Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Oilasko-zopa fideodun eta txanpinoi-krema deshidratatuak: Errota epeldu, bai; nutrizio-aldetik, jai

Zopa eta krema deshidratatuak merkeak eta, gainera, erraz eta azkar prestatzeko modukoak direnez, produktu hauek denon etxean ohi dira, gehienetan.

  Ezagunenak direlako, Gallina Blanca, Maggi, Knorr eta Calnort marketako txanpinoi-krema eta oilasko-zopa fideoduna aukeratu ditugu geure azterketa egiteko. Prezioetan alde handiak nabarmendu dira: merkeena Calnort (500 pezeta inguru kiloko) da eta garestienak, berriz, Gallina Blanca, Maggi eta Knorr, ia doble prezioan daude. Zopa zein krema, 67tik 85 gramo bitarteko zorroetan aurkezten dira, litro bat uretan urtzeko; beraz, zorro batetik 200 mililitroko bost errazio atera ditzakegu.

Lagin guztiak, egoera higieniko-sanitario egokian eta behar bezain zehazki etiketaturik agertzen dira, arauaren arabera.

Laborategian eginiko azterketen emaitzak ikusirik, zopa eta krema hauek ez dira batere interesgarriak nutrizioaren ikuspegitik. Beste aldetik, dastaketak agerian ipini duenez, etekin gastronomikoa ere apal-apala izan da.

Litroko, zopako gantz-edukia 2,7 eta 7,1 gramo bitarte dago eta proteina, aldiz, 13 eta 6,5 gramo bitarte: ikusten denez, balore hauek arrunt apalak dira. Denetan ugari agertzen dena, berriz, gatza da: 7 eta 13 gramo bitarte litroko. Hau dela eta, hipertentsioak jota daudenek ez dituzte batere mesedegarri zopa hauek. Bitamina eta mineralen ekarpena ere oso txikia da.

Kolesterolik ez eta -bai zopak, bai kremak- kaloria urri dituzte: errazio batek 40 - 60 kaloria baino gehiagorik ez du.

Janari prestatu deshidratatu hauek, aldiz, glutamato (zaporearen indarkari ezaguna) ugari duten arren, alderdi honetan zabalegia den arauak baimenduriko gehieneko kopurura ez dira gerturatzen. Glutamatoa ez ezik, bestelako aditiboak ere erantsi dizkiote produktuari: koloratzaileak, besteak beste.

Dastaketan (janariak, fabrikatzaileek aginduriko bidetik prestatu ziren), emaitzak eskasak izan ziren, oilasko-zopa fideodunen kasuan batez ere, lau laginetatik Maggik bakarrik atera baitzuen aprobatua: 6 puntu. Suspentsoak, oilasko-zapore ahulegiak, haragi-kontzentratuaren tejo nabarmenegiak eta fideoaren lodiegiak merezi izan dute.

Txanpinoi-kremetan laginik ez zen bereziki nabarmendu: Knorr, Maggi eta Gallina Blancak bosna puntu atera zituzten. Calnort 4 puntutan geratu zen, kremaren loditasuna, txanpinoi-zapore ahulegia eta osagai honetako puska urriegiak medio. Oilasko-zopa fideodunetan kalitate-prezio erlaziorik hobenena Maggik eskaintzen duen bitartean, txanpinoi-kremetan inork ez du irabazi domina hau.

Nutrizio aldetik, urri-urriak.

Oilasko-zopa fideodunaren %91tik %96ra bitartean estraktu lehor edo sustantzia lehorra da, hots, produktu honen hezetasun ugaria desagertu ondoren geratzen den gaia; nolanahi ere, zopetarako produktu deshidratatuei buruzko arauak gutxienekotzat xedaturik duen %84tik gora daude balore horiek. Gatzari dagokionez, %9tik (Maggi) %14ra (Calnort) bitartean dago, arauak, gehienez ere, %50erainoko gatza baimentzen duelarik. Koipe edo gantza %3,9tik (Gallina Blanca) %7ra (Calnort) bitartean dabil, eta arauak gehienez ere %20a baimentzen du. Beraz, estraktu lehorrari eta gantzari dagokionez, zopek ongi betetzen dute araua: honek, beste atal batean, estraktu lehorrarekiko guztirako nitrogenoak gutxienez %1,5 izan behar duela dio. Zopa guztiek hortik gorako baloreak erakutsi dituzte, Knorren %1,9tik Maggiren %2,5era arte. Nitrogenoaren jatorria proteinak direnez, zenbat eta nitrogeno gehiago, orduan eta proteina ugariago dagoen seinale. Horrenbestez, Knorr da proteina gutxien ematen duena eta Maggi, berriz, gehien duena.

Zopa hauek litro bat uretan urturik kontsumitu ohi direnez, gantz-, proteina- eta gatz-kontzentrazioa produktu prestatuarekiko kalkulatu dira. Baloreetan gora-beherak hautematen dira (zorroaren pisua ere aldatu egiten delako, lagin batetik bestera). Zopa-litroko, gatz kopurua Maggiren 7,4 gramotik Calnorten 11 gramo bitartera doa. Gantz-edukirik altuena Calnortek eta apalena Gallina Blancak agertu dute. Maggik dauka proteina gehien eta Gallina Blancak, azkenik, gutxien.

Txanpinoi-kremak ere, berdintsu.

Legeriak, kremen berariazko atalik bereizi ez duenez, lau txanpinoi-kremen kasuan, zopei zegozkien neur-muga berak hartu dira kontuan. Estraktu lehorra, denetan, xedatuta dagoen gutxienekoa baino altuagoa da. Guztirako nitrogeno, gantz eta gatzaren portzentaiak ere zuzenak dira denetan, Knorren izan ezik: honen estraktu lehorrarekiko nitrogeno-edukia, legezko gutxienekoa baino pittin bat txikiagoa da. Gatz-edukirik handiena Maggik erakutsi du: 13 gramo litroko, eta txikiena Calnortek: 7 gramo. Maggirena da, era berean, gantz eta proteina gehien erakutsi dituen lagina. Gantz gutxien daukana Gallina Blanca eta proteina urrienekoa, Knorr. Zopa eta krema hauek ugarien dutena, ordea, karbohidratoak dira: hauen iturria fideoak, fekulak eta irina dira. Horrela bada, oilasko-zopa fideodunek 50 gramo karbohidrato izaten dituzte litroko eta txanpinoi-kremek 50 gramo.

Ur-eduki handia dela bide, zopa eta krema hauen ekarpen kalorikoa urri-urria da: 40 - 60 kilokaloria 200 mililitroko errazio bakoitzeko, alegia.

Txanpinoi-kremek zopek baino proteina gutxiago eta gatz eta gantz gehiago dute, baina bietan karbohidrato-edukiak eta ekarpen kalorikoa berdintsuak dira. Krema eta zopen bitamina eta mineralen edukiak, azkenik, arrunt apalak dira: beraz, janari prestatu deshidratatu hauek ez dira mikronutrigarrien iturri oparo.

B1, B2, B3 eta D bitaminen arrastorik bakarrik hauteman da. Mineraletan, (gatzeko) sodioa dugu nabarmentzekoa; potasioa eta fosforoa dezente atzetik datozkiola. Bi produktuen kolesterol-edukia ere apala da.

Glutamato ugari. Aditiboei buruzko arauak, honelako produktuko 10.000 miligramoraino baimentzen die honelako janariei litroko: kopuru hau altuegia da, glutamatoa zaporearen indarkari hutsa baita, hau da, kalitate oneko lehengaiak erabiliz gero, alferrikakoa litzateke.

Zopa eta krema hauetako glutamatoaren kontzentrazioa (erabili, denek erabiltzen baitute), arauak onartutakoa baino txikiagoa da. Edukirik garaiena Calnort oilasko-zopan aurkitu zen (3.000 miligramo litroko) eta apalena, berriz, Knorren txanpinoi-kreman (1000 miligramo litroko). Zortzi laginetako osagaien zerrenda goitik behera ikusirik, beste zerbait egiaztatu dugu: fabrikatzaileek bestelako aditiboak ere baliatzen dituztela aitortu izana, baina hauen erabilera aurrenekoena bezain alferrikakoa da, arrazoi beragatik. Gallina Blancak koloratzaileak ezarri ditu bai kreman baita zopan ere, eta Knorr eta Maggik, aldiz, txanpinoi-kremetan. Gallina Blancako laginaren kolore iluna gaitzetsi egin dute dastatzaileek.

Etiketak, ongi. Etiketan derrigorrez adierazi beharreko datu guztiak agertu dituzte denek: produktuaren izena, osagaien zerrenda, elikagaia prestatzeko modua, fabrikatzailearen izen eta helbidea, lote-zenbakia, kontsumo egokiko data eta produktuaren pisu garbia, alegia. Datu hau dela eta, egiazko pisua adierazitakoa baino handiagoa da bai zopa, bai kremetan. Nahitaez adierazi beharreko datuez gain, Gallina Blanca eta Calnortek bere produktuak toki fresko eta ilunean gordetzea aholkatzen dute eta Gallina Blanca, Knorr eta Maggik nutrizioari buruzko informazioa ere erantsi dute.

Ahoan, eskasak. Dastaketara aurkezteko, bai zopak bai kremak egosteari dagokionez, fabrikatzaileek kasuan kasurako aholkuak bete ziren. Oilasko-zopa fideodunean itxura (kolorea, fideoaren lodiera, bestelako osagaien pusketen agerpena) oilasko eta haragi-kontzentratuaren usain eta zaporea testatu dira. Dastatzaileek, itxurari baino garrantzi handiagoa eman diote ahogozoari. Kolorez ez oso bizia, fideo finak, oilasko-gustu sendoaren aldeko eta haragi-kontzentratuaren gustu sendoegiaren aurkako zaletasunak agertu zituzten.

Maggik bakarrik (6 puntuz), aprobatu zuen oilasko-zopa fideodunetan. Beste hirurak ez ziren aprobatura iritsi. Maggi da dastatzaileen batez besteko gustura gehien gerturatu zena, kolore hori ez biziegia, fideo fin eta oilasko-zapore sendoa erakutsi zituelako. Gallina Blancaren (4 puntu) fideo finegiak eta oilasko-gustu ahula ez ziren atseginak gertatu. Knorrek (3 puntu) oilasko-gustu eskasa eta, dastatzaileen aburuz, lodiera desegokiko fideoak zituen. Bi lagin hauetan, haragi-kontzentratuaren zaporea zen nabarmena eta Calnorten (3 puntu), kolore ilun-ilunekoa, haragi-kontzentratuaren usain eta zapore bete-beteak zigortu ziren.

Txanpinoi-kremetan, berriz, itxura (kolore polita, krematsu izatea, pusketak agertzea), usaina, zaporea (txanpinoiarena, haragi-kontzentratuarena) eta ahoaren baitako ukimena (pusketen agerpena, pusketen tinkotasuna, krematsua izatea).

Garrantzirik handiena, txanpinoi-usain eta -zaporeari (hemen ere, haragi-kontzentratuaren zaporea zigortu zen) eta txanpinoi-pusketen tinkotasuna. Kolore ez biziegiko krema nahiago izan zuten dastatzaileek, ahoan tinko zirauten txanpinoi-pusketa ugariz hornitua. Txanpinoi-kremen emaitzak dastaketan apalak izan ziren, baina oilasko-zopa fideodunenak baino hobexeak. Gallina Blanca, Knorr eta Maggik bosna puntu eraman zituzten bitartean, Calnort izan zen balore txikiena lortu zuena (4 puntu).

Aipaturiko hiru lagin horien kolore eta usaina izan ziren atseginak, baina, txanpinoi-zapore sendoa (eta haragi-kontzentratuaren tejo ahula) izan zen bereziki gustatu zena. Calnortenean, txanpinoi-gustu ahula eta haragi-kontzentratuaren tejo nabarmena aurkitu ziren; honen kolorea, gainera, biziegia zen. Kremaren lodiegia eta txanpinoi-pusketa urri eta guriegiak ere, ez zituzten atsegin hartu dastatzaileek.

Gallina Blancako laginaren ukimen krematsua eta usain sendoa gustukoak baziren ere, txanpinoi-pusketa bakanak xamurregi zeuden. Zaporeari kalifikazio ona eman zitzaion, besterik gabe. Knorrek agerturiko txanpinoi-pusketa ugari eta gogorrak atseginak izan baziren ere, kremaren txanpinoi-usain eta -zaporeak puntuazio txikiak lortu zituzten, ahulak baitziren. Maggiko txanpinoien ukimena gustukoa izanik, dastatzaileen iritziz ez zen behar bezain krematsua eta, gainera, txanpinoi-zaporea ahula zen, oso.

Orrialde-zenbaketa


Eduki honen erlazioak

Artikulu honetan

Interesatzen zaizu

Orain paperezkoa ere euskaraz


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto