Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Gabonetako apaingarriak, turroiak, zilar eta abesbatzez inguraturiko cavaren iragarkiak, jostailu ikusgarriak... denak ditugu, aurtengoz ere, egun hauetako geure biziko osagai.
Levanteko kostaldean, astebeteko oporraldia (mantenu osoa eta bidaia barne) 67.000 eta 72.000 pezeta kosta dakizuke, laguneko. Hondartzan egun batzuk emateko kanpora irten nahi izanez gero, prezioan ere gorago jo behar: Kuban zazpi egun egotea, data hauetan, 111.000 eta 216.000 pezeta tartean dabil. Izan ere, Ertamerika astindu berri duen katastrofe klimatologikorik ezean, egiari zor, eguraldi ederra segurua duzu. Karibe itsasoan sartzea da beste aukera bat, baina patrika beroentzat bakarrik: itsas kruzero bat ez zaizu kostako 250.000 pezeta baino gutxiago. Lehorrera ostera, gure herriko Udal Plazako erlojuaren ordez Londresko Big Beneko kanpai-hotsak entzun ditzakegu eta 99ari ongi etorria Trafalgar Square edo Picadilly Circusen eman, 80.000 pezeta ordainduz gero, horixe baita bidaia eta britainiar hiriburuko astebeteko egonaldiaren prezioa. Baina preziooi, ospakizun hauetan ezin itzurizko gastuak gehitu behar zaizkio: Gabon Gaueko eta Gabon Zaharreko galak, alegia. Gau berezi-berezi hauek ospatzeko, hotelen %99ak afari eta dantzaldiak antolatzen dituzte, 6.000 eta 15.000 pezeta bitarteko kostuarekin. Kubako hotel zenbaitetan, berriz, ongi pasatzea bermaturik duzu 2.000 pezeta bakarrik ordainduta.
Eskia praktikatzea da era askotako jende eta karterarentzat denborapasa egokia. Guretzat, Frantzia eta Espainiako eski-estazioak dira aukera politenak, gertukoak izateaz gain, merkeenak ere berak direlako. Lojamendua eta goragailuetarako forfait izenekoa dena batera eskaintzen dute agentziek. Lekualdaketa bezeroaren konturakoa den arren, agentzia horretan bertan kontrata dezakezu autobuseko bidaia. Ibili beharreko distantziaren arabera, joan-etorriko txartelaren prezioa 7.500 eta 15.000 pezeta bitartean dago. Astún eta Candanchú dira gazte jendeak nahien dituen estazioak. Jakako gauezko martxak eragin handia du zaletasun horretan. Bi estazio hauetan urte zaharrari agur egitea 34.000 eta 74.000 pezeta bitartean kosta dakizuke (7 gaueko lojamendua eta 5 eguneko forfaita). Baqueiran, urteko azken astea igarotzea, inolako luxurik gabe, 125.000 pezetaraino irits daiteke. Erregeen etorrera itxarotea merkexeago gerta dakizuke: 46.000 eta 99.000 pezeta bitartean. Estatu espainoleko mugetatik kanpo, Andorra dugu toki interesgarria.
Bertako 247 kilometrotako elur-pisten osagarri erakargarria gau-giroa eta, nola ez, Printzerrian egin daitezkeen erosketak dira: hauek, aspaldi bezain tentagarriak ez badira ere, "eskaparating" kirola praktikatu nahi duenak ikusgarri gustokoa du. Astebeteko eskialdia Andorran 29.000 eta 117.000 pezeta bitartean kostatzen da, sasoiaren, epearen eta lojamendu-mota eta erregimenaren arabera. Pirinioetatik irteteke, Frantzia du Estatu espainoleko iparraldeko zaletuak norabide maitea. Honen gertukotasuna, bertako azpiegiturak eta saturazio urria dira erakargarririk hoberenak. Frantzian bost eguneko eskialdia 21.000 eta 107.000 pezeta bitartean kostatzen da.
Eska itzazu informazio-orritxoak agentzia bat baino gehiagotan eta azter itzazu, arreta handiz. Aldera itzazu, prezioak ez ezik, eskaintzen diren zerbitzuak ere.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa