Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Txostena

^

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Osasun-aseguru pribatuak: estaldura eta prezioak nornahirentzat: Medikuntza aukeran

Itxaron-zerrenda luzeen aurka, gaixoa hilabete luzetan zain egotera behartzen duten espezialistarenganako bisiten aurka, Estatuko toki askotan oraindik ere osasun publikoaren ezaugarri diren sendagile nahiz ospitalea aukeratzeko ezintasunaren aurka, osasun-aseguru pribatuek asistentzia azkarra, zuzena eta pertsonalizatua bermatzen digutela aldarrikatzen dute.

Zenbat eta zaharrago, orduan eta garestiago.

Polizen kostua, normalean, aseguruaren titularraren arabera aldatzen da: zaharrak ordaintzen du gehien. Aurten, Igualatorio Médico Quirúrgicon (IMQ), adibidez, 60 urteko aseguratu batek, 35 urteko beste batek baino 7.400 pezeta gehiago ordainduko ditu hilean, estaldura beragatik, Urrezko Polizan (denetan hoberenean, alegia). Aseguruaren titularraren sexuak ere eragin izan dezake primen prezioan. Sanitasen, hilean emakumeak gizasemeak baino 1.774 pezeta gehiago ordaintzen du. Bizitokia ere kontuan hartzen dute gehientsuek: Previasa eta Sanitaseko polizak Bartzelonan dezente igotzen direlarik, bertako emakume batek hilean 8.400 pezeta ordaintzen dituen bitartean, Estatuko beste edozein lekutan bizi den beste batek 7.389 baizik ez du pagatu behar (%13a merkeago, alegia). Kasu batzuetan beste zerbait ere egin dezake aseguratuak: modulukako osasun-asistentziako poliza kontratatzea, esate baterako -medikuntza espezializatua (3.330 eta 5.660 pezeta bitarte, hilean), ospitalizazioa (4.070 eta 6.920 pezeta bitarte) edo lehen arretakoa ere. Esaterako, Acunsak (Nafarroako Klinika Unibertsitarioak) aseguratuari ospitalizazio-polizak bakarrik eskaintzen dizkio, hilean 2.216 eta 3.852 pezeta bitarte ordaindurik; honekin batera, kontsultetan bezeroari %25eko deskontua egingo zaio.

Estaldurak ere murrizketak izaten ditu.

Osasun-asistentziako aseguruek aukera ematen dute hainbat espezialista eta ospitaleren artean (bertakoak nahiz hitzartuak izan) hautatzeko. Amefek bakarrik, "Caso Cerrado" izeneko polizetan ez du onartzen ospitalea aukeratzerik. Previasa, Sanitas, Adeslas eta Asisa konpainiek --denak ere, hedapen estatalekoak-- poliza-mota bakarra dute. Gainontzekoek, oro har, hiru estaldura-maila desberdin eskaintzen dituzte: oinarrizkotik (medikuntza orokor eta espezializatua, larrialdiak, OLT --osasun-laguntzaile teknikoa--, azterketak, diagnosi-probak, e.a.) hasita, osatueneraino: horrelako batek, odontologiako karraskatze eta leuntze radikularrak eta protesi finko zein funtzionalak eskaintzen ditu, Igualatorio Médicon. Edota botika-prestazioa erregimen anbulatorioko minbizi-kasuetan, Asisan. Konpainiari bereziki astunak gerta dakizkiokeen protokolo diagnostiko zenbait (erresonantziak, eskanerrak) eta ebakuntza jakin batzuk (basektomia, tronpen lotura, e.a.) egin behar izatekotan, erabiltzaileari hutsaldi bat ezartzen zaio: honek irauten duen bitartean, aseguratuak ezin erabil ditzake prestazio horiek, polizaren kontratua egin denetik hasita: sei hilabetekoa izan ohi da hutsaldia, baina, haurdunaldi-kasuetan, 9 edo 10 hilabeteraino luzatzen da. Estaldurak babesten dituen ospitalizazio-egunak ere mugatuak izaten dira. Ohikoena, erabiltzaileak urtean "doako" 30 egun bakarrik izatea da. Adeslas eta Asisan soilik, aseguratuaren ospitalizazioak ez du mugarik. Amefek ere, ebakuntza kirurgikoen kasuetan, ez du murrizketarik xedatzen.

Adinak, sexuak eta bizitokiak baldintzatzen dute prezioa.

Adinekoa izatea ez da kontu ona osasun-aseguru pribatuaren titularrentzat. 55 urtetik gorakoa izateak urteko primen gehikuntza ondorioztatzen dio interesatuari: Previasan 41.580 pezetakoa izan daiteke gehikuntza hori eta IMQ-n, berriz, 37.000 pezeta inguru. Azterturiko bederatzi konpainietatik, adinak adin, aseguratu guztien primak berdinak dituzten bakarrak Atlántida eta Asisa dira. Lehenak, ordea, ez du onartzen 65 urtetik gorako aseguratu berririk. Eta Asisak, bere aldetik, 60 urte bete ondoren asegurua kontratatzen dutenentzat, primei erantsitako kopuruak ditu xedatuak: urtean, 51.018 eta 118.548 pezeta bitartekoak izan daitezke. Adeslasen emakumeak gizonezkoak baino gehiago ordaintzen du haurtzarotik bertatik: 5 urterekin hasten dira desmailak eta aldea urteko 17.460 pezetaraino iristen da. Previasak sexuen arteko bereizketa ekonomikoak egiten ditu 19 eta 45 urteko adinen bitartean; oraingoan ere, emakumea da gehien ordaintzen duena. Emakumeen primak, Sanitasen, 20 urtetik aurrera gora egiten du; hogeitik 44 urtetara bitartean, adin bereko gizasemeak baino 21.288 pezeta gehiago ordainduko ditu, Bartzelonan bizi ez bada, nolanahi ere. Bertan bizi izanez gero, aldea 25.620 pezetaraino doa. Previasan ere, hiriburu horretakoek tarifarik garestienak ordaindu behar izaten dituzte. Era berean, aseguru pribatu hauetako erabiltzaileek, baliatzen duten osasun-zerbitzu bakoitzeko diru-kopuru bat ordaindu behar izaten dute: ordainketa, berariazko txeke edo osasun-tarjeten bitartez egiten da. Aseguratuak patrikatik atera beharreko kopurua Ipresa eta Adeslasen 100 pezeta den bitartean, 500 pezeta kostatzen da txeke bakoitza IMQ konpainian. Acunsa, Atlántida eta Amefe (Caso Cerrado delako polizan) konpainietako aseguratuek ez dute deus ordaintzen zerbitzu hauengatik.

Gaixo egotearren kobratzea.

Arestian hasita, ospitalizazio-egun bakoitzeko (erditzeak aparte) indemnizazio bat eskaintzen hasi zaizkio konpainiak aseguratuari, polizen gehigarri bat kontratatuz eta ordainduz gero. Zerbitzu osagarri hau, txosten honetan agertzen diren bederatzi konpainietatik seik eskaintzen dute. Dagoeneko baliteke ospitalizazio-eguneko 5.000 pezeta kobratzea, urtean 1.695 pezeta ordainduta (IMQ-n) edo 10.430etik 27.580 bitarte urtean emanik (Amefe). Aseguratuari ebakuntza egin behar izatekotan, IMQ eta Atlántidak indemnizatu egiten dute (1.200.000 eta 300.000 pezeta bitarte, ebakuntza bakoitzeko, ordainduriko primen eta ebakuntza-motaren arabera). Atlántidako aseguratuak ere gaixo egotearren bakarrik kobratu ahal izango du, ospitalean sartu beharrik izateke. Gaixotasun-kasuan eguneko 5.000 pezeta kobratu ahal izateko hilean ordaindu behar diren gehigarriak 5.085 pezetatatik 7.000 pezetaraino doaz, aseguratuaren adinaren arabera.

Ongi aukeratzeko bideak Osasun-asistentziako asegurua hartu aurretik, kontratuan agertzen diren baldintzak eta prestazioak arreta handiz aztertzea komeni da. Ez ahantzi: nahiz eta famili tradizioak edo giza inguruko azturak konpainia jakin baterantz zuzentzen zaituen, merkatuko lehian beste batzuek ere jarduten dute eta, hortaz, hauen estaldurak eta prezioak ere konparatu behar dituzu. Hona hemen, zerbitzuaren estaldura, kalitatea eta prezioaren arteko erlaziorik hoberena bilatzeko irizpideak:

Polizen estaldura

  • Formalizazioko hasierako gastuak
  • Hileko primak. Hiruhilean, seihilean edo urtean behin ordaintzeagatiko deskontuak
  • Familiei egiten zaizkien deskontuak
  • Gastuen muga
  • Ezbeharren kopuruagatiko primak garestitu edo kontratu-indargabetzea
  • Poliza indargabe uztea, adin handietan
  • Prozesu eta urte bakoitzeko estaldura-muga
  • Hutsaldiak. Larrialdi-kasuetan, hutsaldiak indargabe uzteko aukera
  • Kontsulta-ordutegien malgutasuna
  • Asegurua kontratatu aurretik, osasun-azterketa nahitaez egin beharra.
  • Honen kostua
  • Estaldura geografikoa
  • Asistentzia bidaietan (estatu- eta nazioarte-mailakoa)
  • Aseguru osagarriak: istripua, ospitalizatze edo gaixotasunagatiko eguneko indemnizazioa, ebakuntzagatiko indemnizazioa, leku-aldatzeagatiko gastuen estaldura.

Bederatzi osasun-aseguru pribatu, banan-banan

AMEFE

12.000 aseguratu Valentziako Erkidegoan. Koadro Itxia izeneko polizen titularrek ezin dezakete sendagilea hautatu. Prestazio bakoitzeko gehigarria Aukera Askeko Koadroko aseguratuek bakarrik ordaintzen dute (150 pta.). Beste aseguru batzuk: gastuen itzulera (anbulatorioan, %80a, ospitalekoan, %90) eta ospitalizazioagatik eguneroko indemnizazioa (poliza garestia: urtean, 12.430 eta 27.580 pezeta bitarte, adin eta sexuaren arabera).

ATLÁNTIDA

21.000 bazkide Katalunian. Ez organo-trasplanterik ez dialisirik ere babesten du. Prima bakarra poliza bakoitzean. Merkeena (5.895 pta. hilean), 60 urtetik gorakoen kontratuetan.24 urtetik beherakoentzat, %25eko deskontua. Acunsarekin batera, aseguratuak kostu gehigarririk ordaindu behar ez duena. Bestelako aseguruak: ospitalizazio edo gaixotasunagatiko eguneroko indemnizazioa (kontu hau babesten duen bakarra) eta ebakuntzagatiko indemnizazioa (hilean 726 pta.tik gora ordainduz gero).

IPRESA

14.000 aseguratu Gipuzkoan. Medikuntza espezializatuko (hilean, 3.330 pta.tik aurrera) edo ospitalizazio- poliza independenteak (hilean, 4.070 pta.tik aurrera) egiteko aukera. Prestazio garestiak, beste aseguruetako zerbitzu beretsuen aldean. Prestazio bakoitzeko kostu gehigarria, merkea (100 pta.).

IGUALATORIO MEDICO QUIRÚRGICO (IMQ)

225.000 aseguratu Bizkaian eta herrialde mugakideetan. Urrezko Poliza (konpainia honetako hoberena), txosten osoko garestiena da. Zerbitzuko kostu gehigarri garestiena (400 eta 500 pta. bitartean). Adinak adin, aseguratu berriei osasun-azterketa egitea agintzen duen aseguru bakarra da hau. Ospitalizazioagatik (urtean, 1.695 pezetatik aurrera) eta ospitalizazio eta ebakuntzagatik (urtean, 6.663 pezetatik aurrera) eguneroko indemnizazioa babesten duten polizak.

ACUNSA

Ospitale-asistentzia bakarrik estaltzen du. Estaldura hori duen merkeena (urtean, 2.216 pezetatik aurrera), aseguratuarentzat inolako kostu gehigarririk gabe. Bere 120.000 aseguratuei, penintsula osoan anbulantzi zerbitzua eskaintzen die. Leku-aldaketako gastuak estaltzeko aseguru osagarria duen bakarra (urtean, 2.600 pezetatik aurrera). Bestelako aseguruak: ospitalizazioagatiko eguneroko indemnizazioa (urtean 2.815 pta. ordaindurik, egunean 6.400 pta. kobratzen dira).

PREVIASA

Lau prima-mota desberdin dituen bakarra (eskualdearen arabera). Bertako 250.000 aseguratuetatik, bartzelonarrak dira gehien ordaintzen dutenak. Donostiarrak eta valentziarrak datozkie ondotik. 19 urtetik 45 urte bitartean, sexuaren arabera, primen prezioak desberdinak dira: emakumeenak, garestiago. 61 urtetik aurrera, asegurua hartzean, osasun-azterketa egitea derrigorrezkoa. Asistentzia moduluka kontratatzeko aukera: lehen mailakoa, espezializatua eta ospitalizazioa. Bestelako aseguruak: gastuen itzulera/Mundisalud Integral (%80a Espainian eta %90a atzerrian).

SANITAS

700.000 aseguratu. Prima desberdinak, adin, sexu eta bizitokiaren (Bartzelona/Espainiako gainerakoa) arabera. 20 - 44 urte bitarteko Bartzelonako emakumeek, urtean 21.288 pezeta gehiago ordaintzen dituzte hiri horretako gizonezkoek baino, eta 10.488 pezeta gehiago Estatuko gainontzeko emakumeek baino. Ospitalizazioagatiko eguneroko indemnizazioko poliza kontratatzeko aukera (erditzeak, kanpo).

ADESLAS

Asisarekin batera, bere 244.000 aseguratuei ospitalizazio-eperik ezartzen ez dien bakarra. Sexu eta adinaren arabera, prima desberdinak (emakumeek, urtean 17.460 pezeta gehiago ere ordaintzen dute). 20 eta 44 urte bitarteko gizasemeentzat, prima ber-berak merkeago eskaintzen ditu (hilean, 5.086 pezeta). Bestelako aseguruak: gastuen itzulera/Adeslas Extra (%80a Espainian eta atzerrian).

ASISA

1.560.000 aseguratu. Ospitalizazio-egunak: mugarik gabe. Hutsaldidun prozesu gutxien dituen asegurua (famili plangintza, 6 hilabetez; erditzea, 9 hilabetez). Adin guztietan prima bera, asegurua kontratatzean interesatuak 60 urte baino gehiago ez badu. Kontratatzeko adin-mugarik ezartzen ez duen eta, kostu gehigarririk gabe, protesi kirurgiko finkoak estaltzen dituen bakarra. Bestelako aseguruak: Ospitalizazioagatiko eguneroko indemnizazioa eta istripu-asegurua (miokardio-infartu akutua sartzen duen bakarra).

Orrialde-zenbaketa


Eduki honen erlazioak

Artikulu honetan

Interesatzen zaizu

Orain paperezkoa ere euskaraz


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto