Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Bizar-makinak: Aurpegiko gune zailetan eraginkortasun urriagoa agertu dute batzuek

Fagor, Panasonic, Braun eta Philips marketako bizar-makinen zazpi lagin aztertu dira. Merkeena, Braun 5010, 9.392 pezeta kostatzen da eta garestiena, berriz, Philips HQ5425A, 14.900 pezeta.

  Bizarra moztean, eraginkortasun egokia erakutsi dute makina guztiek. Beste horrenbeste esan daiteke ile luzeei (sudur-belarrietan) eta erabiltzailearen azalean bizarra kentzeak eraginiko ondorioei (narritadurarik ez da gertatu) dagokienez. Ertz edo ingeradak --aurpegiko gunerik zailenak-- ebakitzean agerturiko zehaztasunaz, Panasoniceko bi makinek oso emaitza onak eskaini zituzten bitartean, Philipseko biak arrunt aritu zirela esan behar da. Atal honetan, Philipsekoak baino hobeak izaki, Panasonicekoak bezain onak izatera ez ziren iritsi gainontzekoak..

Bestetik, ez dirudi loturarik dagoenik bizarra kentzeko sistema (saretxoa, xafla dardarkariekin edo buru birakariekin hornitua) eta eraginkortasun orokorraren artean; aldea, ingerada eta ertzen ebakeraren kalitatean hautematen da. Saretxoa da gehienek darabilten sistema. Philips markako bi makinek buru birakariak dituztenez, gune zailetan (sudurpean, lepoan, etab.) zehaztasun gutxiago agertzen dute. Neurrietan alderik ez dagoen arren, Panasonicekoak dezente arinagoak ditugu (ez dira iristen 150 gramora). Erabiltzeko errazak dira denak eta eskuin nahiz ezkerrek balia ditzateke, berdin-berdin. Panasonic eta Philips markakoak, diseinu ergonomikoa dela bide, besteak baino erabilgarriagoak dira.

Elikatze elektrikoa ere ez da denetan berdina. Philipseko biek eta Braun 5010ak sarean konektaturik bakarrik funtziona dezaketen bitartean, Panasoniceko biak bateriaren bitartez soilik ibil daitezke. Fagorek eta Braun 5414k bietako elikadura har dezakete, sarekoa eta baterietakoa, alegia. Kalitate-prezioari dagokionez, erlaziorik hoberena Panasonic ES876k eskaintzen du.

Ebakera ona.

Bizar-makina bakoitzarekin aste oso batez, egunean behin bizarra moztu zuten erabiltzaile-multzo batek probatu zituen makinak. Erabiltzaileen iritziz, aparailu guztiek eginiko ebakera egokia da. Belarrondoko ile luzeak edo bibotea ebakitzeko makinek agerturiko eraginkortasuna ere handia da, tiraketa mingarririk ez baita nozitzen. Aurpegiko gune zailetan (sudurpean, belarrondoetan, lepoan, etab.) Panasoniceko bien eraginkortasuna oso handia den bitartean, Philipseko biena arrunta baizik ez da. Gainontzekoena egokia da, oro har. Edozein makinarekin bizarra moztu ondoren, ebaki, narritadura edo azalaren gorridurarik ez dutela nozitu diote erabiltzaileek; atal honetan, beraz, lagin guztiei balorazio ona eman zitzaien.

Laburbilduz, bizarra kentzeko eraginkorrenak Panasonicekoak dira, ondotik Fagor eta Braun (bi modeloak) datozela; azkenik Philipsekoak ditugu, buru birakariak hauek bakarrik dituztela. Horrenbestez, badirudi sistema hau xafla dardarkariz hornituriko saretxoa bezain ona ez dela.

Ebakerak dirauen bitartean, makina dar-dar egiten du, eta dardarizoa erabiltzailearen eskura ere heltzen da. Eraginik txikiena Philips HQ5425A-k du, ondotik Panasonic ES366 eta Philips HQ3445/A datozela. Bizarra kentzean eta belarrondoko ileak ebakitzean egiten duten hotsa ere neurtu egin da: denetan ere, onargarriak dira dezibelio-kopuruak. Panasonic markakoek, aparrez (bustirik) mozteko aukera ematen duten arren, egindako probetan ez da (lehorreko) bizar-kentze arruntarekin alderik atzeman.

Garbitu eta maneiatzeko errazak

Panasonic markakoen garbiketa eta mantenua soil-soila da eta eraginkorra. Fagor, Braun 5415 eta Philips HQ5425A laginena, ona izan arren, ez zen Braun 5010 eta Philips HQ3445/A-rena bezain egokia. Osagarri gisa, denek dakartzate garbitzeko eskuila eta bidai kaxatxoa (zurruna Fagorrekoak, malgua gainontzekoek). Fagorek ispilua ere ipini du kaxatxo horretan.

Erabiltzeko erraz-errazak dira denak. Bestetik, T60.1, Braun markako bi eta Panasonic ES366 makinei dagozkien argibide-liburuak ere oso onak dira. Makina denak erabil ditzakete eskuin zein ezkerrek. Erabiltzailearen araberako egokitzapenik hoberena Panasonic eta Philips markakoek agertzen dute, ergonomia benetan onargarria dutelarik, oro har. Fagor eta Brauneko bien ergonomiari, "ona" besterik ez zitzaion puntuatu. Kanpoko agerpena eta bukaera ere desberdina da, batetik bestera, ohikoa eta bidezkoa denez. Panasonic markakoei, kalifikazio "oso ona" eman zitzaien, Braun 5415-ari "ona" eta gainontzekoei, azkenik, "normala"

Bateriak

Philipsekoek eta Braun 5010-ek sare elektrikoan (100-240V) konektaturik bakarrik funtziona dezaketen bitartean, Panasonic markakoak bateriaz soilik dabiltza. Fagor eta Braun 5414 laginek bietara erabiltzeko abantaila dute, bateriaz nahiz sarean konektaturik, alegia. Bateria duten lauetatik, Fagor eta Panasonic ES876 laginek nikel-kadmiozkoa (NiCd) daukate. Panasonic ES366 modeloak nikel-metal-hidruro (NiMH) motakoa behar du, hots, NiCd plegukoek baino dezente kutsadura gutxiago sor dezakeena, kadmioaren (metal toxikoa) arrastorik ez baitu. Gaikako zaborren bilketari esker, erabilitako pilentzako berariazko edukiontzietan utz daitezke batzuk zein besteak. Nolako bateria mota daukan adierazten ez duen bakarra Braun 5414 dugu; halaz ere, nikel hibridoko metagailua baliatzen duela eta metal astun kutsatzailerik ez duela dio argibideen liburuskan.

Bateria elikatzeko, erabiltzaileari kargatzailea ere eskaintzen zaio (barnean dagoena Fagor eta Braun 5414 laginetan, eta kanpokoa, berriz, Panasonic markakoetan). Panasonic ES876 laginekoa konbentzionala da (sarrera 100-120/220-240V, 22/25 mA, irteera 1,3 Vcc) eta Panasonic ES366-koa indukzio bidezkoa da (sarrera 100-120/220-240V, 40-55 mA), hots, sistema berritzailea. Bateriak kargatzeko denborak ere alde handiak agertzen ditu: argibide-liburuan Fagorek adierazten du lehendabiziko kargaldia zortzi orduz egin behar dela eta hurrengoak 30 minututan; laborategian, hala ere, azken karga hauek burutzeko egiazko denbora 47 minutukoa dela egiaztatu da. Braun 5414 laginak, bere aldetik, aurreneko kargaldia lau orduz eta hurrengoak gutxienez 60 minutuz egin behar direla dioen arren, 75 minutu iraun izan dute hauek. Panasonic ES366-k estraineko kargaldia 15 orduz eta hurrengoak 12 orduz egin behar direla xedatzen badu ere, aski dira azken hauek betetzeko 3 ordu. Panasonic ES876-k adierazten du lehendabiziko karga betetzeko 8 ordu behar direla, baina ez du esaten hurrengoetan zenbat denbora behar den.

Zenbat iraun lezake bateriak ahitu arte? 10 minutuko funtzionamenduak eta 24 orduko pausatzeak osaturiko zikloetan erabilita, karga berarekin luzeen jardun duen makina Fagorekoa izan da (78 minutu), ondotik Braun 5415 (38 minutu) datorkiola. Panasonic ES876 laginak 36 minutu dirau eta Panasonic ES366-k 24 minutu besterik ez. Azken makina hau, indukzio bidezko metagailua daukala, metagailu konbentzionalekoak baino azkarrago deskargatzen da. Indukzio bidezko sistemak, ordea, makina ezartzeko euskailu bat dauka: euskailu hau sarean konektatuz makina kargatu egiten da, erabiltzaileari maniobra arretaz jardun dezan agindu gabe, eragiketa burutu den unean karga berez gelditu egiten delako. Era honetan, biharamunean makina behar bezala kargaturik egongo da. Beste aldetik, berriz kargatzeko bateria dakarten lau makinek ez dute bateriaren egoeraren adierazgailurik: ebakera egiten duten xaflen abiadura mantsotu bitartean erabiltzaileak ez du hautemango makinak karga gutxi daukala. Bateria kargatzen ari den bitartean kargaren egoera Fagorek bakarrik erakusten du: gehieneko kargara iritsita, dar-dar egiten du argiak eta, bateria kargaturik dagoela, abisatu egiten du. Gainontzekoek argi gorria besterik ez dute (LED: light electric display); hau, kargatzen hasten direnean, piztu egiten bada ere, ez du adierazten kargaren egoeraren berririk.

Seguruak dira.

Segurantzia elektrikoa zehazteko, makinek hainbat proba gainditu behar izan zuten: talka elektrikoak, isolamendua eta beroaren kontrako erresistentzia, besteak beste. Laginetatik ezeinek ere ez zuen arazorik izan. Beste aldetik, zazpietatik bostek, sare elektriko berean konektaturik edo bizarra mozteko makinatik gertu dauden bestelako aparailu elektrikoen funtzionamenduan arras higuingarriak diren gora-beherarik (irratian hotsak, pizturiko telebistan irudiaren aldaketak, etab.) ez zuten sortu. Salbuespen gisa, Fagor T60.1: gainontzeko aparailu elektrikoen baitan eragina duenez, ez da gauza arauari egokiturik dagoela bermatzeko; eta Philips HQ445/A, honek, sarean konektaturik ez dauden gertuko aparailuetan aldaketak sortaraz ditzake. Gainerakoek, arauaren araberako emaitza eskaini dute, eta Panasonic markakoek merezi izan dute baloraziorik hoberena. Arauaren arabera, bizar-makina hauek ikusteko moduko eran adierazi behar dituzte hurrengo alderdiak: tentsio izendatua, korrontearen izaeraren ikurra, frekuentzia izendatua, potentzia izendatua, fabrikatzailearen izena, modeloa, izendapen-mota, etab.; gainera, errotulu horiek ez dute erraz ezabatzeko modukoak izan behar. Aztertu ditugun makina denen ezaugarrien xafletan, eskatzen diren datu guzti-guztiak agertzen dira eta, gainera, aparailuaren ezaugarriekin bat datoz, gaztelaniaz idatzirik daude eta ezin ezabatuzkoak dira. Gainera, xafletako ikurrak normalizatutakoak direnez, lagin guztietakoak zuzentzat jo dira. Adierazpenei dagokiela, denetan daude ingelesez; Braun 5414 eta 5010, eta Philips HQ3445/A laginetakoak normaltzat baloratu dituzte, Fagorekoa ontzat eta Panasonicetakoak, oso ontzat. Baloraziorik okerrena Philips HQ5425A laginak eraman du, interruptorearen eta belarrondoko ileak ebakitzekoaren funtzionamendua adierazten duen argibiderik ez baitu.

Orrialde-zenbaketa


Eduki honen erlazioak

Artikulu honetan

Interesatzen zaizu

Orain paperezkoa ere euskaraz


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto