Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Psikologia

Λ

Helduek ere egiten dute jolas

Zer egin barruan daramagun haur hori, hain ahazturik duguna, berreskuratzeko?

  Zenbat aldiz geratu ote gara egin nahi genukeena egin gabe, esango dutenaren beldur! Konturatuta edo konturatu gabe, baina pertsona heldu gehienok barru barruraino sartuta ditugu seriotasuna, heldutasuna, erantzukizuna, sentimentuen kontrola, gure jokaeraren eredugarritasuna eta antzeko baloreak, eta pertsona orekatu eta zoriontsu egin beharrean, frustrazioa ekartzen digute eta muzin egiten diogu, gure adinari eta guraso-estatusari ez dagozkiolakoan, atseginez beteko gintuzketen hainbat ekintzari. Ekintzok ez diote, gainera, inori kalterik egiten. Hor ditugu, besteak beste, motorrean ibiltzea, mota guztietako jolasak, kirol arriskutsuak nahiz bidaia luze-luzeak. Edo, besterik gabe, sentitzen dugun moduan, pentsatzen dugun moduan jokatzea. Besteen aurrean, etxean, lanean eta senide eta lagunekin.

Gurasoa, nagusia eta haurra

Eric Bernek, jokaera hauetan arretan jarri zuen psikologoak, analisi trantsakzionalaren teoria eta teknika garatu zituen. Bere lanak oso estimatu dituzte profesionalek baina oraindik erabat ezezaguna da publikoarentzat. Eta ez da harritzekoa gizarte honetan, kirolariak eta ikuskizun eta komunikabideen munduko hala-moduzko pertsonaiak aldareetara jasotzen baitira eta mundua eta gizakion portaeraren misterioa azaltzeko ahalegina egiten duten pentsalari eta zientzilariak ostrazismora kondenatzen, giza-bizitza ulertzeko eta ahalik eta zorion mailarik handiena lortzeko ahaleginean diharduten arren. Bernek, pertsonalitateari buruzko bere teorian, hiru jokaera mota deskribatzen ditu, beste hainbeste pentsolde eta sentimenturi lotuak, eta "niaren egoerak" bereizten ditu. "Guraso" egoera, "nagusi" egoera eta "haur" egoera bereizten ditu. Pertsona bakoitzaren barruan egoera bakoitzean gure jokaeretan azaltzen diren aita-ama bat, heldu bat eta haur bat baleude bezala. "Guraso egoera" bizitzari buruzko kontzeptu irakatsia da. Guraso, zaintzaile eta beste autoritate batzuengandik jaso duguna da. Jarrera horretatik ari garenean, bizitzari buruzko gure ikuspegiak eta gure pentsamenduak gurasoarenak erreproduzitzen ditu.

Batez ere iritzi edo aholkua ematen dugunean, babestera jotzen dugunean eta tradizioaren arabera jokatzen dugunean agertzen da "guraso egoera" eta agintez eta segurtasunez jokatzen dugun aldi bakoitzean. Bestalde, "nagusi egoeran" epaiak ematen ditugu, informazioa aztertzen dugu, gogoeta egiten, erabakiak hartzen ditugu, aukerak kalkulatu eta pragmatismoz eta oportunismo-irispideen arabera jokatzen dugu. Azkenik, "haur egoerak" umetan edo nerabezaroan sentitzen eta interpretatzen genuena biltzen du eta adin horretako jokabideak ditu.

Emozioen espresio eta bibentzia bizia, intuizioa, sormena, oldarkortasuna eta jakinmina ditu ezaugarri. Gauza biologikoen esperientzia egiten den uneak dira eta babesik eza, alaitasuna, beldurra, gozamenerako gaitasuna eta irudimenaren garapena bizi ditugun uneak.

Oreka, arrakastaren gakoa

Izateko eta egoteko hiru modu horiek gizakiaren baitan izaten dira bere bizitza guztian zehar. Eta hiru dimentsio horiek ezinbesteko dira pertsona osotasunean garatuko bada. Baina hiru maila horien arteko oreka da arrakastaren gakoa. Gutako bakoitzak, heldutasun garaian zehar, bizi izateko eta erlazionatzeko hiru moduak probatzen eta erakusten ditu eta egoeraren edo une bakoitzean aurrean duen pertsona motaren arabera, guraso, nagusi edo haur moduan sentitu eta jokatuko du. Une batez gogoeta egin eta atzera begiratzen badugu, halaxe dela ohartuko gara. Guztiok atsegin dugu noizean behin gure izpiriturik berezkoena, umearena, berreskuratzea, horixe baita jatorrizkoena, gure pertsonalitatean hain baldintzatua ez den bakarra. Hala ere, ez da erraza hori egitea. Gure gizartean nagusi den kulturak eta jaso dugun heziketak gehiago baloratu eta hobetsi egiten ditu "guraso egoera" eta "nagusi egoera".

Zuzenena horixe dela kontsideratzen da: ohiturak errespetatzea, aginteari men egin edo agintzea, aholkuak ematea, babestea, gogoeta egitea, erabakiak hartzea, planifikatzea; azken batean, beti zentzuduna izatea. Beste hitz batzutan esanda, gizarteak "ganorazko pertsona, goitik beherakoa" kontsideratzen duena izatea. Hori guztia oso ondo dago. Baina heldutasun maila hori lortzeko, mendeetan zehar uste izan da (eta oker gainera) heldutasun biologikoari, adin helduari, guraso eta nagusi gisa bakarrik jokatzea dagokiola eta barruan daramagun haurra baztertu edo, are gehiago, lurperatu egin behar dela. Ez da kasualitatea, izan ere gizartean bada pertsona helduengan "umekeriak" zentsuratu eta itsusitzat hartzeaz arduratzen den hainbat jokabide. Hortik dator itxura errespetuzko, serio eta zakarra, zenbaitek formekiko duen errespetuzko jokaera, batzuetan harlauza baino astunago egiten dena. Eta egunerokotasuna eta asperdura, gure bizitza kolore gris ikaragarriz jazten duena. Umeengan naturaltasuna, egiazaletasuna eta alaitasuna miresten ditugu, baina ez dakigu itotzen saiatu garen umea berreskuratzen. Ohar gaitezen -bada ordua eta- bizitza emozional orekatua izango badugu, gure barruko umea berreskuratu beharra dugula. Egoera hori berriz konkistatzeak pisu handia kenduko digu, horretarako gizarteko hainbat konbentzionalismori entzungor egin behar badiegu ere; eta albora utzi beharra dago barregarri geratzeko beldurra (zoritxarrez hain garaturik duguna). Baina aurrez, sentitzen dugun modukoak izateko baimena eman behar diogu geure buruari. Hitz batean, zoriotsu izateko eta bizitza gozatzeko eta geure irizpideen arabera ulertzeko baimena. Laukian ageri diren iradokizunak arraro gerta daitezke ahalik eta gutxien goza dezagun ahalegintzen den gizarte honetan; izan ere, aurrerantzean ere produkzioa eta kontsumoa izango dira balore nagusi eta jarrera serio eta konbentzionalak eskatzen dituzte bi horiek. Baina pentsa dezagun bizitza bakarra dela eta merezi duela gure bizitzako bide labur hau gure ustez izan behar lukeenaren ahalik eta antzekoen egitea.

Zer egin barruan daramagun haur hori, hain ahazturik duguna, berreskuratzeko?

  • Emozioak bizi. Horretarako dira: bizi izateko. Ez ito eta ezta goraipatu ere. Lau emozio dira funtsean: beldurra, amorrua, tristura eta alaitasuna. Baina hain azkar debekatu ziguten horiek sentitzea eze, gure bizitzako trastelekuan pilatu ditugu. Eman diezaiogun geure buruari beldurra sentitu eta onartzeko eskubidea, amorrua ez debekatu eta tristura eta alaitasuna forma guztietan onartzeko eskubidea. Besteenganako eta geure oreka pertsonalarekiko errespetua da muga bakarra.
  • Garatu dezagun intuizioa, arrazionaltasunarekin hain zerikusi gutxi duela iruditzen zaigun seigarren zentzua. Ñabardurak antzeman, egoerak interpretatu eta jokaerak diseinatzeko gaitasun hori dirudiena baino emankorragoa da.
  • Aska dezagun sormena. Aldendu arauetatik, ikasitakotik, bide jakinetatik garamantzaten gauzak albora utzi. Marraztu, pintatu, modelatu, kantatu, puntua egin, musika tresna bat jo, landareak nahiz zuhaitzak hazi, bildumak egin, idatzi ...hainbeste aukera erakargarri dago aisialdirako!
  • Jakinmina ez galdu. Ireki tripak bizitzako jostailuei. Ezagutu ditzagun bazter, pertsona eta liburu berriak. Geuregana ditzagun beste jakintza, iritzi eta kultura batzuk.
  • Eman diezaiogun aukera gehiago gure alde biologikoari, sentsualari. Gorputzarekin, sexuarekin jolas egin dezagun. Kirola egin, kanpoan gozatu, dantza egin. Bakoitzak nahi duena.
  • Jolas egite hutsagatik jolas egin, jolasaren plazer hutsagatik; ez lehiagatik edo irabaztearren. Jolasik sedentarioenak zein aktiboenak, gutxiegi espresatzen diren emozioak bideratzeko balio du. Eman aukera bat barreari.
  • Babesgabezia-sentimenduak onartu. Ikas dezagun laguntza eskatzen eta bilatzen, babestu eta zain gaitzaten uzten. Horrek ez du gure ustezko duintasuna eta sendotasuna gutxiesten. Besteei guri laguntzeko zenbat eta aukera gehiago eman, orduan eta garrantzitsuago izango gara haientzat eta orduan eta onartuago eta seguruago sentituko gara.
  • Aprobetxa eta bultza ditzagun irudimena eta abentura lantzeko aukerak; eta gozatzeko gaitasuna garatzeko aukerak, jakina.
  • Ez ditzagun alferrik galdu ondo pasatzeko aukerak. Gaurkoa egun handia izan daiteke, bihar arte itxaron gabe.

Eduki honen erlazioak

Interesatzen zaizu

Gainera...

Orain paperezkoa ere euskaraz


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto