Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Inpotentzia sexuala edo zakila tentetzearen disfuntzioa, Viagra (Sildenafiloa printzipio aktibo duen sendagaia) dela eta azkenaldian denon ahotan dabilena, koitoa posible egiten duen tentetzea lortzeko ezintasun gisa definituko genuke.
Disfuntzio horrek, pertsona askoren bizitzan hain eragin handia duenak, 40 eta 70 urte bitarteko gizonezkoen %15ari eta 70 urtetik gorakoen %52ari eragiten dio (neurri handiago edo txikiagoan).
Erekzioa fenomeno konplexua da, eta zakilean odola pilatzearen ondorioz gertatzen da. Zakilak gorputz leizetsu batzuk ditu eta hauek gelaskaz osatuta daude, belakia bezala. Arterien bidez odola iristen zaie eta baldintza normaletan, zainetan barrena hustutzen da odola. Odola sartu eta irtetea berdintsua eta orekatua denean, zakila bigun egoten da. Sexu-desioa pizten duten estimuluekin, berriz, arteriak eta gorputz leizetsuak erlajatu egiten dira, odol gehiago sartzen da eta zainak estutu egiten dira zakilaren azalaren kontra. Horrek eragotzi egiten du odolaren itzulera, eta beraz, sartzen den baino asko odol gehiago ateratzen da eta zakila handitu eta gogortu egiten da, sexu-harreman osoa eta betegarria posible egiten duen gogortasun-puntua iritsi arte. Eiakulazioa gertatzen denean, eta batzuetan horretara iritsi aurretik, gorputz leizetsuetako eta arterietako muskulu laua uzkurtu egiten da, arteriak hustu eta zakila bere ohiko tamainara itzultzen da.
Deskribapen labur horrek pentsarazten duena baino konplexuagoa da prozesu hori, egia esan. Hainbat faktore aipa daiteke: begien eta ukimenaren bidezko estimulua, estimulu psikogenoak, kardiobaskularrak, hormonetakoak ... Erekzioa prozesu delikatua da, beraz, eta hainbat arrazoik eten dezake. Batzuetan, zail gerta daiteke hasierako erekzioa mantentzea bera ere. Horrelakoak gertatu egiten dira eta ez dute garrantzi handirik aldian behin edo denboraldika izanez gero, baldin eta gero normaltasuna itzultzen bada. Denok dakigu garai batzuetan estimulurik txikienak ere zakilaren erreakzio handi bat eragin ohi duela eta beste batzuetan erantzun txikia edo erantzunik eza izaten dela indar erotiko berbereko edo handiagoko estimuluarekin. Aldakortasun hori biologikoa da, osagai fisiko eta emozional handia du eta normaltzat hartu behar dugu.
Gizonezkoak eta bere bikotekideak, beraz, ulertu behar dute erekzioa ez dela "estimulu-erantzun" arteko zergati-harreman hutsa. Ez dugu beti maitasun-jolasetarako gogo berbera izaten, eta hori onartu beharra dago. Erekzioak arrazoi askorengatik huts egin dezake. Aurrez sexu-harremanak arazorik gabe izaten zituzten pertsonen inpotentzia aipatuko dugu hemen; egun batetik bestera erekziorako ahalmenean galera nabarmena antzematen dute eta, horrenbestez, koito eta eiakulaziodun sexu-harremanik eza gertatzen da. Inpotentzia sekundarioa esaten zaio horri eta organikoa eta funtzionala izan daiteke. Organikoaren kasuan, nerbio sistemako lesio edo gaixotasun bat izaten da, edo muineko edo nerbio periferikoetako lesioak eragina, odolaren fluxua oztopatzen duen arterietako arterioesklerosia, zainen gutxiegitasuna, odol-ihesa posible egiten duena; zenbait botikak ere eragin dezake: hipertentsio arterialarentzat erabiltzen diren blokeatzaile eta diuretikoek, antidepresibo, ansiolitiko eta neuroleptiko zenbaitek. Urdaileko tratamenduetan erabili ohi diren cimetidinak eta ranitidinak, intsulinak eta aho bidezko beste antidiabetiko batzuek ere eragin dezakete inpotentzia. Halaber, tiroideetako arazoek, hepatopatia kronikoek eta metabolismoko beste gaitz batzuek ere eragin ohi dute inoiz. Arrazoi asko dago inpotentzia edo ezintasunaren atzean eta beraz, medikuari kontsultatu behar zaio arrazoia argitu eta tratamendurik egokiena ezartzeko.
Ezintasuna azaltzen duen gaixotasunik ez dagoenean, inpotentzia funtzionala dela esan ohi da eta kasuen %60an gertatzen da hori. Funtzio sexuala psikismoari estu-estu loturik dago eta ondorioz, azken horretan edozein gora-behera gertatzeak eragina izan dezake sexu-bizitzan; horrela, estresak, nekeak, depresio-egoerak, bikoteko konfliktuak, edo gizonezkoa estutzen duen beste edozein arazok sor dezake inpotentzia. Sexuan "huts egitea" obsesiozko trauma bihurtzen da zenbaitentzat eta horrek okertu baino ez du egiten egoera; orduan, egiazko arazo bihur daiteke ezintasuna, hasieran halakorik izan ez arren. Gauez lo dagoen artean erekzioak izateak lesio neorologiko edo kardiobaskularrik ez dagoela esan nahi du eta erekziorik ezaren atzean arrazoi psikogenoak daudela. Inpotentziaren tratamendua konplexua da. Arrazoi bat dagoenean tratatu egin behar da, jakina, eta kasu batzuetan, tratamendua psikologikoa, hormonala eta kirurgikoa ere izan daiteke; izan ere, bada zenbait gaitz, jatorri baskularrekoak edo gorputz leizetsuen fibrosiak eragindakoak, zakileko protesiaren bidez baino konpon ezin direnak, baina hori azken aukeratzat hartu behar da, gainerako bide guztiek huts egin ondoren. Gorputz leizetsuetako autoinjekzioz erekzioa sorrarazten duten sustantzia baso-aktibatzaileak sartzea ere erabili izan da, baina horrek ere hainbat arrisku sor dezake, priapismoa (ordu luzetako erekzioa) edo gorputz leizetsuetako fibrosia eragin baitezake.
Hori dela eta, Sildenafiloak (Viagrak) ikusmira handia sortu du, horrelako tratamenduak saihestea ekarri duelako. Adinagatik, arazo baskular edo bestelako gaixotasunengatik sexu-harreman sarri eta asebetegarriak izaten ez dituzten pertsonen bizitza-kalitate onerako funtsezkoa da sexu-bizitza. Baina horrek ez du esan nahi Viagra afrodisiako bat bailitzan, erreparorik gabe har daitekeenik. Botika bat da, sustantzia erlajatzaileak eta baso-zabaltzaileak askatzeko gaitasuna handitzen duena, eta ez zakilean bakarrik, baita beste organuetan edo erraietan ere; horregatik, zenbait pertsonarengan konplikazioak eta efektu sekundarioak eragin ditzake. Hainbat heriotza ere izan da produktu hau hartzearekin erlazionatuta.
Beti medikuaren aginduz eta gaixoaren inpotentzia arazo zehatza ondo aztertu ondoren hartu behar da Viagra, zergatiaren diagnostiko osoa egin eta gero. Printzipioz, eta Viagraren prospektuak dioenez, edozein inpontentzia mota tratatzeko egokia da, baina erantzunak modu askotakoak izan daitezke eta botikaren hutsegitea eta erantzunik eza ere gertatzen da portzentaia batean.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
CONSUMER EROSKIn zure datuen pribatutasuna oso garrantzitsutzat jotzen dugu, lege oharra. © EROSKI Fundazioa