a neurtzea da: sustantzia hori neutroa, azidoa ala alkalinoa den zehaztuko dugu horrela. Produktu hauek neutroak izan behar dute (pH-aren baliorik hoberena 6-7,5 bitartekoa izanik) ezinbestez, haiekin kontaktutan dagoen larruazalean narritadurak gerta ez daitezen. Aztertu diren guztiek pH egokia duten arren, KH-7 basikoegia da. Casa Verde eta Arosek dute neutraltasunetik gertueneko pH-a, eta bi marka hauek "pH neutroa" dutela adierazten dute, egiaz adierazi ere.

Etiketak, zuzen

Etiketak tentsoaktiboak badauzkala adierazten du, baina ez, ordea, gai aktiboen portzentaiarik. Halaz ere, etiketetan agertzen diren osagaien tauletako informazioari esker, lagin bakoitzak zenbat gai aktibo duen gutxi gora-behera balioets dezakegu: %20tik %45era bitarte Aros eta Fairyk, %10etik %30era bitarte Casa Verdek, eta %35etik %50 baino gehiagora arte KH-7 eta Mistolek. KH-7 izenekoan izan ezik, gainontzeko marketako portzentaia egiazkoak (laboratorioan neurtu dira) etiketatik ondoriozta daitezkeen portzentai mailaren barnean daude. KH-7n, berriz, laboratorioan neurtutako gai aktiboa (%32), etiketatik ondorioztaturiko gutxienekotik beheraxe dago (%35); halaz ere, zuzentzat hartu da kopuru hori.

Etiketa guztiek, beste aldetik, eduki garbia, fabrikatzailearen helbidea, lotea (KH-7-k izan ezik) eta betetzeko neurriak espainolez adierazten dituzte: "Eduki produktua haurren eskueratik kanpo", "Ez irentsi", "Inork irentsiko balu, jo Informazio Toxikologikoaren Zerbitzu Nazionalera", hau da, etxean erabiltzeko diren detergenteek derrigor azaldu behar dituztenak. Marka guztiek agertzen duten beste datu bat: produktua biodegradablea da, hots, tentsoaktiboak inguruneko organismo bizidunen eragintza konplexuaren bitartez endakatzen dira. Casa Verdek "ingurua errespetatzen" duela adierazten du, landarezko osagaiekin egina baita produktua. Era berean, erabilera egokia egiteko bidea adierazten duen bakarra da hau; informazio hau eman beharrekoa da horrela ez jarduteak detergentearen okerreko erabilerarik ekar dezakeenean bakarrik.

Prezio apalenekoa ez da beti merkeena

KH-7 eta Casa Verde litroko ontzietan merkaturatzen diren bitartean, Aros eta Mistol 750 mililitrokoan daude salgai. Fairyk 900 mililitro eskaintzen ditu, hots, aitorturiko 750 mililitroak gehi sustapen gisa oparitan ematen duen %20a. Merkeena Casa Verde da (179 pezeta litroko). Gainerakoak, litroko 200 pezetatik gora kostatzen dira. Mistol da garestiena (325 pezeta litroko) eta ondotik Fairy datorkio (sustapen honekin, 271 pezeta litroko). Eskaintza berezi hau gabe, Fairy eta Mistolen prezioak antzekoak dira. Kontsumitzaileak merkeena (Casa Verde) hauta lezake, aukeran: honen ikuzteko eraginkortasuna onargarria bada ere, beste lauen azpitik dago. Esate baterako, Mistol eta Fairyk garbitzen dituzten plateren erdiak bakarrik xahutzen ditu. Horrek esan nahi du plater-kopuru bera ikuzteko Mistol edo Fairy markako ontzi bakar bat aski bada, Casa Verdeko bi beharko direla. Kontuak eginik, prezio apalenekoa erostea eta merkeena erostea gauza bera ez dela egiaztatuko dugu. Egokiena, Mistol edo Fairyren alde jotzea da, produktuen prezioak kontsultatu eta merkeena aukeratzeko. Aros ere interesgarria da, aurreko biak baino %40 merkeagoa izaki, emaitza onak lortzen dituelako (Mistol eta Fairyk erdietsitakoen mailara iritsi gabe).

Orrialde-zenbaketa


Eduki honen erlazioak

Artikulu honetan

Orain paperezkoa ere euskaraz


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto