Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Petit suisse: Ez gantz, ez kolesterol askorik

"Petit Suisse" edo gazta fresko deskrematuen bost lagin aztertu dira (Clesa, Nestlé, Yoplait, Danone eta Kaiku markatakoak), petit suisse izena Danone markarena bada ere.

  Marrubi-zaporekoak dira denak, Danone eta Yoplait izan ezik, hauek marrubiak baitauzkate. 60 gramoko sei unitateko erretilutan merkaturatzen dira denak, Kaikukoak izan ezik, hauek launaka baitatoz. Prezioak, kiloko 529 pezetatik (Kaiku) 429 pezetaraino (Clesa) doaz eta aleko, berriz, 26 pezetatik (Clesa) 32 pezetaraino (Kaiku).

Esnearen koagulazioz erdietsitako gazta freskoa da petit suisse; esneari gazura astiro kentzen zaio, ukimen leun eta ahogozo fin berezi hori lortzeko. Esne deskrematu pasteurizatuarekin egin eta esnegaina eransten zaio; azkenik, naturala edo hainbat zaporetakoa izan daiteke: gure kasuan, adibidez, marrubizkoak dira.

Azterketatik ateratako ondoriorik interesgarriena hau da: petit suisse hau ederki landuriko produktua da eta (duela urte batzuk ez bezala, orduan gantz larriegi baitzeukan) haurren ohiko dietako osagai izan daiteke. Bi argudio ditugu baiespen honen alde: lehenik, nutrizio-aldetik oso aberatsak dira, karbohidratoak, proteinak, kaltzioa eta bestelako mineralak dezente aportatzen dituztelako; bigarrenik, ustez beste aldera, ez dute kaloria ez gantz gehiegirik (%4 inguru) eta, horrenbestez, kolesterol-edukia ere apala dute.

Osasun-higienearen ikuspegitik, lagin guztiak egoera onean zeudenez, kontsumitzeko egokiak dira. Bost laginen nutrizio-osaketa berdintsua da; hortaz, ezaugarri organoleptikoak (hau da, sentimenen bitartez atzematen ditugunak: itxura, gustua, usaina eta ukimena) izan dira erkapenak egiteko unean funtsezko irizpide. Aukeratzeko faktore nagusietako bat, beti bezala, prezioa.

Etiketa ere arauaren araberakoa da, oro har, irregulartasun bat nabarmendu behar bada ere: Yoplaitek ez du esne-estraktu lehorraren portzentaiarik adierazten. Bestetik, Yoplaitek izan ezik, lagin guztiek sorbikoa (kontserbakari baimendu eta kontsumitzailearentzat ez-kaltegarria) agertzen dute, legez onartzen den gehieneko kopuruaz oso azpitik. Bi laginetan (Clesa eta Nestlé), azkenik, koloratzaile artifizialak hauteman dira.

Dastaketan, hiru laginek (Nestlé, Danone, Yoplait) kalifikazio ona lortu dute, 6 puntu; Clesa ez zen aprobatura iritsi, marrubi-gustu eta gozotasun eskasengatik. Kaikuk bost puntu merezi izan zuen. Yoplait da aukera polita, zuzendu beharreko etiketako akatsak gora-behera. Besteek baino gantz gehixeago eta proteina gutxiago dituenez, ez darabil kontserbakari, ez koloratzaile artifizialik; marrubiak sartzen ditu, dastaketan hoberena bezain gustagarri gertatu zen eta merkeenetako bat da, gainera (27 pta. alea).

Nutrizio aldetik, oso aberatsak

Petit suisse hauek, batenaz beste %70eko hezetasuna dutenez, estraktu lehorra %30era inguru iristen da. Hezetasuna erauzi ondorengo eduki horretatik portzentaiarik garaiena (produktuaren %15ekoa), karbohidratoei dagokie. Gazta fresko erdideskrematuek, halaber, esne-jatorriko eta kalitate oneko proteina ugariz hornitzen dute organismoa (%6tik %9ra bitarte). Gantza ez da ugaria (%3tik %4 edo gehixeago artean) eta produktuari erantsitako esnegainari dagokio, petit suisse hauen lehengaia esne deskrematua (gantzik gabea) baita. Nutrizio-balore handiko esneki batez ari garelarik, gantz-portzentaia horiek oso bidezkoak dira. Gazten sailkapena (gantzatsua, erdideskrematua, deskrematua...) esne-estraktu lehorrarekiko esne-gantzaren arabera egiten da (EG/EEL). Bai gantza, bai estraktu lehorra esnetikakoak direnez, guztirako gantza guztirako estraktu lehorrarekiko berdin EG/EELtzat jo dezakegu. Estraktu lehorrarekiko, lagin guztiak %10etik %16ra bitartean dabiltzanez, gazta erdideskrematuak dira (arauaren arabera, %10etik %25era bitarte) eta etiketan halaxe adierazten dute, Yoplaitek izan ezik: datua adierazi beharrekoa den arren, marka horrek ez du erakutsi. Esne-estraktu lehorrarekiko esne-gantza (EG/EEL) zein kopurutan dagoen eta gutxieneko esne-estraktu lehorra zein den ere adierazi behar dira; halaxe egin dute marka guztiek, Yoplaitek izan ezik. Etiketako baloreak eta benetakoak alderatzean, egiazko estraktu lehorra adierazitakoa baino altuxeagoa dela hauteman dugu; beraz, adierazitakoa baino hezetasun gutxiago du, baina hau ez da kaltegarria. Egiazko EG/EELaren portzentaia (10%-16%), berriz, adierazitakoa (20%-24%) baino apalagoa da; hau da, gaztaren estraktu lehorrean gantz gutxiago dagoela. Yoplaitek, genioen bezala, ez du hauetako daturik ematen: jatorrizko gazta freskoan %30eko gantz-gaia zegoela adierazten du, baina elikagaiak adierazteko era hau ez da zuzena.

Petit suisse hauetako karbohidratorik gehientsuak azukreetatik datoz. Erantsitakoa, sakarosa, gehienekoa da eta %7ra iristen da Yoplaitekoetan eta %12ra Nestlékoetan. Beste azukre garrantzizko bat esneari dagokiona da, laktosa, alegia: %2an agertzen da Kaikun eta %3an Clesan. Gazta fresko erdideskrematu hauek balio energetiko apaleko elikagaiak dira: 120 kaloria inguru 100 gramoko. Gazta fresko deskrematuarena baino ekarpen kaloriko handiagoa da (esnegaina erantsi baitzaio), baina, nolanahi ere, bestelako gazta-agerpen batzuena baino dezente apalagoa. Kolesterol-kopurua ere ez da oso altua: Nestlé da gutxien daukana (17 miligramo 100 gramoko) eta Yoplait gantz gehiena duen petit suissea: 39 mg. 100 gramoko.

Kaltzio-balioa handia da, produktuaren 100 gramoko 120 bat miligramo kaltzio ematen baitu, hau da, urtebetetik 9 urte bitarteko haurrari -elikagai honen kontsumitzaile nagusiari- aholkatzen zaion eguneko errazioaren %15a. Hezurren garapenean lagungarri behinenak direlarik, fosforo- eta portasio-kopuru handiskak agertzen dira gaztotan, era berean. Bitaminei dagokienez, petit suisse hauek B1 eta B2 ugariz hornitzen gaituzte, haurrari eguneko aholkatzen zaion errazioaren %70era arte iristen delarik (100 gramo gaztako); munta apalagoan bada ere, A eta D bitaminak ere dauzka produktu honek.

Egoera sanitarioa eta aditiboak, ongi

Bi aditibo-mota bilatu dira: kontserbakariak (azido benzoikoa, sorbikoa eta parabeneak) eta koloratzaile artifizialak. Laginetan benzoiko nahiz parabenik aurkitu ez zen arren, sorbikoaren agerpena ordea atzeman zen, Yoplaiten izan ezik (marka honetakoak ez baitu aditibo hau). Produktua darabilten marka guztiek halaxe adierazten dute etiketan. Organismoarentzat kaltegarri ez den kontserbakari hau, legez, erabil daiteke 1000 pm.ko (parte milioiko), hau da, aztertu ditugun laginek aurkezten dutena baino askozaz ere balio altuagoa. Beraz, kontserbakari hau dela eta, araua denek betetzen dute.

Koloratzaileei goazkiela, Nestlé eta Clesan bakarrik hauteman ziren artifizialak (E-129). Bi laginek adierazten dute hau beren osagaien zerrendan. Kaiku, Yoplait eta Danoneko zerrendetan azido karminikoa aipatzen da (E-120), koloratzaile naturala, beraz. Yoplaitek etiketan "kontserbakari zein koloratzailerik gabea" iragartzen du: laborategian erdietsitako datuek ez dute hori ukatzen. Etiketan, fabrikatzaileek usainkiak (marrubi zein bestelakoak) gehitzen dituztela aitortzen dute, are Yoplaitek eta Danonek berak ere: hauetako etiketetan, petit suisseek %6ko marrubi-mami eta pusketak dauzkatela adierazten dute.

Azterketa mikrobiologikoan E. koli, guztirako koliformeak, S. aureus, salmonella, shigella, listeria eta guztirako lizun eta legamiak bilatu dira. Horrelako mikroorganismoen agerpenik hauteman ez denez, produktuaren higiene-egoera zuzena da. Datu hau mesedegarria dute denek, produktuaren fabrikazio- eta maneiatze-prozesuei dagokiela.

Etiketak, ia denak zuzen

Aginduriko informazio osoa jasotzen dute etiketa guztiek: izena, pisua gramotan, zein datatan kontsumitzea komeni den, osagaien zerrenda, (hozkailuan) kontserbatzeko era, fabrikatzailearen izen eta helbidea eta RSI, esnekietan nahitaez adierazi behar baitira datuok. Gantz-edukiari begira, produktuaren klasifikazioa ("erdideskrematua", petit suisseetan), esne-estraktu lehorraren gutxieneko portzentaia (EELmin) eta, esne-estraktu lehorrarekiko, esne-gantzaren portzentaia (EEL/EG) ere adierazi beharra dago: Yoplaitek izan ezik, denek egiten dute horrela. Osagaiak direla eta, batek ere ez du nolako esnea darabilen adierazten baina, behi-esnea baldin bada, horrela egin beharrik ez dute. Benetako edukia eta adierazitakoa, azkenik, bat datoz: 60 gramo. Iragarritakoa baino gutxixeago zeukan laginean, arauak onartzen duen aldearen barnean zegoen pisua.

Dastaketan, hiru laginek

Lagin bakoitzaren agerpena (itxura, arrosa kolorea), zaporea (marrubia eta gozotasuna) eta ahoko ukimena baloratu zituzten. Guztirako puntuaketa garaienak Yoplait, Danone eta Nestlék eraman zituzten (6na puntu). Yoplaiten itxura okerrago baloratu zen, urtsua eta kolore hitsekoa zelako, baina marrubi-gustu bizia eta gozotasun nabarmena bide, balorazio hoberena erdietsi zuen. Itxura hobekoa bada ere, Danoneren kolorea zurbil xamarra da baina honen gozotasuna ondo baloratu zen eta ahoko ukimena gustatu zitzaien dastatzaileei. Itxuraren balorazio onena Nestlérentzat izan zen, itxura trinko eta arrosa koloreagatik. Marka honek zapore gozoena (sakarosa gehien zuen lagina hauxe zen) agertu zuen. Kaikuk 5 puntu bereganatu zituen: arrosa kolorea, itxura eta ukimena gustukoak baziren ere, marrubi-zaporea eta gozotasuna erdiparetik gora ez ziren igo. Balorazio eskasena Clesak eraman zuen (3 puntu). Arrosa kolore bizia atsegin gertatu bazen ere, zaporeak ez zuen dastatzailea ase, gozotasun eta marrubi-gustu ahulegiak medio.

Elikagai hau txikienek kontsumitu ohi dutenez, 4-5 urteko haurrek halako dastaketa egin zuten, gogokoena zein zen erabakitzeko. Dastatzaile goiztiar bitxiei eskatu zitzaien laginik onena zein zen adieraz zezaten. Nestlé izan zen maizen hautatua, eta Clesa onarpen eskasenekoa. Ikusten denez, haurren balorazioa eta CONSUMEReko ohiko dastatzaileena.

Orrialde-zenbaketa


Eduki honen erlazioak

Artikulu honetan

Interesatzen zaizu

Gainera...

Orain paperezkoa ere euskaraz


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto