Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Azaleko gaia

^

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Kirol-instalazio publikoak: Hiriburu batzuetan, askozaz kirol-azpiegitura handiagoa bestetan baino

Gure herrian, hamar hiritarretatik lauk praktikatu ohi dute kirola. Lau horietako bik, titulartasun publikoko kirol-instalazioetara jotzen du.

Hiri batzuetan, besteetan baino dezente hobeki.

  Goian esan dugun bezala, hiri bakar bat ezin daiteke harro egon bere ekipamendu osoaz. Bilbon, esate baterako, futbitoan, saskibaloian, eskubaloian eta abarretan aritzeko pista gehiago antolatu behar omen dira: Logroñok baino bost bider gutxiago ditu, Errioxako hirian soberakorik ez dagoen arren. Bilbo eta Iruñean, berriz, futbol-zelai urri dago eta tenis-pisten kopurua ugaldu beharko lukete (Burgosek bi halako ditu, adibidez). Donostiak, gainera, igerilekuen eskaintza urria du (piszinez okerren hornituriko bigarren hiria da, Santanderrek bost halako baditu ere). Burgosko hutsunerik nabarmenenak gimnasio eta muskulazio-gelenak dira: Logroñon baino zortzi bider gutxiago. Konparatu ditugun zazpietatik, Kantabriakoa da kirol-instalazio publikoen ekipamendu txiroena duen hiria. Bi igerileku besterik ez du eskaintzen, eta biak ere estali gabeak. Tenis-pista, gimnasio eta muskulazio-gelen kopurua, auzoko hirien aldean, urri-urria da. Paddle-pistak Bilbok (sei) eta Donostiak (hiru) bakarrik dituzte: barkatzeko modukoa da hau, mini-tenis hori oraindik ez baitago arras hedaturik gure artean. Nekez onar daiteke, berriz, Santander, Logroño, Donostia eta Iruñean squash-pista publiko bakar bat ere ez egotea, kirol honek dozena bat urte bete baititu herri honetan.

Zein kirol ditugun gustuko eta zein aukera ditugun praktikatzeko.

CIS (Centro de Investigaciones Sociológicas) erakundeak duela bi urte eginiko ikerlan batek jakinarazi zigunez, Estatuan zaletu gehien dituzten kirolak hurrengook dira: igeriketa (kirola praktikatzen dutenen %33ak igeri egiten omen dute), txirrindularitza (%27), futbola (%21), mantentze-gimnasia (%16), saskibaloia (%14), joggina (%13) eta tenisa (%12). CONSUMERen txostenak garbi erakutsi du zazpi hirietan, batez beste, igeritoki handi bakarra dagoela (umeak plisti-plasta ibiltzekoak kanpo) 27.000 biztanleko. Gimnasio eta muskulazio-gelak ere ez dira ugariegi: bakar bat 10.000 biztanleko. Gehien daudenak kiroldegiak dira, kirol anitzetan jarduteko pistak: bat 5.000 laguneko. Instalazio publikoetan tenisean aritzea amets hutsa baino ez da, kasik: pista bakarra dago 142.000 biztanleko. Atletismoak (pista bakarra 115.000 biztanleko), squasha edo paddlea zailagoak dira oraindik, honelako ekipamenduak urriago baitituzte udalek. Pilotan aritzeko frontoiek, berriz, ez ohi dute gure paisaia osatzen laguntzen: bakarra dago 13.000 laguneko. Erabilera publikoko futbol-zelaiak, era berean, ez dira ugari: bakarra 25.000 biztanleko.

Biztanleko igerileku gehien dituen hiria ez den arren, Gasteizek ditu igeriketan aritzeko toki estali gehien: hamahiru, guztira. Bilboko hamarretan ere egin daiteke igerian nahiz, biztanle-kopurua kontuan izaki, Arabako hiriburutik dezente behera dabilen. Zerrendaren erdialdean Logroño eta Burgos daude: launa igeritokirekin. Estaliriko igerilekuetan ekipamendu eskasena dutenak Donostia eta Iruñea dira, egoerarik txarrena Santanderrek erakusten badu ere: igerileku estalirik ez. Donostiak eta Santanderrek hondartzak izateak ez du esan nahi erakundeek igerilekuak egiteari utzi behar diotenik, honelakoetan jendea urte osoan zehar ibil litekeelako. Atletismo-pistak, korrika egiteko tokirik egokien eta seguruena izan arren, nekez aurki daitezke: Santander, Logroño, Iruñea eta Gasteizek atletismo-pista publiko bana besterik ez dute; Burgos eta Donostiak, bina eta Bilbok lau.

Kirola ere, ikasgai.

Hurbilen dugun giza ingurunearen tradizioak, erosotasunak edo beste zeinahi gora-beherak eraman gaitzakete kirol bat praktikatzera, gure zaletasunek edo trebeziak beste baterantz zuzenduko gintuzkeen arren. Horixe gertatzen zaio asteburuan lagunekin futbitoan aritzen denari, nahiz eta bera liluratzen duena tenisa edo igeriketa den. Ikasteko, ordea, sekula ez da berandu: ia denetan abiatzeko ikastaroak ematen dira, baina hiri guztietan eskaintza ez da bera edo berdina. Kirol-heziketari dagokionez, Gasteiz agertzen da gailurrean: 50 espezialitate baino gehiagotan aritzeko ikastaroak eskaintzen dira bertan. Logroñoko eskaintza ere luzea da: 41 kirol-mota diferente. Gainontzeko hirietako biztanleek askoz aukera txiroagoa dute: Bilbotar eta Iruñearrek hogei bat kiroletako ikastaroak bakarrik dituzte. Burgos eta Santanderkoak urriago ibiliko dira, ikasi nahi izatekotan, 15 bat ikastaro besterik ez dutelako. Donostia ederra dator atzena, bost kirol-motatako ikastaroak eskaintzen baititu.

Aldagelak, ongi.

Bilbo, Donostia eta Iruñean bisitatu ditugun kirol-zentro gustietan eta Santanderko bi-hirutan badaude takillak aldageletan. Hauen garbitasuna eta mantentze-egoera, gainera, ona zen, batean izan ezik: La Albericia (Santander), bertakoa hobetu beharra baitago. Burgosko Centro Río Vena izenekoan ez dago halakorik. Gasteizen, takillak dituzten hiru zentroetakoak (bost bisitatu genituen) egoera onean zeuden. Egoera okerrenean Logroño dago: lauretako bakar batean (Las Norias) zeuden takillak, denak ere mantentze-egoera onean eta garbi. Aldagelen egoerak, oro har, ez zuen akats nabarmenik. Itxura onean ez zeudenak ez ziren izan sei baizik, Gasteizen bisitaturiko 14etatik eta Santanderren bisitaturiko zazpietatik.

Beste aldetik, kiroldegiak darabiltzatenentzat arriskutsu gerta daitezkeen elementu gutxi aurkitu da: Mendizorrotzako (Gasteiz) tokiren batean burdinak eta aldamioak ikusi ziren. Txurdinaga eta Artxandan (Bilbo), igerilekuak mugatzen dituzten arketak hobeki egokitu beharko lirateke. Logroñoko Varea-ko zelai polibalentean kirolean ari den bitartean saskibaloiko saskiekin tupust egin dezake, bertatik gertuegi daude eta. Aldageletako zoruari dagokiola, Bilboko kiroldegi guztietan (San Ignaziokoan izan ezik) labaingarri zeuden. Beste horrenbeste gertatzen da Mendizorrozan (Gasteiz), Paco Yoldi Igerilekuetan eta Bidebietako Kiroldegian (biak ere Donostian) eta Las Norias-en (Logroñon). Beste hari bati heltzen diogula, Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Santanderren bisitatu ditugun zentro guztietan zeuden telefono-kabinak. Enkargu edo ohar pertsonalak eman edo, areago, larrialdiko deiak egiteko unean, eskura telefono bat edukitzea ongi dago. Telefono-hornidura eskasena Logroño eta Iruñeak dute. Hiri hauetan bisitatu ditugun lau kiroldegietako bakar batean zegoen telefono-kabina. Burgosko Vena-koan ere ez zegoen kabinarik.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto