Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Compact disc eramangarriak: Garesti izanagatik ez dute soinu hobea

Disko trinkoen zazpi erreproduzitzaile aztertu dira: JVC XLP23, Sony D-181, Sanyo CDP-195, Saba CDP8, Philips AZ7182, Aiwa XP272 eta Panasonic SLS112.

  Prezioak, 10.945 pezetatik (Saba) 19.400 pezeta bitartekoak (Philips) dira. Bertan sartzen dira erreproduzitzaile eramangarria, entzungailuak eta korronte-hartunea, sare elektrikoan lotzeko, gutxienez.

Azterketaren ondotik egiaztatu da funtsezkoa denek betetzen dutela, soinu-kalitate ona eskaintzen baitute. Funtzio osagarri ugariak gora-behera, erabilera errazekoak dira (batzuk errazagoak besteak baino) eta argibide-eskuliburu zehatza dakarte denek. Saba da erantzunik hoberena ematen duena frekuentzia desberdinetan, are baxuetan ere: honen entzungailuek -kasko erakoak- soinu baxuetan prestazio hobeak ematea izan daiteke horren arrazoia. Saba izan zen, era berean, soinurik hoberenekoa, erreproduzitzailea mugimenduan zegoela: egoera hau oso ohikoa da, erabiltzaileak honelako aparailuak lekuz aldatzean entzuten baititu. Irregulartasun bakarra hauteman zen: lagin batek, JVCk alegia, ez zekarren arauzko garantia. Pilen kontsumoari goazkiola, Sony eta Philips ditugu energi gasturik txikienekoak. JVC, berriz, kontsumo handienekoa da (Sonykoak baino %50 gehiago gastatzen du eta). Sanyok Aiwak, bere aldetik, Sonyk baino %36 gehiago kontsumitzen dute.

Aukerarik onena Saba CDP8 da. Arrazoiak: kalitatea (soinua erreproduzitzean hoberena), prezio merkeagoa eta batez besteko kontsumoa. Kontsumorik txikieneko eta funtzio osagarri gehien dituena Sony da, baina ibileran, bere disc-man-eko soinua "onargarri" besterik ez zen izan, bere kostua Sabakoarena baino 5.000 pezeta gehiago izaki. Sanyo hoberenetakoa da eta ederki horniturik dator, baina garestia da eta kontsumo handikoa. Philips ona eta gastu gutxikoa da baina bera da garestiena.

Soinu ona, denetan ere

CD motako diskoen erreproduzitzaileen funtsa, aluminiozko disko batean era digitalean grabaturiko soinuaren laser izpien bitartez irakurtzea da; sistema horren bitartez, 65.000 bolumen-maila lor daitezke: hortxe datza disko trinkoetan grabaturiko soinuaren bikaintasuna, orain dela urte batzuk goi-fidelitateko aparailuen prestazioen hobekuntza ekarri zuena. Aparailu eramangarri hauetako funtsezko alderdi bat, soinuaren kalitate orokorraz kanpo, higiera latzak gertatzen direnean -footing egitean, adibidez- ere kalitate hori mantentzeko gaitasuna da. Sabak eskaintzen du soinurik hoberena disc man aparailuaren erabiltzailea leku batetik bestera doanean ere; oso maila onean mantentzen da gainontzekoen gainetik. Sanyok eta Philipsek ere eman zituzten prestazio onak. Gainerakoen prestazioak, onargarri baziren ere, hiru hoberenen azpitik geratu ziren.

Funtzionamenduan denek eman dute erantzun bikaina, kanpoko distortsioek ez baitute desitxuratzen grabatutako soinua. Hainbat musika-plegutan arras ohikoak diren frekuentzia baxuekiko erantzuna zuzena da zazpi aparailuetan. Nabarmentzeko bat bakarrik (besteen gainetik, gainera): Saba.

Erreproduzitzailearekin batera saltzen diren osagarriei dagokiela, "kasko" erako (Saba) eta "botoiko" pleguko entzungailu estereoak dira nabarmentzekoak. Entzungailuaren mintzaren tamainak garrantzi handia du, soinurik baxuenak erreproduzitzeko bezainbesteko tamainakoa behar baita. Saba da "kasko" motako entzungailuak hornitzen dituena; hauek, mintza handiagoa daukatelako, frekuentzia baxuak hobeki erreproduzitzen dituzte. Baxuen bolumena gehitu edo areagotzeko sistema dute denek, marka bakoitzak berariaz bataiatua.

Aparailu eramangarri hauek korronte alternoko egokigailu bat dute, sarean lotzeko. Sanyok, Philipsek eta Aiwak bakarrik dakartzate Ni-Cd-ko bina pila, 1,2 V-ko potentziakoak. Kontsumoa dela eta, Sony eta Philips dira jarduteko energia gutxien eskatzen dutenak. Darabiltzaten pilek, beraz, gehiago irautea espero dezakegu. Kontsumorik handiena JVCk du: Sonyk baino %50 energia gehiago behar baitu martxan aritzeko. Sanyok eta Aiwak, berriz, Sonyk baino %36 gehiago kontsumitzen dute eta Sabak eta Panasonicek, azkenean, %18 gehiago bakarrik behar dute.

Botoiak aukeran.

Zazpi disc-man hauek erabilera errazekoak dira eta erreproduzitzaile baten oinarrizko funtzioak betetzen dituzte. Abiada, pausa, doinuen aurrera eta atzerako eramateetan denak dira berdintsuak eta, areago, sakagailuetan (ukimen leunekoak denak, Aiwakoak izan ezik) ikur ber-berak agertzen dira. JVC eta Philipseko bolumen-adierazlea ederki nabarmentzen da, bolumena kontrolatzen duen gurpilak zenbakiak dituelako: horri esker, begiratu batera, soinu-mailaren berri zehatza ezagutzen da. Pantailan adierazitakoak, bestetik, zehatzak dira zazpi laginetan. Ebakera edo pista (doinua zenbatgarrena den adieraziz) eta jotzen zenbat denbora daraman ere irakur daiteke. Sabako aparailuko pantailan pista-zenbakia ikusten den arren, denbora ez da azaltzen; JVCkoan ezin ikus daitezke bi informazioak batera. Sony, Sanyo eta Aiwakoek estalkian duten leihoari esker, barnean diskorik ba ote dagoen ikus daiteke. Diskoa sartzeko irekieraren erosotasunari dagokionez, Saba da okerren diseinatutakoa, estalkia irekita manten dezakeen malgukirik ez baitu; Philipsek zailtasunak jartzen ditu aparailuari eusteko, beste eskuarekin irekitzeko botoia sakatzen den bitartean. Diskoa ateratzeko erraztasuna dela eta, Panasonicekoa oso xinplea da, diskoa jaurtitzeko berariazko botoia daukalako; Aiwan, ateratze hori gogorrago gertatzen da.

Beste alde batetik, frekuentziaz eta irteerako potentziaz, denek agertzen dituzte antzeko ezaugarriak, neurriak eta pisuak. Sanyo da astunena (274 gramo), eta Philips eta Panasonic arinenak (215 gramo). Neurriei dagokiela, Sony, Philips eta Panasonic dira txikienak eta Aiwak du tamainarik handiena.

Lagin guztiek dute "hold" funtzioa, hau da, ekipoa geldirik dagoenean kontrolak blokeatzen dituena, martxan jarri eta pilak gastatzea galarazteko. Gainera, pantailan agertzen da pila edo baterien karga-maila. Aiwak izan ezik, denek eskaintzen dute CDko doinuak ordenuz edo bestela erreproduzitzeko aukera. Era berean, erabiltzaileak entzun nahi duen zatia ezagutu ahal izan dezan, abiadura handiagoan erreproduzitzeko aukera ere denek eskaintzen dute. Azken doinua amaitu denean edo aparailua funtzionatu gabe denbora-tarte batez eduki ondoren, automatikoki itzaltzeko sistema daukate lagin guztiek.

Homogenotasun teknologiko hauek gora-behera, aparailu zenbaitek berariazko prestazioak sartu dituzte. Sony, Sanyo eta Philipsek, adibidez, hartu nahi diren doinuen bilaketa azkar egin ahal izateko edo doinu bakoitzaren estiloa ezagutzeko, doinuen aurreneko 10-15 segundo elkarren ondotik erreproduzitzeko aukera ematen dute. Aparailua azkenekoz itzali den gune berean CDaren erreprodukzioa berriro hasteko aukera Sony, Philips eta Panasonicek ematen dute. Aparailuko bolumena finkatzen duen sistema dauka Sonyk: honela, gurpila eragiten bada ere, bolumena bere hartan geratzen da. Lagin batzuek, aparailua audio-ekipo (anplifikadorea eta kanpo-bozgorailuak) batera lotzeko irteera dute entzungailua lotzeko hartune eta guzti (Philips, Aiwa) edo irteera independenteak (Sony, Sanyo, Panasonic). Sonyk eta Sanyok, esandakoez gainera, audio-ekipo batera lotzeko hari-sorta daukate. Disc-man automobileko irratira lotzeko aukera JVC, Sony, Philips eta Panasonicek ematen dute, (erreproduzitzailearekin batera hornitzen ez diren) bestelako osagarrien bitartez. JVC, Saba eta Sanyok, merkatuak gaurkoz oso ohikoak ez diren 8 ontzako diskoak edo "mini-disc" izenekoak ere irakurtzen dituzte.

Laserra, segurua

Laser-teknologiako produktuetan, CD-erreproduzitzaile hauen kalifikazioa "1. klasekoa" da, hots, laser-erradiazioen mailarik apalena; beraz, bidez aurreikusgarri diren erabilera-baldintzetan seguru dira aparailuok. Baina, laser-erradiazioa apala izan arren, laser produktua dela iragarri behar zaio nahitaez erabiltzaileari. Gora-behera hori jakinarazten duten etiketak aparailuan bertan edo argibideekin batera ager daitezke. Sonyk eskuliburuan honela adierazten du (euskaraz ez, bestelako hizkuntzetan): "Kontuz. Produktu hau duten lanabes optikoen erabilerak begietarako arriskua areagotu egiten du", baina ez du jakinarazten 1. klaseko laser-produktua denik. Ohiko egoeran, aparailu hauetako erradiazioa ez da begietarako arriskutsua; halaz ere, hala izan liteke, irakurgailuaren sorta anplifikatzen duten betaurrekoak erabiliko balira edo eskarmenturik gabeko eskuek erreproduzitzailea irekiko balute (laser-erradiazioa, ekipo hauetan, ikustezina da eta, erabilera okerrik gertatzekotan, ez litzateke hautemango. Aparailua gaizki baldin badabil edo haren barnean metalezko objekturik erortzen bada, beraz, ez da ireki behar. Egokiena, zerbitzu teknikora jotzea da. Aparailu segurua bada ere, "ez eduki berotan edo toki hezean", "aparailua aditzen duzun bitartean ez gidatu", "dardarizo-guneei saihets egin", "erreproduzitzailea garbitu egin behar da" bezalako adierazpenak edota matxurak nola hauteman eta antzekoak, ez dira alferrikakoak. JVC, Sony eta Panasonic nabarmentzen dira, argibideetan emaniko osagarrizko informazioagatik. Gidaliburuko informazioa, oro har, onartzeko modukoa da.

Frekuentzia, potentzia, entzungailuen inpedantzia eta neurriei dagokienez, ekipoaren ezaugarriak JVC, Sony, Aiwa eta Panasonic bakarrik jakinarazten dituzte. Garantia nahitaezkoak, berriz, iraunaldia adierazi behar du. Sony, Philips eta Panasonic markek 12 hilabetekoa dute eta Sabak eta Sanyok, berriz, sei hilabetekoa. Aiwak ez du zehazten garantialdia eta JVC, sekulako irregulartasunez, ez garantiaz, ez fabrikatzailearen helbideaz eskaintzen du hitzik. Ingurugiroari buruzko informazioa dela eta, Philips nabarmen gailentzen da gainontzekoetatik: enbalaje-materialak, gastaturiko pilak eta ekipo zaharkituak suntsitzeko arauak bete daitezen eskatzen baitio erostunari. Areago, marka horretako enbalajearen diseinuari esker, kartoia eta plastikoa bereiz daitezke, berariazko zabortegietan horrelaxe uzteko eta, desmuntaia enpresa espezializatu batek egiten badu, ekipoko materialak berak ere erreziklatu ahal izango dira. JVC eta Sabakoak izan ezik, disc-man hauetako enbalajea paper erreziklatuan oin hartutako materialez eginda daude. Eta JVCk eta Sonyk izan ezik, denek egin dute pila edo bateriak behar bezala uzteko ohartarazpena.

Orrialde-zenbaketa


Eduki honen erlazioak

Artikulu honetan

Orain paperezkoa ere euskaraz


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto